Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Mattapoisett

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ongi etorri Mattapoisettera. Komunitate libertario eta harmoniatsua. Klasea eta generoa abolituta geratu dira hemen, teknologia neurriz erabiltzen da eta soilik guztien onurarako. Buru osasuna bereziki zaintzen da Mattapoisetten, hainbat terapia daude eskuragarri, eta baita «atseden mentalak» hartzeko paradak ere. Gainera, eta hauxe da agian deigarriena, giza ugalketa ez da dagoeneko umetoki batean garatzen, baizik eta modu artifizialean, eta umea jaiotzen denean, hiru pertsonak hartzen dute komunitatearen kide berri horren zaintzaren ardura. Hirurak dira amak (ama hitza ez dago dagoeneko sexu bati lotua, baizik eta zaintza rol bati) eta ez dute beraien arteko harreman afektibo-sexualik, kumea hazteaz harago.

Mattapoisett ez da gure garaiko komunitate bat, bistan da, 2137. urtean kokatuta baitago, eta, gainera, fikziozko mundu bat da, etorkizuneko komunitate guztiak bezalaxe, Marge Piercy idazle estatubatuarrak marraztuta bere Woman on the Edge of Time eleberrian (emakumea denboraren ertzean). Zehazki, bere borondatearen kontra zoroetxe batean dagoen Connie Ramos garaikideak izaten dituen bisio edo errebelazioen bitartez izaten dugu mundu (agian) utopiko horren berri. Beste bisio batean, ordea, etorkizun beraren bertsio alternatiboa ikusten du Conniek, Mattapoisetteko jendartearen ifrentzu iluna: hiper-klasista, hiper-sexista eta hiper-kapitalista den mundua.

Piercy fikzio espekulatibora batutako idazle feminista horietako bat da, sekulako ekarpena egin zuena 70eko hamarkadaz geroztik, Ursula K. Leguin, Octavia Butler, Joanna Russ eta Margaret Atwood bezalako idazleekin batera. Ez da batere harrigarria feminismotik utopiara edo etorkizun posibleen gaineko fantasietara salto egitea. Praktika iraultzaile gisa, feminismoa ez dago gustura gaur egungo munduarekin, aldatu egin nahi du errotik, hobetu, kuestionatu gure gizartearen balioen oinarria eta galdetu: gauzak desberdin izan litezke?

Erantzuna beti da bai. Eta fikzioak erakusten digu nola.

Ia 50 urte pasatu dira Marge Piercyk bere mundu libertario eta harmoniatsua imajinatu zuenetik. Orain dela egun batzuk, Jule Goikoetxeak, etorkizunari buruzko Jakin aldizkariaren azken alean (zeinen gai nagusia Euskal Herria 2040 den) antzeko prospektiba egin du. Espazioaren produkzioa: hiria, familia, utopia izeneko artikuluan hiriaren birkonfigurazio bat aurreikusten du, familiaren birkonfigurazioa ekarriko duena (edo alderantziz). Goikoetxearen fikzio espekulatiboan umeak ez dira izango erditzen dituztenenak, baizik eta zaintzaz arduratzen diren horienak. Gainera, zaintzaz arduratzen diren helduak ez dira erromantikoki edo sexualki lotuta egongo. Bestelako ideia zirraragarriak botatzen ditu Goikoetxeak bere artikuluan. Baina denak barneratzeko, diru eta denbora inbertsioa egin behar da (zehazki 3 euro, artikulua solte erosiz gero, eta 40 bat minutu, patxadaz irakurri nahi izanez gero).

Hori egiten ez duenak Twitterren zabaldutako bideo laburra dauka, teaser moduan funtzionatu dezakeena. Irakurtzekoak dira bideoak eragindako erreakzioak gure sare sozial kutunenean. Pedantea eta nazia dira egileak jasotzen dituen adjektiborik suabeenak. Twitterreko dinamikak dira, badakit, taberna-zuloko mozkor buruberoak merezi duen jaramon bera merezi dutenak. Hala ere, tristatu nau eztabaidarako balio zezakeen prospektiba ariketa irain dantza bihurtzeak. Eta tristatu egin nau ez baita salbuespena, gure garaiaren ajea baizik. Modan dago orain erreakzionario izatea. Zerbait berria proposatzen dionari egurra. Hitz berriekin egiten badu, are okerrago.

Ulertzen dut pultsio kontserbadorea: duguna gustuko badugu mantendu nahi dugu, noski. Berekoia da, baina badu bere logika. Ez dut inoiz onartuko pultsio erreakzionarioa. Iragan mitiko batera itzultzea eskatzen duena. Horiek garaiak horiek, herriak ondo babestuta zeudenean harrizko harresien bitartez; bai ederra iragana, generoa eta sexua ondo desberdintzen zenekoa.

Baina hona egia: iragana ez da existitzen. Fantasia bat da, atzemanezina zaigun prozesu anitz baten sinplifikazioa. Garai loriatsua askoren infernua izango zen, eta alderantziz. Ezin dugu ikusi eta ezin dugu aldatu. Etorkizuna ere ez da existitzen. Inork ez daki zer gertatuko den bi minutu barru. Hari etsipenez begiratu beharrean esperantzara kondenatuta gaude honetan ere. Jakina, fantasia utopikoa ezin da erlijio bihurtu. Ezin diogu inori paradisurako bidea erakutsi, eta abiatzera behartu. Prozesu irekia izan beharko litzateke, eztabaidagarria eta malgua. Connie bera, Mattapoisetteko hazkunde teknikak ikusita, izututa geratzen da: ez alferrik, emakume psikiatrizatua den heinean alabaren zaintza kendu diote instituzioek, eta paralelismoa ez zaio oharkabean pasatzen.

Asko esateko luke Conniek etorkizuneko gizarte horretaz. Denok dugun bezala. Hitz egin dezagun, beraz. Etorkizuna ez da existitzen baina hara goaz zuzen-zuzenean.

(PS. Consonni bilbotarrak plazaratu du Woman on the Edge of Time gazteleraz, eta Editions Goater-ek frantsesez, biek ere berriki).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.