Cira Crespo
Lauhazka

Beti 36a tokatzen da

2026ko maiatzaren 10a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Josep Lluís Nuñez izan zen Bartzelona futbol taldeko lehendakari ospetsuenetako bat. Nire haurtzaroan ezagutu nuen bakarra, egia esan, 23 urtez iraun baitzuen karguan. Barçako hauteskundeak irabazi zituen lehen aldian polemika sortu omen zen, lehenengo aldia bide zelako lehendakari ez aski katalanista batek irabazten zuena. Nuñez, berez, Barakaldon jaioa zen, eta umetan joan zen familiarekin Bartzelonara bizitzera. Gero, katalan-familia dirudun bateko alabarekin ezkondu zen, eta halaxe, emaztearekin batera Nuñez y Navarro enpresa sortu, eta higiezinen eta eraikuntzen negozioarekin aberastu egin ziren. Garai hartan Bartzelonako eraikuntza lan guztiak bere enpresak egiten zituen.

Dudarik ez izan, horrelako lanak aurrera eramateko, eta, oro har, aberasteko, jakingo duzuenez, jakin egin behar zen (eta jakin egin behar da) Espainiako egitura post-frankistan behar bezala mugitzen. Era berean, katalana izanez gero (eta sumatzen dut, halaber, euskal herritarra izanez gero), jakin beharrekoa zen (eta jakin beharrekoa da) Bartzelonan inoiz ez zuela izango Madrilen gisako enpresari batek izan dezakeen influentzia maila; Bartzelonan ez dela Florentino Perez bat izaterik, alegia. Hau da, Kataluniako negozio-gizon izan nahi baduzu, elite post-frankisten artean mugitzen jakin behar duzu, baita zure tokia zein den ongi ulertu eta horrekin konformatzen jakin ere. Alde horretatik, ez du ematen Josep Lluís Nuñezek oinarrizko arau edo printzipio horietara egokitzeko arazo handirik izan zuenik.

Duela hilabete batzuk Nuñezi buruzko dokumental bat ikusi genuen, eta han agertzen den pasadizo bat deigarri egin zitzaigun (eta, aldi berean, batere sorpresarik ez genuen izan). Dokumentalean kontatzen da nola arbitraje-estamentuarekin egindako bilera batean zenbait klub kexaka hasi ziren Real Madrilen kontra jasotako arbitrajeengatik, eta, hartan, Nuñezek, esan dudan bezala, elite espainolekin tratu arin eta erraza zeukanetako batek, nahi gabe bezala, zera botatzen du: «Kontua da hemen beti 36a tokatzen dela». Eta, segidan, xehe-xehe deskribatu eta gogoraraziko die bilduta dauden gainontzeko hemeretzi klubetako presidenteei nola, antza, Madrilen kontra jokatu behar zuten partidaren aurreko partidan, txartel gorria aterata, Madrilen kontrario izan behar zuen jokalari titularren bat kanporatzen zuten beti, eta nola, horrela, Real Madrilen kontrako partidarako, aurkariak jokalari horrekin ezin izaten zuen kontatu. «Beti 36a tokatzen da, eta erruleta batean beti 36a tokatzen denean, zerbait gaizki dabilen seinale», esan zuen.

Kontua ez da futbolari buruz hitz egitea, baizik eta pasadizoak erakusten digula nola frankismo garaitik dena «ondo lotuta» dagoen, eta hori gauza txikienetan ere ikusten dela; futbol partidu inozo batean, beti, beharrezkoa bada, 36a tokatuko da

Estatu espainolean guztiok ulertzen dugu —ulertu nahi ez dugunean ere—  zer esan nahi duen «36ak». Eta kontua ez da futbolari buruz hitz egitea, baizik eta pasadizoak erakusten digula nola frankismo garaitik dena «ondo lotuta» dagoen, eta hori gauza txikienetan ere ikusten dela; futbol partidu inozo batean, beti, beharrezkoa bada, 36a tokatuko da. Erakusten du partekatzen dugun Estatu honen irudi harroputza, lohitua eta autoritarioa. Alde horretatik, Espainiako Liga post-frankismoaren erakustaldi zoldatsuenetako bat dela esango nuke.

Baina hori, noski, ez da larriena. Larriena da 36a Espainian edozein erruleta motatan tokatzen dela. 36a tokatu zitzaigun 2006an katalanei, Autonomia Estatutua aurkeztu nahi izan genuenean Madrilen, edota lehenago, 2005ean, Ibarretxeri. 2017an, indarrez tokatu zen 36a Katalunian urriaren 1ean. 36ari esker, 155.a ezarri ziguten. Orain, 36ko karta erakusten dute behin eta berriro, Katalunian edo Euskal Herrian gure hizkuntzentzat gaztelaniak dauzkan eskubide berak bermatzen ausartzen garenean.

1936ko uztailaren 18an militar espainiarrek estatu-kolpea eman zuten gobernu legitimo errepublikazalearen aurka. Gerra zibil gogor baten ondoren, 1939an, indar faxistek boterea eskuratu zuten. 1939an, Jose Antonio Agirre lehendakaria Kataluniara sartu zen, Lluis Companys lagun eta kideari lagundu ahal izateko, eta, hitzeman bezala, batak bestearen ondoan zeharkatu zuten muga, triste baina itxaropen apur batekin, agian desastre horrek guztiak ez zuela hainbeste iraungo, eta, agian, Europako indar demokratikoek estatu horretan espetxeratutako demokratei eta nazionalitateei lagunduko zietela sinistu nahiz.

Ez zen horrela izan, eta bai, espero baino luzeagoa eta gogorragoa izan zen, eta gaur egun kosta egiten zaigu neurtzea zenbateraino izan zen tragedia. Zaila zaigu kalkuluak ateratzea, ez dugu denborarik izan, eta are zailago egiten zaigu kalkulatzea jasotzen ari garen ondorioak.

Lluis Companys Montjuic-eko gazteluan fusilatu zuten 1940ko urriaren 15ean; Europan aro garaikidean fusilaturiko presidente legitimo bakarra da. Baina ez da iraganeko kontu bat, noski; gaur egun ere Kataluniako presidentea izatea arrisku lanbidea da. XX. mendean Kataluniako autogobernua berrezarri zenetik gaur arte Kataluniak izan dituen 11 presidenteetatik hiru soilik geratu dira auzipetu, erbesteratu edota exekutatu gabe; hiru libratu dira: Pascual Maragall, José Montilla, eta momentuz, Salvador Illa (PSOE-PSCkoak hirurak, bide batez esanda); beste zortziei oso gaizki joan izan zaie.

Izan ere, Espainian, maiteok, beti 36a tokatzen zaigu.

(ID_13224452) ESPAÑA ANIVERSARIO 1-O
Urriaren 1a gogoratzeko manifestazio baten irudia, Bartzelonan, 2023an. QUIQUE GARCIA / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA