Ismael Manterola
Begiz

Bilboko Euskal Museoa, zabalik

2026ko urriaren 6a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berritu ondoren zabaldutako museo bati buruz idatzi nuen aurreko astean. Irakurleak barkatuko dit museoei buruzko serie hau, baina ekainean zabaldu zuten Bilboko Euskal Museoari buruz idatzi behar dut gaur, nahiz eta arte museoa ez izan.

Bilboko alde zaharrean kokatuta dagoen Euskal Museoa berritze lanetan egon da azken urteetan. Azkenean, hori ere aurten zabaldu dute, eraikina goitik behera aldatu ondoren. Euskal kulturari eskainitako museoa zen lehen, eta orain ere bada, eta zabaltzeko eta berritzeko premia zuela ezin da ukatu. Hala ere, hainbeste diru gastatu eta berritze lanak egin ondoren, ez duela helburua bete iruditzen zait, ez behintzat bisitarientzat ikusgai dauden bildumetarako toki gehiago izatekoa. Beharbada, ikusgai ez dauden areto eta espazioak, adibidez, bulegoak edo biltegiak, txukunago geratuko ziren, baina harrituta geratu nintzen ikusgai dagoen bildumak eraikin zaharrean baino tarte gutxiago duela konturatzean.

Zaila da ulertzea eraikinerako hartu diren erabaki arkitektonikoak, adibidez, hiru solairu elkartzen dituen albo bateko hutsunea; espazioa galtzeaz gainera zertarako balio duen ez dago batere argi. Orokorrean, klaustroaren inguruan ez dagoen eraikinaren aldearen berrantolaketa ulertezina da, garesti izateaz gainera, ez duelako konpontzen espazio faltaren arazoa eta, alderantziz, erakusteko zailtasunak gehitzen dizkio. Egurrezko egitura ederra dela onartu arren, ez dirudi beste ezertarako balio duenik.

Horrekin batera, kanpoko hormari eta barruko paretei eman zaien bukaera latz koskorduna eta kolore okre iluna ez da batere egokia erakusgai jarri behar den bildumarentzat. Adibidez, film zatien proiekzioak ez dira ondo ikusten ehundura ez leuna eta kolorea duen paretaren gainean; beraz, 1929an filmatutako El mayorazgo de Basterretxe-ren proiekzioa tortura bat izan zen. Gauza bera gertatu zitzaidan bertsolaritzari buruzko film laburrean, egurrezko hondo batean proiektatzeak egurraren zainak lausotzen baitzituen.

Azkenik, hirugarren solairuko espazio zabala behin-behineko erakusketei eskaini diete. Ekimen polita, museoko bildumarekin lan egiteko proposamena egin zaiolako Ra Asensi artista garaikideari. Uhinak izeneko erakusketa museoko atalik interesgarrienetakoa izan zela onartu behar dut, baina ez hainbeste arte erakusketa delako, baizik eta museoan bertan gordetzen den objektu bati buruz asko ikasi nuelako.

Badakit jende asko Guggenheim museora eraikina ikusteko asmoarekin joaten dela, ez dut uste gauza bera gertatuko denik Euskal Museoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA