Musika

Andy Taylor hil da, Duran Duran taldea gailurrera eraman zuen gitarra jotzailea

Taylorren gitarra jotzeko moldeak Duran Duran pop talde enblematikoa ezaugarritu zuen, eta taldeak, berriz, 1980ko hamarraldiko New Romantic mugimendua. 65 urtetan hil da.

 Simon Le Bon,  John Taylor eta Andy Taylor, Duran Duran taldeak Budapesten emandako kontzertu batean. TIBOR ILLYES / EFE
Simon Le Bon, John Taylor eta Andy Taylor, Duran Duran taldeak Budapesten emandako kontzertu batean. TIBOR ILLYES / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2026ko azaroaren 26a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrantzale familia bateko semea zen Andy Taylor. 1961ean sortu zen, Ingalaterra ipar ekialdean; zehazki, Tynemouthen. 11 urte zituela, gitarra jotzen ikasten hasi zen, eta hortik aurrera ez zuen besterik nahi izan. 13 urterekin eskola utzi zuen, eta, inguruko taldeetan jotzen hasi ostean, lanbide bilakatu zuen bere pasioa. Ingalaterran ez ezik, Europa osoan ibili zen batzuekin eta besteekin. Duran Duran taldearekin egin zen ezagun, 1980ko hamarraldian, eta bi disko arrakastatsu plazaratu eta gero, bakarkako ibilbidea abiatu zuen. 65 urtetan hil da, prostatako minbiziaren ondorioz. 

1980an hango eta hemengo taldetan ari zen gitarra jotzen, harik eta musika aldizkari bateko iragarki batek arreta eman zion arte. Izenik aipatu gabe, «energia handiko gitarra jotzaile baten bila» ari zirela irakurri zuen bertan, eta proposatutako audizioan agertu zen. Hura izan zuen Simon Le Bon, Nick Rhodes, John Taylor eta Roger Taylorrekin elkartu eta Duran Duran taldeko kide bihurtzeko bidea.

Elkarrekin lanean hasi orduko iritsi zitzaien lehen kontratu garrantzitsua, EMI diskoetxearekin, eta urtebeteren buruan, 1981ean, lehen diskoa plazaratu zuten: Duran Duran. Harekin sona handia lortu zuten Ingalaterran, baina haien bigarrenak eman zien nazioarteko proiekzioa: Rio diskoak. New Romantic mugimenduaren garaia zen, eta Duran Duran taldeak synth-pop melodiko eta elegantea zuen ezaugarri behinena. Garrantzi handia ematen zioten irudiari, eta anbizio handiko bideoklipak plazaratu zituzten irudi landu horren mesedean.

Riff indartsuak

Hala, 80ko hamarkadako pop talde garrantzitsuenetako bat izatera iritsi ziren. Bide horretan ezinbestekoa izan zen Taylorren moldea, riff indartsuz josia. Doinu gehienetan nabarmentzen zen haren gitarra, kasurako, Girls on Film abestiaren sarrerakoan. Konposizioaz ere arduratu zen, eta taldearen abesti arrakastatuenetariko askoren genesian parte hartu zuen, hala nola Save a Prayer, Rio, Girls on Film edota Hungry Like the Wolf abestietan.

Taldeak ez zuen, ordea, asebete. Lehen bi disko horien ostean, bakarkako ibilbidea abiatu zuen Taylorrek, eta 1987an bere lehen diskoa eman zuen argitara: Thunder.

Horrez gain, besterentzako konposatzen eta diskoak produzitzen ere aritu zen; baita gitarra jotzen ere, Rod Stewart, Belinda Carliste eta beste artista batzuen taldeetan,

2000. urtean Duran Duran taldera itzuli zen, baina ez luzerako. 2004an, Astronaut diskoa argitaratu zuten, eta Dance Macabre diskoan ere parte hartu zuen Taylorrek, baina taldetik aterea zen ordurako.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA