Haizea Barcenilla
BEGIZ

Emakumeen ezabatzea (II)

2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Ekainean utzi gintuen Françoise Gilot artistak. 101 urte zituen: bizitza oparoa izan zuen, pertsonala zein artistikoa. Pintore bikaina, bere lanak New Yorkeko Metropolitanen eta Parisko Pompidou zentroan daude, besteak beste. Aitzitik, gehienok ez dugu bere obragatik ezagutzen, Picassorekin izan zuen harremanagatik baizik; are, hura kontatzeko idatzi zuen liburuagatik.

Aurreko zutabean Eileen O'Saughnessyri buruz mintzatu nintzen, Orwellen emazteaz. Eileenek ez zigun bere bizitzaren kontakizunik utzi; Anna Funderrek berreraiki behar izan digu. Gilotek, aldiz, ezabatua izango zela jakinik, bere historiaren aldea kontatzeko aukera probestu zuen, eta artistarekin bizitako hamar urteak ekarri dizkigu Nire bizitza Picassorekin liburuan.

Eileen bezala, hasieran misio eder batean sentitzen zen Françoise, bere bizitza arte-ekarpen zoragarriak ekoizten laguntzera eskainita. Hortaz, Eileenek bezala, eguna Picassoren beharren arabera antolatzen zuen. Goizeko seietan esnatzen zen estudioko sua pizteko, Picasso lo zegoela, eta ordu bietan zihoan lotara, egunean egindakoa berarekin eztabaidatzea gustatzen zitzaiolako berandu arte lanean zebilen Picassori. Tartean zeuden orduetan, Gilotek Picassoren eskutitzei erantzun, galeristekin harremana mantendu, materialak erosi, lanen bidalketak antolatzen zituen. 25 urte zituen Gilotek, 65 Picassok, eta artista aberats eta famatua zen dagoeneko; kudeaketa lana ez zen gutxi. Aldiz, neskame batek egiten zizkien etxeko lan gehienak, eta horri esker, arratsaldeetan ordu pare batez margotzea lortzen zuen Françoisek.

Laguntzaile eta idazkari lanez gain, Picassoren nartzisismoa elikatzen galdu behar zuen energia da, agian, txundigarriena. Adibidez, altxatzea kostatzen zitzaion Picassori, eta goizero ordubete ematen zuen Gilotek gosaria ohera eraman eta zein artista bikaina zen esaten, munduak behar zuela bera altxa eta lanera joan zedin.

Hainbatetan, harremanean ezeroso sentitu zen Gilot. Lehenengo bietan, Picassok umeak izatera bultzatu zuen, horrekin burua okupatuko zuelakoan. Hirugarrenean, berriz, Gilotek alde egin zuen. Picassok espero bezala ordaindu zion: bere gauzak suntsitu zituen (artelanak barne), bere galerian zein erakusketetan Gilot egotea debekatu zuen. Handik gutxira, AEBetara alde egin zuen Gilotek. Eta burua okupatzeko izan zituzten bi ume horiek, Paloma eta Claude, oinordekotzarik gabe utzi zituen Picassok Gilotek liburua argitaratu zuenean. Egun, biolentzia bikarioa deitzen zaio horri.

Bizirautea eta leku propio txiki bat izatea lortu zuen Gilotek, baina, hala ere, historian behin eta berriz da ezabatua. Horren eredu da Guggenheim museoan dagoen Picassoren erakusketa. Harekin itxiko dut hurrengo zutabean ezabatzeen serie hau.

Ikusi gehiago:Emakumeen ezabatzea (I)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.