«Joan den urriaren 19ko ebasketak su metxa bat eman zuen ezantza putzu batean». Hala erran du Valerie Baud Parisko Louvre museoko CFDT sindikatuko ordezkariak. Abenduaren 8an, Louvre museoko langileek greba «mugagabea» hasi zuten, lan baldintza «geroz eta okerragoak» pairatu behar baitituzte. Zerbitzu publiko bat emateko funtzioa dute Louvre bezalako egitura publikoek, baina Baudek salatu du ez dutela baliabide nahikorik misio hori betetzeko. Munduko museorik handiena da Pariskoa, eta urte guziz bederatzi milioi bisitariri harrera egiten die.
CGT, CFDT eta Sud sindikatuak batu dira munduko museorik handieneko lan baldintzen okertzea salatzeko. Eraikinen egoera txarrarengatik espazio museografiko gehiago hetsi behar izaten dituztela salatu dute hiru sindikatuek. Baudek deitoratu duenez, artelan batzuk andeatzerainoko makurrak gertatu dira. «Negu honetan itaxur batzuk izan dira museoan, eta obra bat andeatua izan da. Urteak eta urteak dira salatzen dugula eraikinak zaharkitzen ari direla».
Frantziako Kultura ministro ohi Rachida Datiri igorri greba deialdian, sindikatuek obrak «lehenestea» galdegin dute, langileentzat kontratu «luzeagoak eta egonkorragoak» egitea, lan baldintzen berrikuspen «sakon» bat martxan ematea eta Louvreko presidentetzaren gobernantza «larderiatsua eta zapaltzailea» berehala gelditzea. Bidenabar, museoko komunikazio zerbitzuarekin behin eta berriz harremanetan sartzera entseatu da BERRIA, eta ez dio erantzunik eman.
«Negu honetan itaxur batzuk izan dira museoan, eta obra bat andeatua izan da. Baditu urteak eta urteak salatzen dugula eraikinak zaharkitzen ari direla»
VALERIE BAUDCFDT sindikatuko eleduna
Momentukotz, Bauderen arabera, ez dute neurri konkretu «bakar bat» ere proposatu. Nathalie Ramos CGT sindikatuko Kultura adarreko ordezkariak erran duenez, berriz, Laurence Des Cars museoko presidente ohiaren dimisioaz geroztik harreman «hobea» dute Christophe Leribault presidente berriarekin, baina, hala ere, egoera ez da bere onera itzuli, galdegin neurriak ez baitira oraino ageri. «Gehiago entzuten gaitu oraingo presidenteak, baina momentuz ezin dugu erran egoera arindu dela, ez baitugu deus ikusten terrenoan».
Gatazkari aterabidea emateko Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Des Carsen dimisioa onartu ondoan, Louvrek «lasaitasuna» eta «bultzada berri» bat behar zituela adierazi zuen, baita «ziurtasun eta modernizazio» lanak ere. Adierazpen horien ondotik, Macronek Louvre Renaissance proiektu berria iragarri zuen, museo zaharkitu bati «aterabidea» emateko. Neurririk handienen artean, proposatu zuen museora sartzeko bertze sarrera bat eraikitzea, «nazioarteko arkitektura deialdi» bat eginez. Bertzalde, Carree plazaren eta Tuileriak eta Caroussel lorategien berritzea zerrendatu zuen, baita «sarrera autonomo bat» ere Gioconda ikusteko. Neurrien bukaeran ageri dira azpiegiturari loturiko «zenbait lan», zehaztasunik gabe.
Bauderi eta Ramosi «iraingarria eta lotsagarria» iruditu zaie proiektu berria. Langile «gehiago» eta lan baldintza «hobeak» galdegin eta Frantziako Estatuak bisitari gehiago sartzeko obrak eginen dituela nabarmendu dute. Baud: «Gauza gehiago egin nahi dituzte, baliabide geroz eta gutiagorekin. Egunero 30.000 bisitari jasan dezake Louvrek gehien-gehienik. Eta orain proiektu berriarekin gehiago sartu nahi dituzte, baina langileen kopurua murriztuz! Agenteak leher eginak dira egoeraz!». Ramosek gehitu duenez, errealitatetik «deskonektatua» den proiektu bat da, azpiegitura berriak pentsatu dituztelako dagoena zaharberritu ordez. «Gioconda ikusteko sarrera berri bat eta bisitari gehiago izateko planak diseinatzen ari dira, ur isuriak konpondu baino: etsigarria da!».
Louvrez haragoko egoera
Ramosen erranetan, Louvre museoko egoera txarra museoen egoera orokorraren erakuslea da. Haren hitzetan, iaz, Saint Germain en Layeko (Frantzia) gaztelua hetsi behar izan zuten, ez baitzen aski langilerik. Fontainebleauko museoan (Frantzia) hasi zen lanean Ramos. Oroitarazi du han lanean hasi zelarik espazio bat zaintzeko hiru agente zirela, eta orain, berriz, bakarra eman dutela. Gainera, museo kanpoko enpresa pribatuak kontratatzen dituzte zaintza bermatzeko, eta langile horiek baldintza «ustelak» dituztela salatu du. «Lanpostuak sakonki murrizteko helburua duten politikak zabaltzen ditu ministerioak, eta hori zinez ikusten da terrenoan: hamabortz urtez, Louvrek berrehun lanpostu galdu ditu».
«Lanpostuak sakonki murrizteko helburua duten politikak zabaltzen ditu ministerioak, eta hori zinez ikusten da terrenoan: hamabortz urtez, Louvrek berrehun lanpostu galdu ditu»
NATHALIE RAMOS CGT sindikatuko kultur adarreko arduraduna
Ondorioak «begi bistakoak» dira. Jendez gainezka dauden museoetan usu gela «franko» hetsiak direnez, jendeari kultura kontsumitzeko eskubidea ukatzen zaiola nabarmendu du CGTko eledunak. Hori nahikoa ez, eta langile gutiago izateko politika sartzeetako prezioaren emendatze batekin batzen da. «Louvreko sarreren garestitzea salatzen dugu, lotsagarria zaigu egun 22 euro pagatu behar izatea egitura publiko batera sartzeko. Horrek erran nahi du kultura ez dela denen esku».
Eredu ekonomikoa jomugan
Langileen lan baldintzez gainera, museoaren eredu ekonomikoaren egoera agerian eman dute hiru sindikatuek. Izan ere, ia-ia %70eko autofinantzaketa du Louvre museoak, eta, Bauderen erranetan, sartzeen irabaziekin eta diru laguntzekin itzulikatzen da gehienbat. Hala ere, gaineratu du Frantziako Kultura Ministerioak museoak geroz eta gehiago bultzatzen dituela finantzaketa propioa izatera. Zehazki, Frantziako Estatuak sortu egitura publikoa da Louvre, baina finantzaketaren aldetik bere burua asetzea galdegiten zaio. Orduan, funts pribatuen bila joateko «lasterketa» egiten dutela erran du Ramosek. «Kultura Ministerioak bere diruztatze misioak pixkanaka-pixkanaka erretiratzen ditu museoetarik, eta galdegiten die funts pribatuen xerka joatea».
Mezenasgo pribatuaren partea handiago izateko, Frantziako Estatuak enpresa pribatuak sustengatzen ditu. Le Monde Diplomatique hilabatekariko ikerlari eta kazetari Evelyne Pieillerek zera idatzi zuen iazko abenduko zenbakian: «2003an, Aillagon legea indarrean sartu zen. Kultur arloari dohaintzak errazteko egin zen. Horrela, enpresa pribatu handiek dohaintzaren heineko %60ko zerga beherapena ukan dezakete». Beraz, harrezkeroztik, enpresa pribatuek Frantziako Estatuari zergak pagatu ordez, sosa dohaintza bidez eman ohi dute, artelanak erosteko eta berritzeko. Frantziako Estatua galtzaile ateratzen da, enpresa pribatuek ihes egiten baitiote zerga pagatzeari. «Sistema hori ez balitz, 2024an Frantziako Estatuak 1.7 miliar euro bil zitzakeen». Louvreren kasuan, LVMH multinazionala da indartsuenen artean. Pieillerek kontatu duenez, 2022an hamabortz milioi euro eman zituen Jean Simeon Chardinen Le Panier des fraises des bois erosteko.

Obrak erosteaz gain, Ramosek gehitu du enpresa pribatuek museoko espazioak geroz eta gehiago pribatizatzen dituztela. Dior markak, adibidez, Versailleseko gazteluko espazioak «erregularki» hartzen ditu publizitate kanpainak grabatzeko. Jacquemus markak ere Picasso museoan berriki desfile bat antolatu duela kontatu du. Espazioak konkistatzeko baimena ematen zaiela gaineratu du, eta ondorioak ere zerrendatu ditu. Lehen, ekitaldiak edota grabaketak museoak hetsiak ziren egunetan egiten ziren, baina egun «noiznahi» egiten dituztela nabarmendu du. Beraz, bisitarientzat leku gutiago eskaintzen da museoa pribatizatua den heinean. Gainera, salatu du diru pribatua ez doala funtzionamendu gastuetara, baizik eta puntualki obra batzuk diruztatzera. «Ez da funtzionamendurako eta mantentze lanetarako igortzen diru hori, eta, beraz, egoera bitxia da: munduko obrarik ederrenak ukan ditzakezu itaxurak dituen museo batean».
«2003an, 'Aillagon legea' indarrean sartu zen. Kultur arloari dohaintzak errazteko egin zen. Horrela, enpresa pribatu handiek dohaintzaren heineko %60ko zerga beherapena ukan dezakete»
EVELYNE PIEILLER 'Le Monde Diplomatique'-ko kazetaria
Multinazionaletarik jin diruak arazo «etikoak» ere mahaigaineratzen ditu, Bauden erranetan. «Mezenasgoa egiten duten enpresen izena ager daiteke diruztatu duten erakusketa edo artelan baten ondoan. Konkretuki, izen historiko edo publiko bat ken daiteke diruztatzaile pribatu batzuen izena emateko». Museoak diru beharretan direla ez du ukatzen Ramosek, baina edozein diru edo partaide pribatu ez sartzeko irizpide falta nabarmendu du. «Uler dezaket diru beharretan direla museoak eta finantzaketa eredua aldatzen ari dela, baina ez da edonor sarrarazi behar. Adibidez, Carlos Gohsnek 2014an Versailles pribatizatu zuen bere urtebetetzerako, eta hori arazo bat izan da».
Ondorio gisa, Pieillerek azpimarratu du ezen zerbitzu publiko kulturala «gain behera» ari dela eta enpresa pribatuak, berriz, «indartsu» ateratzen direla artearen merkatutik, eta irudi bat baliatu du hori ilustratzeko. «Louvren bitxiak urriaren 19an ebatsi zituzten, eta hortik hurbil, urriaren 25ean, Cartier multinazionalak arte zentro berri-berria ireki zuen. Louvreren eta Kultura Ministerioaren artean ireki zuen zentro prestigiotsu eta indartsua. Louvrek kultura publiko higatu bat irudikatzen du eragile pribatu aberatsek eta indartsuek geroz eta leku gehiago hartzen duten honetan».