Antzerki Arinen XIII. Jardunaldiak eginen dituzte Bilbon, apirilaren 10etik maiatzaren 3ra

Hamasei antzezlan ikusten ahalko dira aste hondar honetatik maiatzaren 3a bitarte Bilboko Pabiloi 6 aretoan. Euskarazko bortz pieza eta gaztelerazko 11 izanen dira. Maiatzaren 10ean eginen dute sari banaketa.

Miren Gojenola aktoreak jokatuko du 'Agur Ben-Hur' antzezlaneko rol nagusia. JON URBE / FOKU
Miren Gojenola aktoreak jokatuko du 'Agur Ben-Hur' antzezlaneko rol nagusia. JON URBE / FOKU
Xalbat Alzugaray
2026ko apirilaren 8a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudi «berrituarekin» eta Gazte Konpainiak espazio «berria» izanik antolatu dituzte Bilboko Antzerki Arinen Jardunaldiak aurten. Ohi bezala, presentatuko diren antzerki piezen estreinaldiak Pabiloi 6 aretoan eginen dituzte. Hamasei antzerki izanen dira ikusgai, eta lau astez beste horrenbeste proposamen ezagutzeko parada izanen da. Horiek pasaturik eginen dute sari banaketa, maiatzaren 10ean. Bortz sari banatuko dituzte: bertzeak bertze, Alex Angulo saria emanen diote muntaketa onenari, eta Kriselu saria euskarazko lan onenari.

Hain zuzen ere, presentatuko diren antzerki piezetatik 11, hots, gehien-gehienak gazteleraz izanen dira, eta bortz bakarrik euskaraz. Aste hondar honetan abiatuko da jardunaldia, eta Kepa Errastik zuzendu Fedegabeko odolkia izanen da ikusgai. Highway to the Past antzerkia ere presentatuko dute Sofia Zallok, Yeray Vazquezek eta Luken Urruzmendik.

Bertzalde, apirilaren 17tik 19ra, Iratxe Urkiagak Agur Ben-Hur aurkeztuko du. Alaine Agirrek ondu du piezako testua, eta Miren Gojenola ariko da antzerkilari lanetan. Aste hondar horretan gaztelerazko bertze hiru pieza emanen dituzte, tartean Paloma Ricok zuzendu Matadora eta Josu Angulok eta Tamara Lucarinik idatzi Viaje viejo.

Getari Etxegaraik zuzendu Diamante gordina pieza ikusteko parada izanen da apirilaren 24ko aste hondarrean. Gainera, Alazne Astorgak eta Saioa Miguelek zuzendu Goiuri, arazo bat dugu antzezlana estreinatuko dute, eta Los ultimos cuerdos eta Eso que te gustaría decir y no dices antzerki lanak ere taularatuko dituzte.

Azkenik, maiatzaren 1etik 3ra, Lander Telletxeak idatzi Bilbo S.L. antzerkia ikusgai izanen da. Garazi Urkola eta Xanti Korkostegi protagonista dituen Nonato y aborta ere emanen dute, baita Un caballo de ceniza sorkuntza kolektiboa ere. Azkenekoa Ana Alvarok, Nagore Cenizok eta Cesar Lopezek interpretatuko dute, zuzenean txalaparta joz.

Emanaldi guziak 12:00etarik aitzina eginen dira ebiakoitzetan, eta 12:00etarik aitzina eta 19:00etarik aitzina igandeetan. Sarrerei doakionez, bi bonu mota proposatu ditu Pabiloi 6k. Pieza guziak ikusteko bonua hamazazpi euroan jarri dute salgai, eta bi pieza ikusteko bonu «itxia» 10 euroan. Pabiloi 6ren webgunean eros daitezke sarrerak, baita antzerki piezei buruzko informazioa eskuratu ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA