EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurten ere lekua izango du Donostiako Zinemaldian: irailaren 19an emanaldia eskainiko du, Belodromoan. Hori bera iragarria zen lehendik ere, baina orain, jaialdia hasteko hamar egun ere falta ez diren honetan eman dituzte emanaldiari buruzko xehetasunak, Tabakaleran eginiko prentsaurreko batean; Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos bera izan da tartean, eta gizonak izan dira beste bost hizlariak ere. Jakinarazi dutenez, EOSekin batera, Donostiako Orfeoia ere igoko da Belodromoko eszenatokira pieza batzuetan. Ohi denez, publikoak emanaldi berezi bat izanen du orduan parez pare: soinu banden interpretazio sinfonikoa eta filmetako eszenen muntaketaren proiekzioak uztartuta ikusiko dituzte.Â
18:00etan hasiko dute kontzertua. Iaz egin bezala, Juan Jose Ocon donostiarra arduratuko da oraingoan ere orkestra piezaz pieza zuzentzeaz. Carmelo Bernaolaren Verano Azul filmeko doinuekin hasi, eta Francis Lopezen El amor es como un ramo de violetas obrako musikarekin amaituko da emanaldia. Azken obra horretako kantuei Andoni Martinez Barañano tenorra getxotarrak jarriko die ahotsa.
Dena dela, emanaldia abiaraziko duen pieza bakarrik ez, Bernaolaren konpositorearen beste zenbait lan ere entzungo dira Belodromoan: Tormento, El jorobado de la morgue, La clave eta Espérame en el cielo… Eta harena ez da ikuskizuneko errepertorioan nabarmenduko den izen bakarra. Hain justu, haren piezen ostean entzungo baitira Carla F. Benedictoren Papeles, Beatriz Lopez-Nogalesen Sacamantecas, Diego Navarroren Winnipeg, el barco de la Esperanza eta Alfred Tapscotten Evolution, besteak beste. Gainera, Zinemaldiak zehaztu duenez, konpositore horietako batzuk eszenatokira igoko dira beren lanak aurkezteko.
2012ko Donostiako Zinemaldian egin zen famatu Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren parte hartzea, The Impossible filmeko soinu banda zuzenean interpretatu zutenean. Fernando Velazquezek konposatutako doinuak mundu osoan egin ziren sonatu orduan, eta, harrezkero, urtero aritu da orkestra, SGEA Fundazioarekin batera, ikuskizuna antolatzen.

Eta zinemaldia bizitzeko modu desberdin bat ikusten dute askok Belodoromoko ikuskizun horretan, ordutik. Izan ere, zenbaiten irudiko, filmetan ohikoa da musika bigarren plano batean geratzea, eta, kontrastean, alderdi musikalak protagonismoa hartzen du kasu honetan. Irudia bihurtzen da musikaren osagarri, eta ez alderantziz: filmetako eszenen muntaketek osatzen baitute esperientzia musikala. Aurten, Morgancrea taldeak sortu du irudi muntaketa, eta 400 metro kuadroko pantaila batean emango dira.
Sarrera doakoa den arren, gonbidapena beharrezkoa da. Irailaren 12an zabalduko dute hura eskuratzeko epea, eta irailaren 18an amaituko da. Bi gunetan eskuratu ahalko dira sarrerak: batetik, Zinemaldiak Kursaal jauregian duen informazio puntuan, eta, bestetik, Donostiako turismo bulegoan, 9:00etatik 20:00etara, astelehenetik igandera. Sarrerak soberan geratzekotan, Belodromoko leihatiletan jaso ahalko dira kontzertuaren egunean bertan, goizeko 10:00etatik aurrera.
Sari berriak
Hamalaugarren edizioa da aurtengoa, zehazki. Urteotan guztietan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 70 filmeko soinu bandak interpretatu ditu: hala nola Handia, Errementaria, Arrugas, Los crimenes de Oxford lanetakoak. Horretaz gain, konposaketa lanetan ere ibili da orkestra hainbat filmetarako; Patria eta Maixabel lanetarako, adibidez.
SGAEk ere urteak daramatza Zinemaldian batera do bestera parte hartzen. Besteak beste, fundazioak Made in Spain lehiatik kanpoko saila antolatzen du 2012tik, eta, hain justu ere, gaur jakinarazi dute Rodrigo Sorogoyenen El ser querido filma ere bilduko dutela aurten sail horretan. Zerrenda horretako filmak Madrilgo Berlanga Aretoan proiektatuko dira irailaren 22tik 26ra bitarte.Â
Aurten, gainera, berrikuntza bat ere badakar SGEAk. Donostiako Zinemaldiarekin batera, Jatorrizko Musika Onenaren SGEA Saria sortu dute. Hori horrela, Zinemaldiko sail ofizialaren parte diren hamazazpi filmetako baten soinu banda sarituko dute. Donostiako Zinemaldiak jakinarazi duenez, sariarekin «jatorrizko musika konposizioaren bikaintasuna eta lan zinematografiko osoari egindako ekarpen artistikoa» goraipatuko dira.Â