Louvre museoko langileak greban omen daude. Xalbat Alzugarai kazetariak argitaratutako erreportaje luzean ondo baino hobeto deskribatu zuen munduko museo handienetako baten egoera penagarria.
Ikusi gehiago
Orain dela gutxi lapurreta ikusgarria zela eta komunikabideen protagonista bilakatu zen Parisko museo handia. Orduan jakin genuen Frantziako Gobernuari gutxi interesatzen zitzaiola guztion ondare izan behar zuen museoaren egoera. Hala ere, kulturaren demokratizazioaren ikurraren narriadurak larrialdi nazionala izan behar zuen. Louvreko itoginek artelanak kaltetu dituztela jakiteak frantziar eta europar guztiak lotsatu behar gintuela iruditzen zait. Horren ordez, aberatsei edo luxuzko marka komertzialei guztionak diren espazioak eskaintzea begi onez ikusten dugu, trukean artelanen bat berritzen badute.
Aspalditik ikusten ari gara ondare publikoaren pribatizazioa. Kultura bigarren mailako luxua denez, dirua daukaten enpresei alfonbra gorria jarri behar zaie ondarea zaintzen lagundu diezaguten. Antzeko zerbait ikusten ari gara osasungintzan mezenasgoari buruz hitz egiten digutenean. Horregatik, askotan pentsatu izan dut Louvre bezalako museoak usteltzen uztea ez dela administrazioaren interes faltaren zantzua, baizik eta kulturaren pribatizazioan beste urrats bat emateko ondo pentsatutako estrategia. Kaosaren aurrean aberatsak etorriko dira kultura salbatzera; konturatu gabe dirudun horien helburua kulturaren esklusibotasuna berreskuratzea dela. Ez dugu ilara luzerik egin nahi Louvren sartzeko eta ez ditugu bertako artelanak turista edo ikasle taldeekin partekatu nahi, guk gure festa pribatuan gure artean egon nahi dugu artelanez gozatzeko xanpain goxoa edaten eta kanape txikitxoak jaten ditugun bitartean. Utikan masa zikin eta hezigabea!
Beraz, Frantziako Iraultzak teorian lortu zuenari buelta ematen ari gara XXI. mendearen lehendabiziko laurdenean. Erregeen bildumak zirenak jende guztiak goza zitzala nahi zuten iraultzaile batzuek behintzat, eta nahiz eta berrehun urtetan utopia ez zen zeharo bete, asmoak hor zirauen. Baina ilustrazioaren printzipioak deseraikitzeko antolatu ziren Macronenak bezalako eskuin berrituak, demokraziaren zaintzailez mozorrotuta. Orain ez dute ultraeskuinak zabaltzen dituzten mezu populista baina bulgarrekin bat egin nahi. Horretarako dago Goizalde Landabasok azken artikuluan aipatutako Vincent Bollore bezalako jendea, eskuinaren bi ikuspuntuen zubi lana egiteko.