Hurrengo egunotan, maiatzaren 6tik 8ra, Etxepare Institutuak bultzatutako I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa eta ekitaldi akademikoa egingo dituzte Venezian. Nazioarteko arte ospakizun ospetsuan euskaldunek orain 50 urte izandako lehen parte hartzea oroitu nahi da horrela, eta euskal artistak berriz ere arte munduaren zentro bilakatzen den testuinguruan kokatu. Data ez da zorizkoa: Biurtekoaren preview egunak dira, alegia, mundu osoko profesionalei zuzendutako egunak. Ongi pentsatutako promozio eta zabalkunde-estrategia, beraz.
Inoiz bisitatu ez dutenentzat, garrantzitsua da jakitea Biennaleak bi atal dituela: batetik, erakusketa handi bat, komisario entzutetsu bati enkargatuta eta hainbat egoitzatan, baina batez ere Arsenalean zabaltzen dena; eta bestetik, estatuen bidez antolatzen den ordezkaritza bat, pabiloietan antolatuta. Giardini izeneko eremuan kokatuta daude parte hartu zuten lehen estatuen eraikinak, eta ondoren gehitu diren askok Arsenalean edo hirian bilatu dituzte egoitzak. Pabiloi bakoitza dagokion estatuak antolatzen du eta erakusketa bereizi bat da.
Agian oker naiz, baina esango nuke «pabiloi nazionalen» estruktura hori mantentzen duen biurteko bakarra dela Veneziakoa; São Paulokoan, adibidez, orain dela hogei urte baztertu zuten herrialdeka antolatutako ordezkaritza. Hortaz, Venezian, artistak, Olinpiar Jokoetan bezala, lurralde bat ordezkatzen ari dira, gustatu ala ez. Horregatik ere Kataluniak urte batzuk daramatza espazio bat alokatzen, Biennalearen programa osagarrian agertuz eta, nolabait, bere estaturik gabeko nazio izaera aldarrikatuz. Eta horregatik ere zentzua du Etxeparek izaera nazionala duen ekimena bertan antolatzea eta ez, adibidez, São Paulon.
Ongi dakigu Euskal Herrian estatu eta nazioen ordezkaritzaren kontua ez dela gauza neutroa. Eta, izan ere, une gorabeheratsuan iritsiko da euskal presentzia Veneziara. Aurreko astean Biennaleko bost epaimahaikideek dimisioa aurkeztu zuten, erakusketa antolatzen duen fundazioak Israel eta Errusiako ordezkaritzak sarietatik kanpo ez uztea erabaki duela salatzeko. Publikoak bozkatuko omen du zein den pabiloirik onena, Eurovisionen bezala.
Pena ematen dit euskal ordezkaritza urte honetan eramatea: Eurovisionen Espainiako estatuak egin zuen bezala, parte hartzeari uko egitea keinu ederra litzateke. Baina 50 urte ondoren lehen aldiz ordezkaritza dugun urtean egingo diogu uko? Are gehiago, gure ordezkaritza ñimiñoa denean, hiru eguneko erakusketa eta egun bateko ekitaldi bat soilik, eta ez ikusgarritasuna duen Giardinietako pabiloi nazional bat? Ez du zentzurik. Beraz, hor egongo gara: Israeli eta Errusiari betoa jartzen ez dien ospakizunean gure nazio izaera aldarrikatzen.