benat sarasola
Lauhazka

Espainiako Sari Nazionalak euskaraz

2025eko azaroaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez naiz ni izango Espainiako Literatura Sari Nazionalak bipilki defendatzen hasiko naizena, nahiz eta aurten Leire Bilbao eta Xabier Olarra adiskideek lortu dituzten Haur eta Gazte Literaturakoak eta Itzultzaile baten Obrarikoak, hurrenez hurren, biziki poztu nauten. Ez naiz defendatzen hasiko literatura sariek berez duten parafernalia eta bestelakoez gain, Espainiako Literatura Sari Nazionalak bereziki izaten direlako, maiz, jauregiko xextren emaitza. Gugandik hasita, gainera. Euskaltzaindiak izendatzen ditu kategoria bakoitzeko euskal epaimahaikideak eta behin baino gehiagotan joan izan da hara Andres Urrutia euskaltzainburua bera, zeinak, asuntoan pixka bat ibili den edonork dakienez, literaturari eta literatura ikasketei egin dien ekarpena hutsaren aurrekoa baita. Ezin bestela, noski, bizitza laburra da eta ezin denean aritu eta aditu izan. Hori bai, gaur egun inpostore sindromea erauzi beharraz mintzatzen delarik, batzuetan pentsatzen dut zenbaiti ondo etorriko litzaiekeela harenetik dosi apur bat.

Kontua da dezente asaldatu ninduela Leire Bilbaok jasotako sariaren harira Sergio del Molino idazleari sare sozial batean irakurri nion mezuak, hainbeste ezen erret akademia oro eta Espainiako ministerio txit agurgarriak defendatzeko pronto jarri bainintzen. Horrela zioen Del Molinok idatzitakoak:

«Gutxienez harritzekoa da gehiengo nabarmenaz kide ez-euskaldunez osatutako epaimahai bat gai izatea irakurtzeko eta balioesteko liburu bat zeina euskaraz idatzi eta espainierara itzuli gabea baita. Epaimahaiko hamabost kideetatik batek bakarrik dirudi dituela euskal hiztun natiboaren gaitasunak (Fermin Erbiti Zabalzak, Euskaltzaindikoak), eta beste bi beste neurri batean izan litezke konpetente (Emilio Andreu Bilboko kazetaria eta Asuncion Maestro Pegenaute liburuzaina, liburutegi nafarrak zuzendu zituenak eta, bere lanagatik, euskara pixka bat jakin beharko duenak). Sutan jartzen dut eskua beste hamabi kideek ez dakitela ezta eskerrik asko esaten ere. 

Nola saritu dezakete irakurri ezin duten liburu bat? Atzo Pedro Sanchezek gardentasunaz hitz egin zuen. Ondo legoke kultur ministerioak esplikatuko baligu nola erabakitzen diren sari horiek eta nola balioztatzen diren epaimahaiko hamabi kidek irakurri ezin dituzten liburuak». 

Baiki, ondo irakurri duzue, zakurra ere sartu zuen potajean. Mezu horrekin, ez zuen soilik ezjakintasun nabaria erakutsi Nafarroako lanpostu publikoen hizkuntz eskakizunen inguruan, baita sarion funtzionamenduaren inguruan ere. Izan ere, euskal ordezkariak (katalan eta galekoek bezalaxe), bere aburuz urte horretan euskaraz argitaratu den ale onena (batzuetan bi ere bai) eramaten du hautagai moduan, eta Espainiako ministerioak haren espainierarako itzulpena ordaintzen du. Hots, Del Molinoren aieruen kontra, epaimahaiko kide guztiek izaten dute obra irakurtzeko aukera, gehienek itzulpenez, hori bai, nahiz eta itzulpena oraindik argitaratua ez izan. 

Espainieraz idatzitako liburu guztiak hautagai diren bitartean, hizkuntza periferikoetan idatzitako bana edo, gehienez, bina izaten dira hautagai, eta presaka egindako itzulpen bidez gainera. Aitzitik, auskalo zergatik horietakoren batek irabazten duenean, luze gabe hasiko dira kuotak direla, politikoki zuzenaren ajeak direla edo, deskuiduan, are zakurraren eta Puigdemonten arteko jukutrien itzal luzea ere aipatzen. Bistan da, pribilegiatua gutxirekin sentitzen da diskriminatu. 

Espainieraz idatzitako liburu guztiak hautagai diren bitartean, hizkuntza periferikoetan idatzitako bana edo, gehienez, bina izaten dira hautagai, eta presaka egindako itzulpen bidez gainera. Aitzitik, auskalo zergatik horietakoren batek irabazten duenean, luze gabe hasiko dira kuotak direla, politikoki zuzenaren ajeak direla edo, deskuiduan, are zakurraren eta Puigdemonten arteko jukutrien itzal luzea ere aipatzen

Deigarria da pare bat galderarekin errazki argitu zezakeena argitu ordez ordenagailua piztu eta sare sozialetan purrustada bota izana. Mezuak, esan gabe doa, atsegin dut eta erantzun bihotz-altxagarri saldoa jaso zuen: «Marrazkitxoengatik izan da» batek, «Oso ausarta zara, Sergio, miresten zaitut» besteak, «Sen onaren putzua zara» hirugarrenak. Garaiaren adierazgarri da: hobe hanka sartu eta maltzurkerian aritu baina parrokiaren txaloak jaso, gauzak ondo egin eta inor ez enteratzea baino. Hor jarraitzen du bere mezuak, zuzenketarik gabe batere; inoiz ez baita berandu norberaren aurreiritzi eta handikeria linguistiko-literarioak azaleratzeko. 

Orain aste gutxi, Del Molinok Benjamin de Tudela nobela saria jaso du Los alemanes liburuagatik. Zorionak ez ezik zorionekoa zu, Sergio. Izan ere, sariketa horretan Lingua Navarrorum-ez idatzitako liburuak ere hautagai izango balira, eta ez soilik espainieraz idatziak, hor egongo ziratekeen, besteak beste, Franceso Pasqualeren bosgarren arima, Pleibak, Lanbroa... Eta ez da zu desanimatzeagatik, baina zakuan haiek egotera ez zenukeen hain erraza izango Tuterako Benjaminen loriaren ederra dastatzea. 

(ID_15388723) LITERATURA PREMIO
Leire Bilbao idazlea, artxiboko irudi batean. TVARIOS 23HONDAKINAK / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.