Ismael Manterola
Begiz

Galerien ibilbidea

2026ko otsailaren 16a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko artikulua arte galerien grebari eskaini genion. Astebetez itxita egon arren, ez dakit grebak arrakasta handirik izan zuen edo ez, baina komunikabideetan oihartzuna izan zuela uste dut. Harrituta entzun eta ikusi nituen gaiari eskainitako berriak, uste baino tarte handiagoa eskaini baitzioten gizartean toki txiki samarra duen sektore horri.

Hemendik aste gutxira Madrilgo Arco azoka izango da, eta berriz ere arte galeriek Espainiako komunikabideen arreta jasoko dute. Harrigarria bada ere, Hego Euskal Herrian Madrilera begira jarriko gara artearen ikuskizun mediatikoenetako bati garrantzia emateko. Hala ere, gure artean galerien egoera ez da oso ezaguna. Askotan gertatzen den moduan, urtean behin komunikabideetan azaldu eta gero betiko ezkutatuko dira.

Artea ikustea gustatzen zaigunontzat galeriek toki berezia betetzen dute. Behin baino gehiagotan artista batzuen lana edo proiektu zehatzak ezagutzeko bide bakarra izaten dira. Museo edo arte zentroekin alderatuta, erakusketa monografikoagoak izaten dituzte, eta artistak momentuan egiten ari diren azken lanak ezagutzeko balio dute. Adibide moduan jar ditzaket azken egunotan Bilbon bertan arte galerietan barrena egindako bisitaldiak. Bilbo Zaharrean dagoen Marzana galeriatik hasita eta Carreras Mugica galerian bukatuta, Solokoetxeko La Taller galeriatik pasatu ondoren, gaur egungo bertako artisten laginak ikus ditzakegu. Marzanan dauden Abi Lazkozen paper gaineko lanek ondo erakusten dute artistaren bilakaera; gauza bera gertatzen da La Tallerren dauden Miriam Isasiren eskulturekin. Aldaketak eta jarraipenak agerikoak dira bi artisten lanetan, batzuetan harritzen gaituztenak, besteetan logikoagoak ikusten ditugunak.

Azkenik, Carreras Mugican erakusgai dauden Alberto Peralen eskulturek beste belaunaldi bateko artista baten azken lanak gozatzeko aukera ematen dizkigute. Onartu behar dut aspaldian Peralen eskulturak ikusi gabe nengoela, eta oso interesgarria iruditu zitzaidala haren lanak hartu duen norabidea. Bartzelonan bizi dela urteak badira ere, Euskal Herriarekin lotura mantentzea eskertzeko modukoa da.

Ibilbidearen bukaeran, neure buruari galdetu nion ea bezero nahikoa izango ote duten kultur eragile moduan galeriek egiten duten lanari jarraipena emateko. Agerikoa da galeriak zabalik mantentzeko artea saldu egin behar dela, baina erosleak izango al dituzte erakunde publiko, pribatu eta partikularren artean?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA