Haizea Barcenilla
Artez

Guggenheim eta nahasmendua

2024ko urtarrilaren 30a
05:05
Entzun

Nahasita nago Guggenheim Urdaibai proiektuarekin. Talde ekologista eta herri mugimenduen gainetik museoa «bai edo bai» egingo zela etengabe aldarrikatu ostean, bat-batean badirudi bi urtez lugorrian utziko duela EAJk egitasmoa. Badirudi diot alderdian ados jartzen ez direla agerikoa delako: Urkullu eta Etxanobe proiektua stand by-n geratzen zela adierazten agertu bezain laster, hortxe atera ziren Ortuzar eta Atutxa ziurtatzera tramiteek aurrera jarraitzen dutela eta museoa egingo dela. Ez da ulertzen bere burua kudeaketa bikainaren erakusle duen alderdi batek bi urte hartzea proiektu baten «bideragarritasuna» aztertzeko eta, aldi berean, proiektu hori ziurtasunez gauzatuko dela baieztatzea. 

Nahasmenduarekin jarraitzeko, Urkulluk adierazi du ez duela proiektua ezagutzen. Horrek jada erabat jokoz kanpo utzi nau. Jaurlaritzak ez al dizkio Estatuari 40 milioi eskatu (eta baita Estatuak eman ere) proiektu hori gauzatzeko? Nola liteke lehendakariak «bai edo bai» gauzatuko den proiektu estrategiko supergarrantzitsu hori, Busturialde osoa indarberrituko omen duena, ez ezagutzea? Ez al da larritzekoa kargu publikorik ez duten Ortuzarrek eta Atutxak «jakitea» proiektu bat gauzatuko dela, lehendakariak horren berri ez duenean? Zeinek egiten du proiektu estrategikoen plangintza, erakundeek edo alderdi politiko batek?  

Eta galderekin jarraitzeko, proiektuen bideragarritasuna ez da proiektu horiek aurkeztu eta bultzatu aurretik aztertzen? Bideragarritasuna orain aztertzeak ez al du erakusten arduragabekeria ikaragarria, alderantziz egindako prozesua? Alegia, ez al da egin daitekeen eta egitea merezi duen hausnartu gabe erabakia hartua zegoela erakusten duen aitorpena? 

Eta saihestu ezineko galdera: argi geratu da gogoeta eta azterketa ez direla behar zen unean egin, baina atzerapausoa emateko aukera guztien artean, zergatik orain? Badu zerikusirik hauteskunde hitz magikoak? Bizkaian EAJk behera egitea komeni ez den une honetan, uste zuen baino erantzun gogorragoa izan da agian? 

Eta horrekin lotuta, zergatik zehazki bi urteko geldialdia? Zergatik ez bat, edo hiru, edo lau? Edo zergatik ez esan «gogoeta prozesua abian jarriko dugu eta emaitzak ditugunean, dagokiona egingo dugu», epe zehatz bat zehaztu gabe eta prozesuari behar duen denbora emanda? Zoroa izango naiz, baina uste dut badakidala zer gertatuko den bi urte barru: hauteskundeetarako bi urte faltako direla, alegia, nahikoa denbora proiektua martxan jarri eta iskanbila hil dadin. 

Azken galdera bat: Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua da. Berak jarri du proiektua martxan. Lehendakarigai izango zela aldarrikatu zutenetik ez du gaiari buruzko adierazpenik egin. Ez al da bitxia? 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.