Udarak neguak baino gutxiago pisatzen du. Arropa arina janzten dugulako izanen da, edo otorduek ere arinetik jo ohi dutelako. Hustu egiten dira langilez ofizinak, berokiz armairuak, umez eguzkipeko kolunpioak. Eta arintasun horrek baimentzen dio bati baino gehiagori liburu potoloekin betetzea egunak, udara arinegi izan eta ez ote digun ihes egingo, edo mardultasun horrek ainguratuko bagintu bezala udako girora. Zorioneko ni, aurten halako bi irakurri ahal izan ditudalako, txukunki euskaratuak gainera: Gramsciren Kartzelako gutunak, Ekaitz Sirventek itzulia, eta Homeroren Odisea, Matias Mujikaren itzulpenean.
Espetxealdiak iraun zizkion urteetan zehar zientoka gutun idatzi zituen Gramscik. Ederrak, bereziki, Errusian bizi diren bere bi semeei idazten dizkienak. Irakurri ahala konturatzen joan nintzen literatura epistolarrak baduela, edo bederen Gramsciren gutunek badutela berezitasun bat, eta da gutunetan sarritan errepikatzen dela informazioa. Modu desberdinean kontatuagatik ere, bitan edo hirutan edo lautan irakur daiteke nola eraman zuten atxilo Ustica irlara, zer bizimodu izan zuen bertan, edota Erromako kartzelako bere errutina. Semeei ere sarri galdera berdinak egiten dizkie («Kontatuko al didazu eskolan zer egiten duzun?», «Bidaliko al didazu txukun egindako marrazkiren bat?»); antzeko erregu eta errietak eskutitz anitzetan. Eta argia da arrazoia: ez dakienez aurreko eskutitzak iritsi ote diren, badaezpadakoan errepikatzen ditu aurretik jada esandakoak.
Eta Gramsciren gutunetatik Ulisesen bidaian barneratu nintzen gero. Jauzia uste baino txikiagoa izan zen, zeren eta Gramsciren eskutitzei halako kutsu mediterranear bat darie. Kontuak kontu, ohartu nintzen, oso modu eta asmo bestelakoarekin bada ere, Odisea-n errepikapena ere errepikatzen dela, eta are, ohiko baliabide dela. Itzultzaileak egiten duen hitzaurrean jasotzen da obraren bosten bat errepikatutako bertsoak direla (!). Estilo formularra deritzo poesia egiteko modu horri, eta zuzen-zuzenean dago lotuta ahozkotasunarekin: poema horiek memorian gordetzen zirenez, errepikatutako esaldi, irudi edota epitetoek lagundu egiten zioten poetari bertsoaldi luze haiek jendaurrean inprobisatzeko.
Gramsciren kasuan, errepikapena ahanzturaren kontrako baliabidea da: aurretik bidalitako eskutitzen bat galdu ote, eta mezua ongi iristen dela ziurtatzeko balio du. Informazioa gordetzeko balio du. Odisea-ren kasuan, errepikapena akuilu da, errezitatu ahala aedoak izan dezan non akuilatu bertsoek aurrera egin dezaten, eta entzuleak ezagun izan dezan entzuten duen hori.
Ikusten da, bada, errepika errekurtso estilistiko ezin zaharrago, erabiliago (eta mediterranearrago?) eta usatuagoa dela. Musikan ere, estribilloaren berezko errepikapenezko izaera horrez gain, geroz eta gehiago dira loopak erabiltzen dituztenak haien sorkuntza lanetan: behin eta berriro erreproduzitzen den soinu-txatala giro bat sortzeko, entzulea ainguratzeko, erritmo bat emateko. Eta bis bis, errepikapen, loop, berriz haste hori izan dut azken hilabeteetan buruan, ez ote den zutabegintza, eta are idazketa, errepikaren erakusleiho esanguratsu izango.
Eta 'bis bis', errepikapen, loop, berriz haste hori izan dut azken hilabeteetan buruan, ez ote den zutabegintza, eta are idazketa, errepikaren erakusleiho esanguratsu izango
Noski, errepika batzuetan ez da errekurtso estilistiko bilatu bat: errepika izan daiteke —nago askotan— alferkeria intelektualaren lehen zantzu, vivirderentas baten akats estilistiko (XX. mendera arte estilo formularra akats estilistiko gisa sailkatzen zen). Ez ote zutabeok errepika antzuaren seinale? Hortxe nire kezkaren harra.
Kontu hauek beste lagun zutabegile bati konpartitzean hara non esaten didan: baina hain justu errepikatzen duzun hori da zure idazketaren bereizgarria. Zure ahotsa hor garatzen da, zutabe batetik bestera errepikatzen den tonu, adibide, metafora, ahots, erreferentziatan. Eta begira, bai sinple adierazi duen. Bada, izan bedi zutabe hau eskatu gabeko barkamen arin, eta batez ere izan dadin idazketa loopero baten aldarri handi.

Â