‘No pares (sigue, sigue)’
Zuzendaritza: Sergi Casero, Monica Molins. Antzezlea: Sergi Casero. Argiak: Miguel Ruz. Soinu diseinua: Guillem Rodriguez. Lekua: Donostiako Viktoria Eugeniako Kluba. Eguna: Martxoaren 14a.
Bat. Dferian larunbatean hasi ginen eta ondo hasi ere. No pares (sigue, sigue) —Ez gelditu (segi, segi)— estimuan gordetzen den emanaldi bat izan delako. Eszenatokiaren erdia bizikleta estatiko batek okupatzen du. Atzean, zutikako fokuak altura ezberdinetan eta pantaila bat. Bizikletaren gainean, Sergi Casero aktore katalana.Â
No pares-ek spinning saio baten itxura du. Aretoan sartzean, hortxe ikusiko dugu sortzailea pedalei eragiten. Gelditu gabe, enpresa erraldoiko enplegatu baten eguneko pasadizoak aletuko dizkigu orduz ordu, esnatzen denetik. Orain esprinta, orain lasaiago, baina beti esfortzu fisiko nabarmena egiten ari dela antzematen zaiola. Kontatzen duen istorioa norena den atxikitzen diogu argiki: enpresaren atxikimendua dela eta, lan prestigio pertsonala dela eta, ordutegiz kanpo bulegoan geratzera bultzatuta sentitzen denarena eta, gaizki ordaintzen diotenez, pisu konpartituan bizi den langile batena. Eta, hori gutxi balitz bezala, gainera, afterwork-etan enpresakideekin batera bere aisialdia xahutzen du protagonistak. Motibazio mezuak aditzen dizkiogu, etengabe, autoesplotazioan ikasle aurreratua den morroi horri. Esfortzuaren kulturaren katiximaren dogma guztiak dakizki, antza: «Ahalegindu zaitez, zuk ahal duzu, segi, segi».
Onena, dena den, etortzear da: arestiko eszena amaituta, Sergi Caserok, bere roletik at, metateatro modukoa egitearekin batera, eszena gogoberotasun handiagoz errepikatzeko eskatu digu. Eta hala egin dugu, ikusle batzuk laguntzaile hartuta eta publiko osoaren partaidetza baliatuta. Modu horretan, bigarren eta hirugarren antzezpenetako bertsioak gero eta borobilagoa suertatzen dira, harik eta amaieran oso goian bukatu arte. Estimagarria, ezagutzekoa, gozatzekoa, beraz.
‘Cantando bajo las balas’
Zuzendaritza: Asier Andueza. Testua: Antonio Alamo. Antzezleak: Ane Gabarain, Marc Servera. Musika, soinu-espazioa: Marc Servera. Argiak: David Bernues. Eszenografia: Jose Luis Raymond. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoaren 14a.
Bi. Segidan, Ane Gabarain antzezlearen iaiotasunaz gozatzeko aukera izan dugu Antzoki Zaharrean: Cantando bajo las balas (Balen azpian kantari). Pozik gaude donostiarragatik, euskal aktoreek gutxitan izaten dutelako euren talentua erakusteko halako protagonista rola antzerkian. Marc Serverak rol funtzionala eta, beraz, bigarren lerrokoa betetzen duenez, bakarrizketan aritu zaigu Gabarain.Â
Gabarainek egundoko antzezpena egin du Espainiako Legioaren sortzaile Millan-Astrayren rolean. Salamancako Unibertsitateko Paraninfon, 1936ko urriaren 12an eta Unamunoren errektoretzapean matxinoek egindako bilera dugu argumentuaren errepika. Zenbait aldiz larri zauritu eta gero osatutako Astray dugu bertan. Gabarainen tonua izugarri gustatu zaigu, pertsonaiaren konposizioak ez baitu bilatu faxistak irudikatzeko hartu ohi den bide erraza. Oreka sostengarrian hitz egiten digu, bera ere gelditu gabe, beti segidan, oholtza utzi barik. Eszenografia, David Bernuesena, txalotzekoa izan da ohi denez, jakina, argien erabilera barne.Â
Kontua da, nire ustez, Cantando bajo las balas-en 2007ko bertsioaren oihartzuna dugula oraindik gogoan. Proposamena kabarete nekrofilo gisa aurkeztu zuten —eta dute— sortzaileek, eta, nire akorduan, hura bazen kabaretakoagoa, sarkorragoa; finean, ziztatzaileagoa. Oroimena itxuraldatu zait 2026ko ispiluan, akaso. Dena den, zuek ez ezazue galdu Ane Gabarainen lana. Puntakoa!