Iraila hasieran iragarri zituzten aurtengo Kutxa Fundazioa Irun Literatura sarien irabazleak —Karlos Linazasoro (Bazter utzietan) eta Garazi Kamio (Moebiusen ertzak)—, eta sari banaketaren egunean beste aitortza bat ere egingo dutela jakinarazi dute gaur antolatzaileek: Ibilbide saria emango diote Anjel Lertxundi idazleari. Euskarazko liburuen sektorea ordezkatzen duten lau erakundek hala proposatuta hartu dute erabakia —EEE Euskal Editoreen Elkarteak, EIE Euskal Idazleen Elkarteak, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak eta haur eta gazte literaturako Galtzagorri elkarteak—, eta azaroaren 22an jasoko dute guztiek beren saria, Irungo (Gipuzkoa) kontserbatorioan.
Euskal letretan ibilbide luze eta oparoenetako bat duen idazlea da Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948). Nobela, narrazioa, saiakera, haur eta gazte literatura, prentsarako artikuluak, zinemarako gidoiak eta itzulpena jorratu ditu hamarkadetako jardunean, eta lan ugari argitaratu ditu. Lehen liburua 1970ean kaleratu zuen, Hunik arrats artean (Lur), eta iaz, berriz, gaur arteko azkena, Berbelitzen hiztegia (Alberdania). Eta bi mutur horien artean eman ditu argitara Hamaseigarrenean, aidanez (Erein, 1983) Kapitain frakasa (Erein, 1991) eta Argizariaren egunak (Alberdania, 1998) nobelak, baita Eskarmentuaren paperak (Alberdania, 2009) saiakera ere, beste askoren artean.
Beste sariak
Hainbat sari ere jaso ditu literatur jardun horregatik, eta Irungoa ere ez da izango ibilbidearengatik jasoko duen aitortza bakarra. 2010ean, Rosalia de Castro sariaren bidez txalotu zuten haren urteetako lana, eta berdin 2019an, Literaturia jaialdian, Zarautzen (Gipuzkoa). Euskaltzaindiko kide urgazle eta ohorezko kide era bada, gainera.
Lertxundi, Linazasoro eta Kamioz gain, beste bi euskal idazleren lana ere nabarmendu du aurten 46. Irun Literatura sarien epaimahaiak. Maite Lopez Las Herasek eta Txema Garcia-Vianak aipamen berezi bana jasoko dute, Oren hilak poema liburuarengatik eta Bidaiak, laztanak eta orbainak eleberriarengatik, hurrenez hurren.
 
     
    