Hilberria

Antonio Oteiza eskultorea hil da

Jorge Oteizaren anaia gaztea zen, eta harekin lan egin zuen Arantzazuko basilikaren proiektuan. Arte erlijiosoan jardun zuen bereziki. 99 urterekin zendu da.

Antonio Oteiza eskultorea, 2007an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Antonio Oteiza eskultorea, 2007an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko abuztuaren 4a
15:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Antonio Oteiza artista hil da, 99 urterekin. 1950eko hamarkadan hasi zen eskulturan, eta, ordutik, arte erlijiosoan jardun zuen batez ere. Apaiza zen, eta misiolari izan zen zenbait urtez; Kuban aurrena, eta Kolonbian eta Venezuelan ere bai ondotik. Hain zuzen ere, atzerrian izandako aldi haiexetan lotu zitzaion arteari lehenbiziko aldiz —«premiagatik», haren esanetan—. Edonola ere, familia giroan ere izan zuen arte influentziarik: Jorge Oteizaren (Orio, Gipuzkoa, 1908 - 2003) anaia gaztea zen Antonio.

Ameriketatik bueltan, Madril izan zuen bizitoki Antonio Oteizak, eta bertan garatu zuen ibilbide artistikoa gehien. Formakuntza jaso zuen, eta, apurka, hainbat material lantzen hasi zen bere piezetan: zura, harria eta zeramika, batez ere. Zenbait erakusketa egin zituen: 2011n Donostiako Kutxa Boulevard aretoan bistaratutako Gizakiez eta santuez, kasurako. Berrehun piezatik gora bildu zituen horretan.

Denboraren joanarekin ere, arte erlijiosoaren gerizpean segitu zuen lanean Oteizak, baina sarri mintzatu zen kritiko artearen adar horren egoerari buruz. Hark egoera «eskasa» bizi zuela nabarmendu zuen, esaterako, 2011n BERRIAri eginiko adierazpen batzuetan. «Eta horren errua goikoek dute, gotzainek eta. Irudiaren gizartean bizi garela esaten dugu egun, eta gizakiari lotuta badago, Elizak irudia bere mezua hedatzeko bide gisa erabiltzen jakin behar luke. Baina ez du horrelakorik egiten», argudiatu zion tesia egunkariari.

Aldi berean jorratu zuten eskultura Antonio eta Jorge anaiek, baina behin baizik ez ziren aritu elkarrekin lanean. 1960ko hamarkadaren hondarrean izan zen hori: Jorge Oteiza Arantzazuko basilikaren proiektuan sartua zegoen buru-belarri, eta anaia gazteagoa ere hartan aritu zen tarte batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.