Harritu nauen gonbidapen bat jaso dut. Luxuzko gonbidapen bat, esango nuke. Liburuxka itxura du, bi erakusketatara joateko gonbidapena delako eta bi artelanen berri ematen duelako. Kanpotik erliebea duen paper gogor urdin ilunaren gainean marrazki bat ikusi daiteke, Bilboko Arte Ederren Museoak 1970ean zabaldutako eraikinaren aurrealdea da. Hain zuzen, zabaltze lanetan itxita egon den Museoaren zati horren berrirekierara joateko gonbita egitea da gonbidapenaren helburua. Pentsatu dudan lehendabiziko gauza da luxuzko gonbidapen horrek balio duenarekin artista bat urtebetez biziko litzakeela.
Hala ere, materialek eta itxurak ez ezik, mezuak edo edukiak ere harritu nau. Gutunean informatzen denaren arabera, bi erakusketarekin zabalduko dituzte orain dela 50 urte inguru eraikitako aretoak: Ataria izenekoa da bata eta Georg Baselitz pintore alemaniarrari eskainitakoa bestea. Baselitz? Zergatik aukeratu ote dute artista hori Bilboko Museoaren zati baten zabaltze-ekitaldirako? Prentsaurrekoaren zain egon beharko dugu misterioa argitzeko. Gehiegi sakondu gabe, ez dirudi Baselitzek harreman handirik izan duenik Euskal Herriarekin edo eragin berezirik izan duenik inguruko arte giroarekin. 87 urte bete dituen nazioarteko artista ezagunari egindako omenaldi polita izan daitekeela onartu arren, ez al litzateke egokiagoa aurreragoko programazioan sartzea? Beharrezkoa al zen 70eko hamarkadako aretoen zabaltze ekitaldiaren protagonista izatea? Niri behintzat erakusketa eta artista ugari bururatzen zaizkit horrelako data esanguratsu baterako, batez ere museoaren historia eta ibilbidea kontuan hartuta.
Bestalde, museoaren aipatutako pabiloi horri buruz ari garela, harritzeko izan dudan beste arrazoi bat ere aipatu beharko nuke (dagoeneko hirugarrena). Parkera ematen duen eraikinaren kanpoaldeko horman eskailera izugarri bat topatu nuen paseora nindoan egun batean. Goialdean eskegi duten Agravitas izeneko handitze lanen ondorio omen da. Larrialdietarako eskailerak behar omen zituen eta babestutako eraikin bati itsatsita eraiki dituzte. Eskerrak Fosterren plater hegalariak ez zuela eraginik izango museo zaharraren egituran! Gero eta pisutsuagoa den Agravitas proiektua eraikitzeko egindako lanek arrastoa utzi dute, bai gerra ondoren eraikitako museoan, bai 60ko hamarkadan eraikitakoan ere. Kontrakoa esatea agerian dagoen zerbaiten aurrean begiak ixtea da.