Kritika. Musika

Ustezko elixirra

Donostia
2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

'l'elisir d'amore'

Zuzendariak: Iker Sanchez-Silva (musika), Pablo Ramos eta Carlos Crooke (eszena). Abeslariak: Mariia Knihnytska (Adina), Imanol Laura (Nemorino), Kong Xiangfeng (Belcore), Christoph Schweizer (Dulcamara), Alba Fernandez (Giannetta). Opus Lirica Abesbatza eta Orkestra. Militia Raw (Krump), Ballet Flamenco Sandra Gallardo. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: otsailak 23.

Badira hamar urte Opus Lirica elkarteak Donostian opera denboraldi egonkorra ezartzeko helburuz lehen programa aurkeztu zuela; hain zuzen ere, ostiralean eskainitako L’elisir d’amore, Gaetano Donizettiren opera bufoa, konpainiaren lehen ekarpena izan zen, 2014an. Geroztik, berariazko ekoizpenak ekarri ditu hiriko antzokietara, arrakasta maila askotarikoak lortuz.

Azken urteotan garatu duten lerro kontzeptualari jarraiki, Pablo Ramos eta Carlos Crookek Felice Romani libretistak Iparraldeko herri batean irudikatutako maitasun istorioa gaurkotu egin nahi izan dute, institutu garaikide batera ekarriz. Giroa, berez, ondo egokitzen zaio edukiari: gazte inozo bat guztiz maiteminduta dago neska xarmanta batekin, baina honek sarjentu dotorea nahiago duenez, kanpotik datorren ustezko mediku bati elixirra erosiko dio, horrek neska erakarriko duelakoan. Oro har, ulertzekoa da proposamenaren justifikazioa gaur egungo paralelotasunean, baina ez hori aurkezteko modu traketsa, esku-programan zein hasierako esaldi usatuetan idazketa akatsak barne. Eta are ulergaitzagoa da taula gainean une oro hainbesteko mugimendua eta zarata —bisuala eta entzutezkoa— sartzeko beharra: Krump edota flamenko dantzariak ariatan zein errezitatiboetan, elementu eszenikoak lekualdatzea, umeak eta gazteak harat-honat ibiltzea. Hasieratik gainditu zen eszena osatzearen eta nahastearen arteko muga.

Gogoan hartu behar da, bestetik, opera batean musikaren garapen duina eta aproposa bermatu behar dela lehenik, eta beste ezeren gainetik. Iruditzen zait eszenaren nahaspila izan zela batzuetan fosoko eta taulako tempi-ak bat ez etortzearen kausa. Izan ere, Adina pertsonaia suertatu zen gaueko distiratsuena, eszenan akaso estatikoena, baina norabide dramatiko garbia aurkeztu zuena, baita lerro melodiko gardena eta bere instrumentuaren gaineko kontrol aparta ere. Giannettak ere sen onaz bete zuen bere rola, eta trinko aritu zen abesbatza. Gainontzekoan, argi dago ez dela zilegi elixir gisa saltzea gaseosa baino ez dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.