Zinema estreinaldiak

Bueltan datorren biolentzia

Mendekuaz eta biolentzia zurrunbiloaz hitz egiten du Jafar Panahi zinemagile irandarraren azken lanak, 'Un simple accident' thrillerrak.

Jafar Panahi zuzendariaren 'Un simple accident' filmeko irudi bat.
Jafar Panahi zuzendariaren 'Un simple accident' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaua da, eta familia bat autoan doa: gizona gidari, haurdun dagoen emakumea aldamenean, eta neskatila bat atzeko eserlekuan. Zerbaitekin talka egiten dute, eta gizona begiratzera irteten da. Txakur bat harrapatu dute. Istripuak arazoak eragiten dizkio autoari, eta, beraz, Vahidek lan egiten duen tailerrera eramango du autoa familiak. Hara iristen direnean, Vahidek ezaguna egiten zaion zarata bat entzungo du halako batean: hanka protesiko batek egindako hots bat. 

Vahid ohartuko da autoa konpontzera joan den gizona preso zegoelarik torturatu zuen inspektorea dela, eta mendeku bila hasiko da. Hurrengo egunean, furgoneta hartu, eta gizona bahituko du mekanikariak, baina zalantzak sortuko zaizkio orduan: benetan hura al da egunero ordu luzez eta begiak estalita zituela bera torturatzen zuen gizona? Ziur egoteko, torturatzaile bera zaukaten pertsonen bila joango da Vahid, norbaitek ezagutuko duelakoan.

Jafar Panahi zinemagile irandarrak hamabost urte zeramatzan nazioarteko zinema jaialdi batera joan gabe, debekatua baitzuen bere herrialdetik irtetea. 2010. urtean atxilotu zuten lehen aldiz, erregimenaren oposizioaren buru zen Mir Hosein Musavi babesteagatik. Sei urteko kartzela zigorra ezartzeaz gain, filmak egitea eta herrialdetik irtetea debekatu zioten hogei urterako. Orduantxe hasi zuen Panahik debekuez gaindiko filmen garaia, kritika politikoz betea. Lehena This is Not a Film izan zen, 2011n bere etxean grabatutakoa. Ondoren iritsiko ziren Taxi Teheran, kalera irteteko debekuaren aurrean taxi batetik irten gabe grabatu zuena, eta Trois visages eta No Bears filmak, Turkian grabatuak bi-biak.

2022. urtean kartzelan sartu zuten berriro ere, 2010eko kondena betearazteko. 2023an irten zen, eta herrialdetik ateratzeko debekua kendu zioten. Un simple accident-ekin Cannes jaialdiko alfombra gorrian izateko aukera izan zuen, eta filmik onenaren Urrezko Palma eskuratu zuen hari esker. 

Ikusi gehiago

Thrillerraren, dramaren eta umorearen artean nabigatuz, Un simple accident-ek biolentziaren eta mendekuaren inguruan hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. Genero batetik bestera salto eginez, filmaren tonuarekin jolas egiten du Panahik, zentzugabekeriatik errealitate gordinera igaroz, umore beltza alde batera utzi gabe. Erregimen baten biolentziaren eraginei aurre egiten saiatzen ari diren pertsonaien kontakizuna da Un simple accident, aurre egite horren askotariko inplikazioak mahai gainean jarriz. 

'Un simple accident'

Zuzendaria: Jafar Panahi. Gidoilaria: Jafar Panahi. Aktoreak: Ebrahim Azizi, Madjid Panahi, Vahid Mobasseri, Mariam Afshari, Hadis Pakbaten. Argazkia: Amin Jaferi. Generoa: thrillerra. Urtea: 2025. Iraupena: 105 min. Herrialdea: Iran. Estreinaldia: urriaren 17an estreinatuko da Hegoaldean.

Beste estreinaldi batzuk: 

(ID_17600781122465) Daniel Guzman zuzendariaren La deuda filmeko irudi bat.
Daniel Guzman zuzendari espainiarraren La deuda filmeko irudi bat —aktore ere aritu da lanean—.

'la deuda'

Zuzendaria: Daniel Guzman. Gidoilaria: Daniel Guzman. Aktoreak: Daniel Guzman, Itziar Ituño, Susana Abaitua, Rosario García, Luis Tosar. Argazkia: Ibon Antuñano. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 115 min. Herrialdea: Espainia.

Lucas 47 urteko gizona eta Antonia adineko emakumea hiriko erdiguneko pisu batean bizi dira. Zailtasun ekonomikoak dituzten arren, Lucas eta Antonia maitasunez, ilusioz eta umorez bizi dira, baina inbertsio funts batek eraikina pisu turistiko bihurtzeko eskuratuko du. Lucas etxea ez galtzeko behar den dirua lortzen saiatuko da. Ordea, erabaki oker batek bizitza aldatuko die.

 

'8-ban deguchi' (The Exit 8: The Movie)

Zuzendaria: Genki Kawamura.

Gidoilariak: Genki Kawamura. Bideojokoa: Kotake Create. Aktoreak:

K

azunari Ninomiya, Yamato KĂ´chi, Nana Komatsu, Naru Asanuma. Argazkia: Keisuke Imamura. Generoa: beldurrezkoa. Urtea: 2025. Iraupena: 95 min. Herrialdea: Japonia.

Pertsona anonimo bat metro geltoki batean dago, bukle batean harrapatuta. Normaltasunetik at dagoen zerbait ikus-eremuan agertzen ez zaionean bakarrik egin dezake aurrera... edo, bestela, hasierara itzuliko da, leku horretatik ihes egiteko aukerarik gabe. The Exit 8 bideojokoan oinarritutako filma da.

 

'After the Hunt'

Zuzendaria: Luca Guadagnino. Gidoilaria: Nora Garrett

. Aktoreak: Julia Roberts, Ayo Edebiri, Andrew Garfield, Michael Stuhlbarg. Argazkia: Malik Hassan Sayeed. Urtea: 2025. Iraupena: 139 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Unibertsitateko irakasle bat bidegurutze pertsonal eta profesional batean dago, ikasle on batek bere lankideetako bat salatu baitu. Gertakizun horrek iraganeko sekretu ilun bat aterako du argitara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.