Sustraiak Katalunian izanik, mundu zabalera bere esne beltz eta bizia hedatu zuen La Trinca musika taldeak sarri-sarri zera kantatu zuen joan den mendean: «Txerriek hegan eginez gero, ez genuke berriro zerua ikusiko». Guk errepikatu egiten genuen kontzertuetan, esaldiarekin bat gentozelako. Hain ziren (diren) ugariak zerriak (bi hankadunez ari naiz, ari ziren, jakina) lurrean, ze hegan ikustea imajinatzeak ere beldur ematen baitzuen.
Ez zen tronpaturik La Trinca bere distopian, baina handik urte batzuetara zinemak (beti zinemak izan behar…) kontrakoa gerta litekeela frogatu zuen. Ederki asko frogatu ere. 1992an, Hayao Miyazakik egun gure hegoaldeko pantailetan berriro agertu den Porco Rosso filmatu zuen, bere animaziozko inperioa ziren (diren) Ghibli estudioetan. Akuarelaz eta akuareletan eginak direla diruditen imajinetan, zera kontatzen du pelikulak: gerrak (kasu honetan Lehen Mundu Gerrak) ekarri ohi dituen begizko horietako batek txerri bihurtu zuen, Itsaso Adriatikoaren gainetik, abenturazale bat. Gaur hain erromantikoak iruditzen zaizkigun hegazkin gorri horietako batean hegan egiten zuen; bai airean eta bai lurrean piloturik abilena, onena, gizalegetsuena, dotoreena zen.
Munduak onartzen du, penaz baina destainarik gabe, abiadorea zerri hegalari bihurtu izana. Inork, ez arerioek, ez aldekoek, ez du horren gaineko burla edo mespretxu keinurik egiten. Zerria ala gizona izan, lehiakiderik ez du zeruan Porcok.
Zeruan, bai. La Trincak abesti hura kaleratzerakoan ez zuen pelikula honen berririk, ez baitzegoen egina. Beraz, ezin imajinatu zerri batek hegal eginda ere zerua ikusten jarraituko genuenik…
Ur-hegazkinetako garai haietan gizabidetsu jokatzen zuten etsaiek, eta lurrean zirenek ahoa bete hortz eta begiak bete lilura begiratzen zieten hegazkinlariek marrazturiko figura ezinezkoei.
Miyazakiren aitak abioiak fabrikatzen zituen Japonian. Maite zituen makina hegalari horiek Hayaok. Haren filmografia osoari erreparatuz gero, argi eta garbi ohartuko zarete afizio horretaz, askotan agertzen baitira paisaian. Hala eta guztiz ere, amodio horrek min eman zion luzez animazioaren maisuari. Jakin izan baitzuen aparatu miresgarri horiek gerrarako sortuak zirela.
Miyazakiren aitak abioiak fabrikatzen zituen Japonian. Maite zituen makina hegalari horiek Hayaok. Haren filmografia osoari erreparatuz gero, argi eta garbi ohartuko zarete afizio horretaz; askotan agertzen baitira paisaian.
Porco Rosso animaziozko mirari bat da (zuen ondoko aretoan ez badago, ez izan kezka mingarririk, Netflixen baita). Eskuz da marraztua, baina maisuak eta haren lantalde kategoriakoek ez zioten errefus egin teknologiarik finena erabiltzeari. Digitalizazioaren laguntzaz, mugimenduek duten leuntasuna markaz fuerakoa da. Eskuak, berriz, pertsonaien erretratuei kreatura animatu gutxik lortzen duen espresibitatea ematen die.
Casablanca etorriko zaizue etengabe burura. Eta Saint-Exupéry. Printze txikia ere bai. Baroi gorria. Francok izan zuen anaia ezkertiar eta errebelde bat: Ramon. Izango gara Milanen, izango gara Venezian. Emakume balentek inguraturik. Izango gara zinema areto ilun batean. Porco Rosso pelikula bat ari da ikusten. Marrazki bizidunetakoa. Zuri-beltzean. Abiadore batzuk dira —nola ez?— protagonistak. Hurbiltzen zaio lagun bat, uniformeduna. Gaztigu bat eman nahi dio, aurrean duen arriskua handiegia omen da. Lagunak ez du ulertzen zergatik onartu zuen Porcok zerria bilakatzea. Erantzunak profetiko samarra dirudi gaurko mundu gurean eta lehertzear diren garaietan: «Hobe zerria faxista baino».
Batzuk, ordea, biak izan dira bizitzan. Plataformetan baduzue Günter Schwaigerrek egindako Hafners Paradies dokumentala, Valladolideko Seminci jaialdiko Historiaren Garaia saileko sari nagusia eskuratu zuena. Ikaragarria da. Bertan, 83 urteko Paul Hafner aurkezten digu. Badira urteak Madrilen bizi dela. Alemaniarra da. Sasoian da. Nazional-sozialista da. Amorratua. Hitlerren Waffen SSko soldadua izan zen. Nahita sartu zen batailoian. Boluntario. 17 urte zituela. Füherren Mein Kampf liburua buruz (eta bihotzez) daki. Ados dago lerro bakoitzean esaten denarekin.
Askotan biltzen da aspaldiko lagunekin. Batek Gernikaren bonbardaketan hartu zuen parte. Eta ez da damutzen. Vox baino askoz lehenago existitu zen eskuin muturreko Fuerza Nuevako agintari eta kideekin elkartzen da hitzaldietan Paul. Sexuaz, intzestuaz eta giza espeziaren ugaltzeaz ideia bastante beldurgarriak ditu. Eta etxean, Francoren eta Espainiaren aterpe gozoa aurkitu zuen. Belgikako nazi buruzagi nagusia izan zen Leon Degrelleren argazkiak gordetzen ditu. Baita Madrilgo presidentea izan zen Esperanza Aguirre eskuindarrarena ere. Dirutza irabazi zuen Haffnerrek... zerriekin. Alemaniatik ekarritako zerriekin. Urde ia guztiek hamalau saihets dituzte, baina horiek hamasei dituzte, eta besteak baino luzeagoak dira... Dirutza egin zuen Paul naziak zerriekin.
Ikusten? Batzuk lasai eta gustura dira txerri eta faxista aldi berean.
