begona del teso
Eppur si muove

Eguzki-galdatan, ikuslea arriskuan

2026ko abuztuaren 21a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoiz egin al duzue gogoeta? Badago jende saldoa bere burua erdiko klasekotzat duena. Ez dakite, gaixoek, prekaritatean bizi direla, egiten dutela behar. Bai, baliteke erabat zaurgarri-zaurgarriak ez izatea. Bai, baliteke trajez jantzita bulegora joatea. Bai, baliteke bankuak luzaturiko finantzamendu arraro baten bidez kotxe hibridoa erosi berri izatea. Bai, baliteke banaketarako kooperatiba batek aspaldian sortu eta ez horren aspaldian handiago bati saldu zion bidaietarako departamenduaren bidez negoziatutako txango nazioarteko bat (Vietnamera, adibidez) egin izana, baina sentitzen dut, adiskide, behe-klasekoa zara. Berdin du lehen sektorean, bigarren sektorean ala hirugarren sektorean jardun. Bost artista, torero, karrerista, intelektual edo filosofo izatea, gizartearen behe-mailan zaude.

Badakizu zergatik dakigun besteok zure gizarte-kategoria? Alde batetik, sehaska berberekoak garelako, hemen inor ez baita ez Aitorren semerik ez Albreteko Joanaren alabarik. Bada beste froga bat, ukaezina hau ere: abuztuan hartu dituzu oporrak! Goi-mailako inork ez ditu orain egiten bakazioak. Ikusi al duzu inoiz zuzendari exekutiborik izerdi-patsetan abuztuaren 15ean, lepo dagoen hondartza batean?

Prekaritatearen ertzetan bizi eta behar egiten dutenek baino ez dituzte oporrak hartzen urtearen zortzigarren hilabetean. Behartuta hartu ere, itxura gozoa eta portaera garratza duen eguneroko kapitalismoak hala egiteko agindu digu, eta guk esandakoa bete. Sistema ere, kulpante: haurtzaindegiak, ikastolak, lizeoak, unibertsitateak itxita, gurasoek bai ala bai oporrak hartu behar. Hornitzaileak bakazioetan, han eta hemengo enpresek deskantsua hartzeko eskatzen (exijitzen) dizute. Bai ala bai. Beraz, abuztuan denak prakamotzetan, denak beltz-beltzak.

Ikusi al duzu inoiz abuztuan moreno dagoen ikuskizun munduko izarrik? Ez! Lurrean kondenatuak baino, langile tristeak, jende esklaboa baino ez daude gaur oporretan (ez egin negarrik, okerragorik baitago munduan, izan zintezke behargile autonomoa, kapitalismo xuabeak ekintzaileak deitzen dien horietakoa, bakaziorik ez orain ez martxoan ez duten horietako kide...).

«Abuztu hitza izenburuan duten film gehienek min ematen dute. Esaterako... Jonas Truebak zuzenduta, Itsaso Aranak idatzi eta antzeztu zuen La virgen de agosto eder hark»

Derrigor hartu beharreko opor hauek paisaiatzat hartzen dituzten pelikulak berezi samarrak dira. Estrainioak. Perilosoak. Sinetsarazi digute (oraingoan ere sistema eraiki zutenek) eguzkia gure alde, gure mesedetan dagoen izarra dela. Unibertsoko izugarriena zela sinetsarazi ere. Zientzialariek egia aurkitu zuten aspaldian, ordea: besteekin konparatua maila gutxiko izarra dugu, bost mila milioi urte barru itzaliko dena… Bai, bizitza gordetzen du eguzkiak planetan, baina zinemari dagokiola, maleziaz gainezka diren pelikulak eragiten ditu. Maleziaz, malenkoniaz ere. Zergatik? Abuztuak 31 egun baino ez dituelako (eskerrak) eta irailaren 1ean denok konturatuko gara zeinen zaurgarriak izan garen oporretan, zeinen bizimodu prekarioa dugun udazkenaren atarian.

Abuztu hitza izenburuan duten film gehienek min ematen dute. Esaterako... Jonas Truebak zuzenduta, Itsaso Aranak idatzi eta antzeztu zuen La virgen de agosto eder hark. Esaterako, Bette Davis, Lilian Gish eta Vincent Price protagonista izan zituen 1987ko The Whales of August handi horien guztien despedida ezin hobea izan zen hark. Esaterako, horren iluna suertatzen zen Meryl Streepen eta Julia Robertsen August-ek.

Nik uste, aitortzen ez badugu ere, jakin badakigu abuztua ez dela kontatu diguten hilabete zoragarria. Abuztuan hil zen (zuten?) Marilyn. Abuztuan bota zituzten bonbak Hiroshima eta Nagasakiren gainean. Abuztuan dago kokatua Chema de la Peñaren Días de agosto, gure karteldegiaren zirrikitu batetik sartu den filma. Ziur naiz askoz hobea izan zitekeela, Gabriel Velazquezekin batera Chemak tristura abegikorra zerion Sud Express film bikaina egin baitzuen duela 20 urte.

Bai, Días de agosto ez da film perfektua, markaz fuerakoa, baina nire gogoetari ematen dio desiratu sostengua; pertsonaiek zabar jokatzen dute piszinan, terrazan, itsasaldeko kostaldean. Oporretan daude pertsonaiak, bai, baina nork esan digu Patuak, Zoriak, Halabeharrak, gure beldurrek, gure barruko ajeek, Herioak berak, oporrak hartzen dituztela aste hauetan?

Eguzki-galdatan, su hartuko dute gure erraiek, gure begiek. Lasai, iraila hor dago, bueltan.

Chema de la Peña zuzendariren Dias de agosto filmeko irudi bat.
Chema de la Peña zuzendariren Días de agosto filmeko irudi bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA