Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapenaren buruan jarri da Ane Labaka Mayoz, atzo Elgoibarko saioan irabazita. Labakak 458,5 puntu batu zituen final-zortzirenekoan. Haren atzetik, bigarren izan zen Jokin Uranga Isuskiza (443,5), hirugarren Eñaut Martikorena Lizaso (437), laugarren Iñaki Gurrutxaga Zubimendi (430), bosgarren Unai Gaztelumendi Arandia (424,5) eta seigarren Endika Igartzabal Murua (403,5).
Zumarragako final-zortzirenekoan, berriz, Unai Mendizabal Jauregik batu zituen puntu gehien, eta bera dago sailkapen orokorreko bigarren postuan, Labakarengandik bederatzi puntura (449,5). Larunbateko saioan, Nerea Elustondo Plazaola izan zen bigarren (439,5), Iñigo Izagirre Urteaga hirugarren (419), Mikel Tapia Aierbe laugarren (417), Eli Pagola Apezetxea bosgarren (416) eta Iker Ormazabal Ojeda seigarren (378).
Labakarekin eta Mendizabalekin batera, final-laurdenetarako zuzenean sailkatu dira aurreko final-zortzirenetako irabazleak ere: Haritz Mujika Lasa, Beñat Iguaran Amondarain, Beñat Lizaso Alberdi eta Gorka Maiz Alustiza dira sailkatuak.
Asteburuan jokatuko da azken final-zortzirenekoa, Lasarte-Orian. Urriaren 5ean, taula gainean izango dira Aitor Salegi Martija, Eneko Araiztegi Agirre, Iñaki Zelaia Irazusta, Mikel Artola Izagirre, Oier Aizpurua Olaizola eta Unai Izagirre Etxeberria.