Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Zoologia pixka bat

2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotarikoa da landa eremuan aurkitu daitezkeen espezieen zerrenda. Askotarikoa, halaber, landa eremura joateko ohitura duten espezieen zerrenda. Bigarren horiek izan ditu ikerketagai azken hilabeteotan Massachusettseko Unibertsitatetik bertaratu zaigun antropologo batek. Hemen jaso dira txosten teknikoan ageri diren espezie esanguratsuenak.

1. Estraktibistak. Landa eta landatarren jakintza espoliatzen duen espezie normalean urbanoa: landa da self-service moduko bat, eta nahi dena hartu eta hirira eramaten dute. Estrakzio hau izan daiteke estetikoa, politikoa, ekomonikoa... Banpirismoa ere izan daiteke jarrera hau izendatzeko manera egokia —María Sanchez poetak hala izendatzen du—: landako jakintza, praktika, motibo eda gaiak zurrupatzen ditu banpiroak, bizirik jarrai dezan berak, gutxi axola zaiolarik herria odolusten badu. (Ikerlariaren emaitzak jasotzen ari den honen oharra: ikertzaile (eta sortzaile!) oro ez al da ba, estraktibista?).

2. Hiltonistak. Aurreko espeziearen kontrako operazioa egiten du: landa hirira eraman beharrean, hiria landara eramaten du. Metropoliko luxuak —hotelak, piszinadun etxebizitzak, gimnasio esklusiboak— landagunera eraman nahi dituzte. Normalean interes ekonomikoa ezkutatzen (?) da haien asmoetan, landatarren borondatea inondik inora kontuan hartu gabe. Aroztegi inguruan aurkitu dira espezie honetan izaki andana, baina edonora zabaltzeko prest daude.

3. Bitrinazaleak. Landa eta landan aurkitzen den paisaia ukiezina dela pentsatzen duen espeziea. Fenomeno naturaltzat hartzen dute landa, hau da, betidanik izan da horrelakoa eta hala mantendu behar da, eta hori horrela izan dadin, beirate bat eraiki nahi dute naturaren eta kulturaren artean, hau da, hiriaren eta mendiaren artean. Jar dezagun natura ahalik eta basatien, birjinen, eta gu ikustera etorriko gara. Beste era batera esanda: landa museo bat dela uste dute. (Ikerlariaren oharra: bitrinistek ahaztu egiten dute gehienetan, ikusten dituzten mendi, baso eta paisaia horiek guztiak itxuraldatuak izan direla, eta natura deitzen duten hori kulturaz beteta dagoela, hiria deitzen den hori naturaz beteta dagoela ahazten duten modu berean).

4. Waldenzaleak. Ooo-aaaa-uuuuuu harridura adierazten dutenak txori baten aurrean, harri txintxar baten aurrean, paseatzaile baten aurrean. Bai freskoa hemengo ura, bai ederra hemengo berdea, bai purua hemengo haizea. Estasi betean bizi dute landa, ia esaldiak ezin amaitu, ezin hitzik jarri ikusten duten horri. Haien hirietako parkeetan aurkitzen ez duten aura hori topatzen dute landaguneko parkeetan: dena da biziago-distirantago-autentikoago landan. (Ikerlariaren oharra: kalte handirik sortzen ez duen espeziea).

5. Utopiko landatarrak. Erromantizismoaren aldaera hippya praktikatzen dutenek osatzen dute espezie hau, eta waldenistekin nahiko ongi moldatu ohi dira: Rousseauren teoria antropologikoari tiraka, uste dute landa dela gizakiaren berezko habitata, eta gizakia ona dela landan. Landan ez dago estresik, lasai bizi gara, naturarekin kontaktuan eta tribuan, elkarri lagunduz. Haien ustez hiriak gaiztotzen du gizakia. (Herrikoa den edonoren erantzuna izan litekeena: ados, baina ejem, herrietako klanak, ejem, ezinikusiak).

6. Exotismo naif-a praktikatzen dutenak. Topiko bat, landatarrendako: eta zuek zer egiten duzue arratsaldeetan? Wifia dago? Eta ikasketak izanik herrian geratzea erabaki duzu, e? Eta iluntzen duenean, nora zoazte?

Eta bada azken espezie bat aurrekoetatik aldentzen dena, zeren eta aurreko espezie gehienek hiria dute epizentro. Aldiz, azken espezie hau ez da guztiz urbanoa, behin landatarra izan zelako, eta epizentroa beti du desplazatua: dela hirian landako sentitzen delako, dela landan hiriko sentitzen delako.

7. Izaki amniotikoak. Jatorrizko berotasunaren bila bueltatzen direnak, eta amari bezala begirunez begiratzen diotenak landaguneari. Landa exodoa bizi izan dutenek osatzen dute talde geroz eta handiagoa. Bi azpitalde errekonozitu dira:

7.1. Spatarrak. Spara bezala, landara sendatzera, erlaxatzera, aste tarteko abiadura mantsotzera joaten direnak, familiakoen berotasunera. 7.2. Tuppertarrak. Landak ematen dituen kutixiak, normalean etxekoen sukaldetik pasa ostekoak, tupperretan gorde eta aste tartez landa apurrak jaten dituztenak.

Ikerlariaren emaitzak jasotzen ari den honek, ordea, azken espezie bat batuko luke zerrendan, zeren eta pentsatzen jarrita, berez landako ez diren asko ere sentsazio amniotiko horren bila joaten dira landara: izaki amniotiko adoptatuak izango lirateke; hiritar izanagatik ere jator-jatorrak, landa maitasunez eta distortsiorik gabe dute bizitzen.

(Azken oharra: anitz esker, Itziar Madina, poesia amniotikoa kontzeptua asmatzeagatik; ikusi duzu, Massachusettseko ikerlariak bere egin du, espezie anfibio hori deskribatzeko ezin aukera hoberik ebatzita).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.