Ismael Manterola
BEGIZ

Zorionak, San Telmo

2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
San Telmo museoak 120 urte bete ditu. Ez da ohikoa horrelako datak ospatzea, batez ere zenbaki borobiletan jartzen direlako mota horretako ospakizunak: 50 urte, 100 edo 150 (Guggenheim museoa 25. urteurrena ospatzen ari da). Baina, geure urtebetetzeekin gertatzen den bezala, beti dago ospatzeko motiborik eta, horregatik, pozteko modukoa da Euskal Herriko museorik zaharrenetakoa ospakizunetan murgilduta ikustea.

Interesgarria da ikustea XX. mendearen hasierak izan zuen emankortasuna museoak zabaltzerako orduan. Badirudi gizartearen talde batzuen artean oso zabalduta zegoela museoak behar zituztela kultur ondarea zaintzeko eta erakusteko. Goi mailako heziketa jaso zutenek eta arte edo etnografiazaleek, ondarea arriskuan zegoela konturatu bezain pronto, museoen beharra aldarrikatu zuten. Gizarte zibilak erakundeen erantzuna jaso zuen, eta udalak San Telmoren kasuan, edo aldundiak Nafarroako Museoaren kasuan, edo biak Bilboko Arte Ederren Museoari erreparatuta, museoen proiektu ilustratua babestu zuten.

San Telmo museoa 1900. urtean sortu zen, nahiz eta 1902ra arte ez zabaldu; urtebete lehenago Bonnat museoa zabaldu zen Baionan, XIX. mende bukaerako saiakera antzuak gainditu ondoren. Asko kostatako ahaleginen ondoren, 1908an osatu zen artea oinarritzat izan behar zuen Bilboko Museoa, 1914ra arte zabaldu ez bazen ere.

Hamar urtean, museorik gabeko herri bat izatetik, lau museo izatera pasatu zen Euskal Herria, bi arteari bideratutakoak: Baionakoa eta Bilbokoa, eta beste bi ondare etnografiko, arkeologiko eta historikoa gordetzeko, nahiz eta artelanak ere erakusten zituzten: Donostiakoa eta Iruñekoa.

Euskal Herria kultur burgesaren ereduan sartzen ari zen pixkanaka, batez ere XIX. mende bukaerako industrializazioari esker. Baina kulturaren aldeko ekimen horiek ez ziren elite batentzat pentsatutako erakundeak; behetik gorako bultzada ere sumatzen dugu proiektu horietako askotan, lehen aipatutako zaleek bultzatutakoak baitziren sarritan. Heziketa berezirik gabekoa, baina jakinduria handiko jendea zen, dirudunak batzuk, baina erdi-behe mailakoak asko. Horri gehitu behar diogu garai hartan oso zabalduta zegoen ideia: museoek gizartea hezteko funtzioa izan behar zuten. Horrek paternalismo kutsua bazuen ere, arteak publikoa izan behar zuen ideia ere azaleratu zuen. Gizartearen presioari ondo erantzun zioten euskal erakundeek, sarritan segmentu bereko jendea zegoelako udaletan eta aldundietan agintzen.

Herentzian jaso ditugun museoak asko aldatu dira ehun eta hogei urtean, baina garaietara moldatu dira, eta horregatik daude bizirik. XXI. mendearen hasierako erronka kultur funtzioa mantentzea izango da, denbora-pasa eta ikuskizun hutsal izatearen indar nagusiei ihes egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.