Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Zutabe hau has nezake esanez

2026ko ekainaren 14a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

a) FUCK SELE, TOURIST GO HOME, ACAB… We basque paint our walls with aldarrikapenas, most of them in euskera but some of them in english. Azkenekoa orain egun gutxi ikusi nuen, Selektibitateko azterketen harira. Eta horrek pentsarazi zidan zein erraz nahasten zaizkigun hizkuntzak mingainetan, pintadetan, gure burmuin-brains-etan. 

b) Behin BCBLko mezu bat jaso nuen. BCBL da Donostian dagoen ikerketa zentro bat: Basque Center on Cognition, Brain and Language. Ez dakit zein hizkuntzatan egiten duten lan, baina mezuak, euskaraz, hala zioen: ikerketa bat egin nahi zutela, eta horretarako ezker hemisferioko konexioak euskaraz egiten zituzten horien neuronen bila ari zirela. Aita euskalduna, ama gazteleraduna. Orduan pentsatu nuen: zein ote nire ama hizkuntza?

c) Beti iruditu zait problematiko ama hizkuntza kontzeptua. Bueno, beti-beti ez, baina aspaldi xamarretik bai: nire gogoetetan sartu-irtenean ibili den gaia da eta ikasturteko azken bala aprobetxatu nahi nuen gaiari heltzeko. Ziur nik hausnartu ditudanak hizkuntzalari eta neurozientzialari askok jada esan dituztela. Baina badakizue (oroit Angel Erroren bertso gogoangarria): «oro errana da, baina ez nik». Hortxe ba, denek errandakoa enegarrenez ber-errana. 

Eta sarrera amaiturik, jarrai nezake esaten:

a) Zein hizkuntzatan egiten duzu amets? Sarri esan ohi da hori dela zure ama hizkuntza zedarritzeko modu behinena. Ados. Baina aldi berean ez-ados. Ez dakit zuei ere antzeko gertatuko zaizuen, baina kontua da depende norekin amesten dudan hizkuntza batean edo bestean hitz egiten dudala. Are, sarritan amestu izan dut beste hizkuntza batean, eta esna baino puska bat hobeto hitz egiten dut ametsean. PD: ederrak dira halako amets poliglotak: gau batez italiar. Beste batez irlandar.

b) Ama hizkuntza zein den jakiteko erabiltzen den beste parametroa da pentsamenduarena: zein hizkuntzatan pentsatzen duzu? Eta hemen ere depende handi bat sortzen da. Adibidez: aita euskaldun zaharra da, baina administrazioan proiektu bat aurkeztu behar badu, gaztelaniaz pentsatzen du. Nire ikasle askok, D ereduan ikasiagatik ere gaztelania dutena haien hizketan —eta ametsetan— presenteen, ez dituzte unibertsitateko ikasketak gaztelaniaz egin nahi: «Baina nola egingo dugu mate gaztelaniaz? Pero si yo no sé hacer eragiketas en castellano». Azken adibidea: nekatuta nagoenean gaztelania errazago datorkit burura, baina adibidez literatura aiseago datorkit burura euskaraz. Unamumo pozik legoke, gutako askok filosofia gehiena gaztelaniaz irakurrita ere, errazago pentsatzen dugulako filosofikoki euskaraz. 
 
c) Ama hizkuntza da hizkuntzarik intimoena. Kontra egiten zail xamarra den egiaztapena, ezta? Izan etxean jasotzen delako edo txikitatik gugan sedimentatu delako, barren-barrenekoarekin modu zuzenagoan lotzen gaitu. Eta nahiko ados nengoen horrekin harik eta jakin dudan arte txinatar askok, antza, gauza intimoak askoz errazago kontatzen dituztela ingelesez. Dirudienez, hizkuntza berrian hitzen karga emozionala txikiagoa da, eta ez da hainbesteko lotsaz bizi kontatu behar dena (alegia, errazago dela I love you esatea maite zaitut esatea baino).

Eta bueno, hirua denez pitagorikoen zenbaki kuttuna, ez dut nik ba testuaren berezko hirutasun magikoa apurtuko, eta amaitu nezake esaten:

a) Bistan da ama hizkuntzaren kontu hau uste baino konplexuagoa dela: agian genealogia zabaltzea da hori guztia ñabarmentzen hasteko modua. Eta norberaren ama-hizkuntzaz mintzatu beharrean norberaren ama hizkuntza burokratikoaz, aita hizkuntza afektiboaz, ahizpa hizkuntza literarioaz, musikalaz, matematikoaz… hitz egitea. 

b) Kontzeptu honen zeraz inoiz baino hobe konturatzen naiz orain, non alaba hasi baita lehen hitzak esaten. Eta hor ikusten da oso ongi nola doan ama hizkuntza sortzen, inguruak erabat baldintzatua, nola ez: etxeko euskarazko hitzak, haur eskolako kideen gaztelaniazkoak, berak bere mundua izendatzeko beretik asmatutakoak… 

c) Hizkuntza a(s)matzeaz, lehen eta azken oharra: Europako lehen hizkuntza asmatua Hildegarda Bingengoak sortu zuen, XII. mendean: Lingua ignota (hizkuntza ezezaguna). Eta kuriosoa da, baina aldi berean ez-kuriosoa ere bai, zeren eta hizkuntza asmatua, hain justu ama hizkuntzatik urrutien dagoena, erabili zuen gehien maite zuen horrekin (Jainkoarekin) hitz egiteko, eta haren berria munduan zabaltzeko. Eta pentsatzen dut zenbat jenderendako izan den euskara hasiera batean lingua ignota bat, eta zein ederki eta xamurki egin duten bere; eta zein eder eta xamur diren etxe barrenean asmatzen diren hitzak ere, etxe hori partekatzen dutenenendako hain intimo eta munduarentzako hain ignota direnak.

Hildegarda de Bingenek asmatutako hizkuntzako alfabetoa. BERRIA
Hildegarda Bingengoak asmatutako hizkuntzako alfabetoa. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE