Gaur egungo musika sorkuntza bultzatzea eta euskal konpositoreen lanen hedapenean laguntzea. Horiexek dira Musikagileak zirkuituaren helburu nagusiak. Egitasmoaren beste denboraldi bat martxan da jada, hamazazpigarrena, eta 2027ko otsailaren 13ra arte iraungo du. Guztira, hamahiru kontzertu programatu dituzte, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Beste urte batez, Euskal Herriko musikariak eta konpositoreak gonbidatzeaz gain, nazioarteko profesionalak ere ekarriko dituzte.
Jon Esnaola Musikagileak elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak azaldu du aurtengo gako nagusia aniztasuna dela. Haren esanetan, kontzertu sinfonikoak, koralak, ganbera musikako formatu desberdinetakoak eta bakarlariak izango dira: «Proposamenak Euskal Herriko hainbat hiri eta gunetan programatuta, lurralde osoko publikora iritsi nahi dugu, egun konposatzen ari den musika gizarteratzeko apustua eginez». Bilboko Orkestra Sinfonikoa, La Pamplonesa, Sigma Project eta Kuraia Ensemble dira Euskal Herriko parte hartzaileetako batzuk. Nazioartekoei dagokienez, Vicente Moronta Venezuelako oboe jotzaileak, Quatour Bela Frantziako hari laukoteak eta Trio Magadis Frantziako harpa laukoteak emango dituzte kontzertuak.
Musikari gazteei bidea zabaltzen die zikloak, eta haien lanak entzuteko aukera ere egongo da aurtengo aldian. Hain zuzen, konposizio ikastaro bat emango du Elena Mendoza musikari eta konpositoreak, eta bertan izango diren parte hartzaileek urriaren 17an erakutsiko dituzte beren lanak, Musikenen. Bertan, hamahiru konpositore gazteren piezen estreinaldi absolutuak izango dira entzungai. Saioa amaitzeko, Kuraia Ensemble taldeak kontzertua emango du. Ez da estreinaldi bakarra izango, ordea. Musikastek enkargua egin dio Pedro Gonzalez Bartzelonako konpositoreari Azpian pieza sortzeko; 1813an Donostian izandako sarraskia du oinarri, eta Duo Signal bikoteak interpretatuko du lehenengoz. Abenduaren 12an izango da emanaldia, San Telmo museoan.
Elkarlana
Maria Zubimendi Musikagileak elkarteko idazkaritza teknikoko arduraduna da, eta alboan dituzten antolakunde eta erakundeei egin die aipamena. Horietako bat da, esaterako, Gasteizen egiten duten Bernaola zikloa. Ziklo horrekin elkarlanean programatu dute otsailaren 13an Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan Carlota Caceres perkusionistak emango duen kontzertua. Bestalde, Quatour Bela taldearen kontzertua ere nabarmendu du: Donostiako Viktoria Eugenia Club aretoan ariko da laukotea azaroaren 25ean.
Kontzertuez gain, Musikagileak zirkuituak formazio saioak eta jardunaldiak antolatu ditu aurten ere. Adibidez, Vicente Morontak oboearen interpretaziorako eskola emango du; Trio Magadis taldeko kideek, harpa ikastaro bat; eta Chroma Kollektivekoek, ganbera musikako saio bat.
Gainera, Musi-Meet jardunaldia antolatu dute abenduaren 12rako, San Telmo museoan. Musika munduko profesionalak hartuko ditu jardunaldi horrek.