Hilberria

Antonio Lobo Antunes literatura portugaldarraren idazle erreferentea hil da

30 liburutik gora eman zituen berrogei urteko ibilbidean, eta behin baino gehiagotan izan zen Literaturako Nobel saria irabazteko hautagaien artean. Kolonialismoari eta memoriari buruzko gogoetak sarri nabarmendu dira haren obran. 83 urterekin zendu da.

Lobo Antunes, 2019an, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
Lobo Antunes, 2019an, Bartzelonan. TONI ALBIR / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko martxoaren 5a
11:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Portugalgo letren territorioan, harena da azken mendean oihartzun gehien egin duen izenetako bat: Antonio Lobo Antunes. Erreferentziazko idazlea sorterrian, berrogei bat urteko ibilbide emaritsuan hogeita hamarnaka liburu idatzitakoa, eta, are, Portugalgo mugez gaindi ere, nazioartean, irakurleen zein kritikaren oniritzia eta babesa erdietsitakoa izan da autorea. Gerraren aztarna, kolonialismoarekiko begirada zorrotza eta memoriaren zuloek piztutako kezka paperera ekartzeko erakutsitako gaitasunak Literaturako Nobel sarierako ohiko hautagai ere bihurtu zuen zenbait urtez. Azkenerako, Suediako Akademiaren deia jaso gabe, baina zakukada bat aitortza eta estimu keinu mordoa jaso ondoan eman du azken hatsa Lobo Atunesek. Gaur hil da, 83 urterekin.

1942an jaio zen, Lisboan, maila sozioekonomiko aski handiko familia batean, eta psikiatra izan zen ikasketaz eta ofizioz. Besteak beste, mediku militar jardun zuen Angolako independentzia gerran, 1971etik 1973ra zehazki, eta aldi horretako esperientziak utzitako arrastoa nabarmena izan zen ondotik urratutako bide osoan; baita, preseski, literarioan ere. Belarri bateko entzumena galdu zuen, gorreria are gehiago gaiztotu zitzaion bizialdiaren hondarrean, komunikazioa nabarmen trabatzeraino, baina, are, eta gabezia fisikoak alde batera, gerraren aztarnaren printzak literaturan kabiarazteagatik ere bada ezagun idazlearen Angolako esperientzia. Hark, dena dela, sarri gezurtatu zuen halakorik: ukatu egiten zuen horri buruzko libururik idatzi izana. 

1979an egin zuen debuta nobelagintzan, MemĂ³ria de Elefante eleberriarekin. Lan horrek protagonistaren krisi existentzala du muina, eta Lisboan bizi zen psikiatra bat da pertsonaia nagusia, hain justu, Lobo Antunesen beraren alter ego bat. Gizakiaren ahuldadeak azaleratu nahia antzeman daiteke, orriz orri, narrazioan. Nobelak kolpez jaso zuen arrakasta, eta bultzada handia eman zion aurrerantzean kasik 40 urtez eginen zuen ibilbide emaritsurako. «Konpultsiboki» idazten zuelako ideia sarri murmuratu da hari buruz mintzatzeko garaian.

Eta, izatez, halako bulkada etengabe bat sentitzen zuela aitortu zuen Lobo Antunesek, hitz erdizka izanik ere, 2013an BERRIAri emandako elkarrizketan: «Erruduntasun sentsazio bat badago lan egiten ez duzunean. Eta ni errudun sentitzen naiz, lanik egiten ez badut. Sentitzen dut horretarako egin nindutela. Eta familiarentzat konplikatua da hori. Ni ez nintzateke biziko idazle batekin».

Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdian mintzatu aurrean hitz egin zuen egunkariarekin Lobo Antunesek. Jendaurrean eginiko hizketaldian, haurtzaroko garaietarako egin zuen atzera idazleak, eta gogora ekarri zuen, esaterako, 7 edo 8 urte baizik ez zituenean muntatu zuen bere lehenbiziko liburua, azalean honako tituluarekin: Lobo Antunesen obra guztiak. Hartan esandakoen arabera, 12 urte zituela esan omen zion amari, lehenengoz, idazle izan nahi zuela. «Idazleak beti ari dira gezurretan. Perfilez posatzen ari dira eternitaterako, eta jendeak ze jakintsuak eta kultuak diren pentsa dezan nahi dute, eta, horregatik, haientzat garrantzitsuak izan diren autoreez galdetuz gero, berehala aipatzen dituzte Homero eta halakoak, baina hori gezurra da. Niretzako Flash Gordon eta antzeko komikiak izan ziren lehen eragin garrantzitsua, hori irakurtzen nuelako, eta horregatik hasi nintzelako idazten. Askoz ere beranduago irakurri nituen autore handi deitzen diren horiek. Horiek izan ziren idazteko gogoa piztu zidatenak».

29 eleberri eta bestelako beste bost liburuki eman zituen osotara; besteak beste, zenbait urtez astez aste Visao aldizkarian argitaratutako kronikak bildu zituen argitalpen berezi horietan. Haren obra osoan, titulu hauek dira sona gehien erdietsi dutenetako batzuk: Os Cus de Judas (1979), Fado Alexandrino (1983), Boa Tarde Ă s Coisas Aqui em Baixo (2003), Eu Hei-de Amar Uma Pedra (2004), Ontem NĂ£o Te Vi Em BabilĂ³nia (2006), Que Cavalos SĂ£o Aqueles Que Fazem Sombra no Mar? (2009). 

Bakarra irakur dakioke euskaraz: Gauzen ordena naturala —jatorrizkoan, A Ordem Natural das Coisas (1992)—. Sona handien jaso duten lanen artean dago hori ere. Alberdania, Igela eta Erein argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumara ekarri zuten 2013an, Iñigo Roqueren itzulpenarekin, eta, hain justu, itzulpengintzako Euskadi saria jaso zuen hark 2014an lan horrengatik. Orduko hartan epaimahaiak plazaratu zituen azalpenetan, Lobo Antunesen lan bat itzultzeak berez daukan zailtasunean egin zuten azpimarra akademiakoek. Eta, hain justu, orduan ere agerian utzi zuten portugaldarraren idaztankerari buruz gehien nabarmendu eta aitortu izan zaizkion ezaugarrietako bat: bihurritzeko joera. 

Errezeloek eta lehiak

Aspaldi, haren literatur ibilbide artean erdibidean zela hasi zen idazlea aitortza nabarmenak jasotzen, sorterrian zein handik kanpo. 2007an, esaterako, Camoes saria jaso zuen, Portugalgo letren aitortza handienetako bat. Gala eta guztiz, hainbatetan mintzatu izan zen errezeloz bateko edo besteko sariei buruz. Baita saririk sarienari buruz hitz egiterakoan ere. «Kaka Nobelentzat. Sariek ez dituzte liburuak hobetzen».

Bestalde, inoiz jasotzen ahalko zuen Nobel sariaren bueltakoa, besteak beste, Lobo Antunesen figurarekin lotu izan zen polemika nabarmenetako bat. Urteetan, ikusmira handia piztu zuen Jose Saramagorekin zeukan etsaitasunak, jakina baitzen harekiko sentitzen zuen ezin ikusia. Edonola ere, duda hau ere zabaldua da egun: liskar hori ez ote zen, egiaz, hedabideek eta iritzi publikoak zabaldu baino apalagoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.