Literatura

Annie Ernauxen 'Emakume izoztua' nobela euskaratu dute

Gema Lopez Las Herasek euskaratu du, Jokin Zaitegi beka irabazita. Elkarrek argitaratu du lana. Urtebeteko epea izan du, eta «erronka handia» izan dela adierazi du.

(ID_13424438) (Andoni Canellada/@FOKU) 2023-12-13, Donostia. Annie Ernauxen 'Emakume izoztua' itzulpenaren aurkezpena
Gema Lopez Las Heras, atzo, Donostiako Elkar liburu dendan egin zen aurkezpena baino lehen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abenduaren 13a
19:00
Entzun

«Euskara biziko bada, eta kultura hizkuntza bada, munduan sortzen den kultura euskaraz eman behar da». Hori zioen Jokin Zaitegi idazle eta itzultzaileak. Duela 40 urte pasatxo zendu zen, baina, hala ere, haren funtsak bizirik dirau. «Kultura unibertsala euskarara ekartzen izugarrizko lana egin zuen», esan du Elkarreko editore Xabier Mendigurenek. Urtero, haren izena duen sariketa antolatzen dute Arrasateko Udalak, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak, Laboral Kutxak eta Elkar argitaletxeak. Urte horretan literaturako Nobel saria jaso duen idazlearen lan bat aukeratzen dute antolatzaileek, eta hura euskaratzeko lehiaketa jartzen dute martxan.

Aurten, Annie Ernauxen Emakume izoztua argitaratu dute; 2022an eman zioten Ernauxi literaturako Nobel saria. Aiora Jakak, Nora Arbelbidek eta Joseba Urteagak osatu zuten epaimahaia —Urteaga izan zen Ernauxen lanak euskaratzen hasi zen lehena—, eta haiek erabaki zuten Gema Lopez Las Heras garaile izendatzea. Urtebeteko epea izan du nobela euskaratzeko.

Ernauxi euskaraz argitaratu zaion seigarren lana da Emakume izoztua, eta egilearen hirugarren liburua. 1974an argitaratu zuen lehen eleberria, Les Armoires vides —euskaratu gabe dago—, eta geroztik hogeitik gora nobela kaleratu ditu. Landa eremuko familia batean hazi zen Ernaux, eta inguru horretatik alde egitea erabaki zuen gaztea zela. Ikasketak amaitutakoan, literatura irakasle izan zen institutu batean, harik eta liburuak argitaratzetik bizimodua ateratzea lortu zuen arte.

Nobela autobiografikoak

«Bere jatorritik zergatik urrundu zen ulertzeko hasi zen idazten», azaldu du Lopez Las Herasek. Horregatik, literatura «ia erabat» autobiografikoa egiten du idazleak. Bere bizi esperientziak fenomeno sozial orokorrak azaleratzeko baliatzen ditu liburuetan. Euskaratu berri den nobelan, protagonistak 30 urte ditu, ezkonduta dago, bi seme ditu, eta irakaslea da. Kanpotik ondo bizi den emakume bat dela dirudien arren etxean «kaiolatuta» sentitzen dela gehitu du itzultzaileak.

Bere amets, ilusio, pasio eta zaletasunak alde batera utzi behar izan ditu, gizarteak ezarri dion rola bete ahal izateko: ama, emazte eta etxekoandre izatea. Emakumeak bere buruari galdegiten dio nola bilakatu den hain «menpeko, otzan eta esaneko»; azken finean, nola bilakatu den emakume izoztu bat. Galdera horri erantzuteko asmoz, bere buruari atzera begiratzeko ariketa egiten du Ernauxek, haurtzarotik hasi eta heldutasunera arte. Besteak beste, genero rolen, gizonen eta emakumeen arteko botere harremanen, sexualitatearen, amatasunaren eta gizarteak emakumeen gain jartzen duen presioaren inguruan hausnartzen du eleberrian. Barne gatazka bat izaten du idazleak, emakume libre bat izatearen eta gizartearen joerei jarraitzen dien emakume bat izatekoaren artean: «Bidegurutze horretatik nola atera jakin ezinda igarotzen du nobela osoa», azaldu du Lopez Las Herasek.

«Asko eskatzen duen liburu bat da; ez da irakurketa arina. Patxadaz irakurri eta digeritu behar da». GEMA LOPEZ DE LAS HERASItzultzailea

Duela 40 bat urte argitaratu zen arren, liburuko gogoeta eta ideiak gaur-gaurkoak dira oraindik ere, itzultzaileak esan duenez. Esaterako, Ernauxek aipatzen du zalantza duela ea noizbait gizartean gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagertuko ote diren. Lopez Las Herasentzat, egilearen lanik osatuenetako bat da Emakume izoztua. Izan ere, idazlearen mundua «ondoen» azaltzen duen eleberria da. Gertakizuna liburuan, abortuaz hitz egiten du, eta Lekua-n, bere aitaz.

'Niaren' literatura

«Asko eskatzen duen liburu bat da; ez da irakurketa arina. Patxadaz irakurri eta digeritu behar da». Ez da lan erraza izan itzultzailearentzat Ernauxen estilo «bizi eta kaotikoa» euskarara ekartzea; hala ere, maitasun handiz egin duela ere esan du. Bere istorio eta bizipenetatik abiatuta ere, kontakizun kolektiboak sortzea lortzen du idazleak. Lopez Las Herasentzat, estilo neutro eta laua erabiltzen du Ernauxek; metafora eta emoziorik gabea. Batez ere, laugarren lanetik aurrera jarraitu dio estilo horri, eta lehen hiruretan ez da hainbeste nabaritzen: «Emozioen, sentsazioen eta sentimenduen nahas-mahasa dago eleberri honetan», azaldu du itzultzaileak.

Gaineratu du liburua irakurtzen hasterakoan agian irakurleari nekeza suerta dakiokeela Ernauxen idazkera, baina segituan ohituko dela. Itzulingururik gabe idazten du Ernauxek, gauzak gehiegi apaindu gabe: «Hitzak labankadaka bezala daude kokatuta, presaka idatzita egongo balira bezala. Badirudi pentsatzen edo sentitzen zuen hori ahazteko beldurra zuela». Era berean, gizartea epaitzeaz gain, bere burua ere epaitzen du etengabe, itzultzaileak azaldu duenez.

Hurrengo deialdia

Xabier Mendigurenek esan du martxan dela hurrengo Jokin Zaitegi sariketa. Jon Fosse Norvegiako idazleak jaso du aurtengo literaturako Nobel saria. Parte hartzeko interesa dutenek abenduaren 31ra arte izango dute epea antolatzaileek Fosseren lan batetik hartutako lagina euskaratuta aurkezteko; [email protected] helbidera bidali beharko da testua, itzultzailearen datuekin batera. «Espero dugu urtebete barru lehen aldiz Jon Fosseren lan bat euskaraz aurkeztea», gehitu du Mendigurenek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.