Ismael Manterola
Begiz

Ondare deserosoa

2025eko azaroaren 25a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iraganak utzitako ondarea, materiala edo immateriala izan, ez da beti ederra. Kontzeptua bera, azken urtetan asko erabiltzen eta entzuten bada ere, berri xamarra da, ez da beti hor egon eta aldatzen da toki batetik bestera. Denborak edo tradizioak utzitako herentzia ondare bihurtzen da gizatalde batek bere egiten duenean; beraz, gordetzeko edo baztertzeko erabakia gurea izango da, ez norbanakoen borondatez, guztion kontsentsuz baizik.

Francoren agintaldiak utzitako ondarea istilu eta eztabaidagai bihurtu da diktadorea hil zenetik. Eraikin eta sinbolo asko berehala desagertu ziren, sarritan biztanleen ekimen espontaneoen bidez; hain zen handia pilatutako amorrua, ezen errepresioaren sinboloak berehala suntsitu behar ziren. Beste askok gehiago iraun zuten, trantsizioa izeneko garai hark ez baitzuen adorerik edo ausardiarik izan gure begi bistatik kentzeko. 40 urtean hezurretaraino sartutako beldurra ez zen alferrikakoa izan. Hala ere, azken urteetan, memoria historikoa landu duten taldeek bultzatuta batez ere, erakunde publikoek pixkanaka erretiratu dituzte. Azkenik, gaur egunera arte iritsi zaizkigun adibide ugarik buruko min bat baino gehiago eragiten digute. Zer egin behar dugu ondare bihurtu diren arkitektura, eskultura, pintura lan eta abarrekin?

Badirudi objektu txikiekin ez dugula arazo handirik: ezkutatzearekin edo testuinguru jakin batean erakustearekin arazoa konponduta egongo litzateke. Baina gure hiri, herri edo mendi askotan dauzkagun monumentu eta eraikinekin zer egin? Ezin dira hain erraz baztertu edo testuinguru batean kokatu, batez ere presentzia indartsua duten egunero ikusten ditugun diktaduraren sinboloak direlako. Beraz, ondare izateaz gainera, badute oso hurbil ezagutu dugun ideologia baten euskarri izateko ahalmena.

Arazoa azaleratzen duen galdera horren aurrean, bi motatako erantzunak ematen ari dira gure gizartean. Bat, elementu horiek eraitsi egin behar dira, bai diktadurak inposatutakoak direlako, baina baita eraisteak memoriaren erreparazio modukoren bat eskaintzen duelako ere. Gehien entzuten den beste aukera birsignifikazioarena da, hau da, monumentuak gorde ditzagun, baina testuinguru kritiko baten barruan ulertuta.

Ulergarria da balio artistiko handiko lanekin bigarren aukeraren alde jotzea, baina ez dut uste gure artean adibide asko daudenik. Aurreko astean Elgoibarko Morkaiko mendiko gurutzearekin gertatutakoa, adibidez, ez dut uste galera handia denik artearen historiarako edo ondare kolektiborako. Gauza bera esan daiteke Iruñeko Erorien monumentuari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.