56 urte igaro dira Antton Valverdek musikan lehen pausoak eman zituenetik. Ordutik, hainbat eta hainbat lan kaleratu ditu, bakarka zein beste artista batzuekin batera. Urte horietan guztietan gauza asko jazo zaizkio piano jotzaileari, baina, dioenez, ez azken hilabeteetan bezainbeste. «Zain nago hurrengo emaitza noiz etorriko den», egin du barre. Besteak beste, Donostia Kulturaren Adarra saria jaso baitu aurten musikariak, eta, sariaren bultzadarekin —Valverderi omenaldia egiteko asmoz eman diote—, antologia bat argitaratu du orain Elkar argitaletxeak. «Kaxoian gordeta» zuten proiektu bat zela azaldu du Andres Kamio Jitu Elkarreko musika arduradunak argitalpenaren aurkezpenean: «Noizbait hitz egin izan diot Valverderi ere lan honen inguruan, eta saria jaso ostean erabaki genuen azkenean argitaratzea, merezi baitu guk ere omenaldi txiki bat egitea».
Bere kantuetan, hainbat euskal letragileren hitzak musikatu ditu Valverdek urte luzez, eta bi izan ditu hasieratik iturri nagusiak: bertsoak eta olerkiak. Kamiok azaldu du, hain justu, bi iturri horiek uztartzen saiatu direla bilduman. Denera, Valverderen 35 kanta bildu dituzte bi CDtan —Anjel Valdesek egin du aukeraketa—, eta Anjel Lertxundiren hitzek apaindu dute lana.
Ikusi gehiago
Antologia prestatzeko prozesuan parte hartu duten hiru pertsonaren lana goraipatu du Kamiok. Lehena, Valdes bera. «Valverderen musika arduraduna izan zen 2020. urtera arte. Haren ezagutzagatik eta Anttonekin duen harremanagatik proposatu nion berak egiteko kantuen aukeraketa». Bigarrenik, Victor Sanchez estudioko ingeniariaren lana ere goratu du; Valverdek Adarra saria jaso zuenean abestutako bi kantu nahastu ditu Sanchezek, eta horrek «batasun sonoro bat» eman dio bilduma osoari, Kamioren ustez. Eta, nola ez, Lertxundik idatzitako testuak ez ditu atzean utzi nahi izan: «Testu zoragarri bat idatzi digu: Anttonen biografia moduko bat; ikusten da harreman pertsonal bat dutela, mimo eta kariño handiz baitago idatzita». Valverdek berak ere Lertxundiren lana nabarmendu nahi izan du, eta «bihotzez» egindako lana dela esan du.Â
Atzera begira
Antologiak atzera begira jarri du Valverde, eta «askotariko sentsazioak» izan dituela aitortu du: «Atzo, esaterako —pazientzia guztiarekin—, nire kantak entzun nituen, jakiteko ea zerbait gaizki zegoen. Nabaritu dut lehenbiziko kantetan sekulako ahotsa nuela: Utsa-n, esaterako. Gero, pixkanaka-pixkanaka hori aldatzen joan da. Ez okerrera, gauza ezberdin batera baizik». Haren ustez, orduko kantatzeko erak «ez du zerikusirik» egungoarekin. Hainbat sentimendu ere etorri zaizkio gogora atzerako begirada horretan, eta oraindik ere gogoan du zergatik aukeratu zituen zenbait kanta. «Disko bakoitzean eman dut emateko nuen guztia», nabarmendu du.
«Joxean Artzek jarri zizkion hitzak ['Pisako dorrea'] abestiari, eta Francorekin alderatu zuen dorrea. Franco hil egin zela zirudien arren, ez zen hala izan. Gaur egun ere, esan daiteke ez dela guztiz hil»
ANTTON VALVERDE Musikaria
Gaur bete dira 50 urte Francisco Franco diktadorea hil zela, eta garai haietara begira ere jarri da Valverde: «Garai konplikatuak ziren, noski. Orduko zentsurarekin lotutako pasadizo ugari ditut; tranpak egiten genituen arren, ez zen posible guk egin nahi genuen guztia egitea. Zapalkuntza hainbat modutara ikus daiteke, baina, kantuetan, falta diren gauzetan nabari da bereziki. Gauza batzuk aipatzen dira, eta beste batzuk ez». Pisako dorrea abestiaren pasadizo bat kontatu du frankismoaren garai hura azaltzeko: «Badakizue Pisako dorrea okertuta dagoela, eta, denboraren poderioz, gero eta gehiago okertuz joan zela. Ematen zuen erori egingo zela, baina azkenean ez zen erori. Joxean Artzek jarri zizkion hitzak abestiari, eta Francorekin alderatu zuen dorrea. Franco hil egin zela zirudien arren, ez zen hala izan. Gaur egun ere, esan daiteke ez dela guztiz hil».