Animezaleek jaialdian zuten presentzia ikusirik, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko antolatzaileek pauso bat gehiago ematea erabaki zuten iaz, eta, horretarako, Animedon atala sortu zuten. Japoniar animazioaren zaleentzako hainbat jarduera antolatu zituzten, eta, izandako harreraz jabetuta, aurten bigarrenez antolatu dute topaketa; urriaren 31tik azaroaren 8ra bitarte egingo dute.Â
Aurtengoan Fujiko Fujio bikoteari egingo diote omenaldia. Hiroshi Fujimoto eta Motoo Abiko marrazkilariek osatutako izen artistikoa da. 40 urteko ibilbidean 50 telesailetik gora sortu zituzten elkarrekin, 1987an bikotea desegitea erabaki zuten arte. Fujiko Fujioren lanik esanguratsuenetako batzuk hauek izan dira: Doraemon, Kiteretsu Daihyakka —Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra izenez ekarri zen euskarara— eta Hattori Ninja. Hain zuzen ere, hiru telesail horien atal batzuk proiektatuko dituzte azaroaren 1ean, 12:00etan, Viktoria Eugenia antzokian. Doraemon-en lehen atala (1979), Doraemonen jaiotza (1995) izeneko atal berezia, Hattori Ninja-ren lehen atala (1981), eta Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra telesailaren lehen atala (1988) egongo dira ikusgai. Saioan Ane Aseginolaza eta Arantxa Moñux bikoizleak egongo dira —Doraemonen eta Nobitaren euskarazko ahotsak, hurrenez hurren—, eta Irati Errandonea kazetariak gidatuko du jarduera. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira; Viktoria Eugeniako leihatilan edo Donostia Kulturaren webgunean. Urriaren 27tik aurrera egongo dira eskuragarri.
Animedonen helburuetako bat zinema aretoetan orain arte ikusi ez diren edukiak eskaintzea da. Euskal Herrian lehenengoz ikusi ahal izango diren hiru film proiektatuko dituzte aurten. Saioak Viktoria Eugenian izango dira, 19:00etan, azaroaren 1ean, 2an eta 3an. Pelikula guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin. Azaroaren 1ean Baku Kinoshitaren The Last Blossom proiektatuko dute; 2an, Kenichiro Akimotoren All You Nees Is Kill; eta 3an, Gensho Tasudaren Make a Girl.Â
Hitzaldiak, erakusketak eta rol jokoak
Urriaren 25ean One Piece telesailari buruzko hitzaldi bat emango dute FNAC dendako aurkezpen gunean, 12:00etan. Luffy eta Luffy, bi ahots, bi belaunaldi izena jarri diote saioari, eta bertan izango dira Xabier Alkaiza —telesaileko protagonistari ahotsa jarri zion euskarazko bertsioan— eta Jon Samaniego —One Piece-ko akziozko bertsioan ahotsa jarri zion Luffyri—. Bestalde, urriaren 23an, leku berean, Harriet argitaletxeko Mikel Murok 2025-2026 aldirako manga nobedadeei buruz hitz egingo du. 19:00etan izango da jarduera.
Aurtengo aldirako bi erakusketa prestatu dituzte antolatzaileek. CinegÄ“mu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideojokoan izango da horietako bat, azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai Okendo kultur etxean. Urriaren 31n Euskadi Fantastikoa 21 – MarĂa Jimenez & Letucse: Manga eta ilustrazioa erakusketa irekiko dute, Liburutegi Nagusian.Â
Bestelako hainbat jarduera ere programatu dituzte jaialdiak iraun bitarterako. Batetik, euskarazko rol jokoen bi saio izango dira —Death Note eta Dragoi Bola telesailetan oinarrituta—; bata, azaroaren 7an, Egiako kultur etxean, eta bestea, azaroaren 8an, Ebla liburu dendan. Bestetik, azaroaren 1ean, Bulebarrean, besteak beste tailerrak, makillaje guneak eta ihes kutxak egongo dira, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea hasiko dela ospatzeko.