Antoni O’Breskey
Oinarri klasiko sendoa duen musikaria izaki, Antonio Breschik maitasun berezia garatu du irlandar herri-musikarekiko (hainbesteraino, ezen lanik irlandarrenetan Antoni O’Breskey izenarekin sinatzen baititu diskoak). Gainera, italiar konpositore eta piano jotzaileak badu harreman berezia Euskal Herriarekin, gure hizkuntzarekin eta kulturarekin. Zenbait elkarlan eginak ditu (Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai...) eta euskal erreferentziak dituzten bost disko gutxienez. Azken disko hau, agidanez, irlandar adarrekoa da, eta ederki azaltzen du zertan datzan musikariaren proposamen musikala: pianora ekarritako musika garaikideen eta herri-musiken arteko entsalada pertsonal eta zaporetsua. Horretarako, ez du beldurrik beste zenbait musikariren eta kantariren laguntza jasotzeko. Arretaz entzutekoa.