Antzerkizale feministen iluntzeko topaketa egingo dute gaur eta bihar Garaion Sorgingunean, hirugarrenez

Emakumeen eta genero disidenteen arteko elkargunea indartzeko topaketa antolatu dute Garaion Sorginguneak eta Ehazek, Ozetan. Atariko moduan, indarkeria eszenikoak identifikatzeko saio bat egingo dute gaur bertan, Gasteizko Baratza aretoan.

Gaur gauean gaubeila berezia egingo dute Garaion Sorgingunean, Gebara —argazkian— ipuin kontalariarekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gaur gauean gaubeila berezia egingo dute Garaion Sorgingunean, Ane Gebara —argazkian— ipuin kontalariarekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
2026ko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arte eszenikoen inguruan hausnartzeko asmoz, hainbat antzerkizale feminista bilduko dira gaur iluntzetik biharko eguerdira bitartean Ozetan (Araba). Garaion Sorginguneak eta Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak hirugarrenez antolatu dute Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa, emakumeei eta genero disidenteei begira.

Ez da lehen aldia Garaionek eta Ehazek indarrak batzen dituztena. Egitasmoaren abiapuntua Eneritz Artetxe Aranaz aktoreak 2018an egindako ikerketa bat da: euskarazko antzerki sorkuntzan emakumeek duten presentzia aztertu zuen, eta, lan horren ondorioz, Ehazek Karanbola hirukoitza liburua argitaratu zuen urtebete geroago. Ikerketak azaleratutako egoerari buruzko gogoeta zabaltzeko asmoz, hainbat elkarte eta kultur eragilerekin partekatu zituzten ondorioak 2020an eta 2021ean, Maringuruak izeneko hitzaldi musikatu, poetiko eta performatiboetan. Esperientzia hark, ordea, beste behar bat ere bistaratu zuen: antzerkilarien eta antzerkizale feministen artean sareak sortzeko eta elkartzeko gune iraunkorragoen beharra zegoela.

Antzerkizale feministen iluntzeko topaketak
Antzerkizale feministen iluntzeko topaketak 2023an egin zireneko irudi bat. EHAZE-K UTZITA

Horregatik sortu ziren 2022an eta 2023an Garaion Sorgingunean egindako topaketak. «Ondorio batzuk genituen, eta ikusten genuen toki bat behar genuela horretaz guztiaz eztabaidatzeko, eta, batez ere, guk geuk, feminista euskaldunok, elkartzeko eta elkarrekin egoteko», azaldu du Artetxek. Aurten, formatu laburragoarekin bada ere, bide horri berriro ekingo diote. Izan ere, Ehazeko kideak nabarmendu duenez, arte eszenikoak ez dira soilik oholtza gaineko lanak, baita horiek sortzeko eta partekatzeko moduak ere. Topaketaren bitartez, beraz, bistaratu nahi dute emakumeek euskal eszenan duten presentziaz hitz egiteak datu eta kuotetatik harago joatea eskatzen duela, eta sorkuntza prozesuak, lan egiteko moduak eta harremanak ere auzitan jartzen dituela.

«Ikusten genuen toki bat behar genuela honetaz guztiaz eztabaidatzeko, eta, batez ere, guk geuk, feminista euskaldunok, elkartzeko eta elkarrekin egoteko»

ENERITZ ARTETXEEhazeko kidea

Artetxeren hitzetan, behar bat asetzeko sortu zituzten topaketak: elkarrekin egoteko denbora eta tokia izatea, antzerkiaren ohiko jardunetik aparte. Izan ere, sektoreko harremanak sarri lanaren logikak baldintzatuta egoten dira. Gehienetan, muntaketa batean, jaialdi batean, diru laguntza baten bila edo proiektu baten inguruan elkartzen dira antzerkilariak eta antzerkizaleak, baina urriagoak izaten dira beste modu batean egoteko, hausnartzeko eta indarrak batzeko izaten dituzten tarteak. «Lan esparrutik kanpo ez dago abagune askorik beste modu batean hausnartzeko, egoteko eta sektorean indar egiteko. Eta are gutxiago euskaraz», dio.

Karanbola hirukoitza ikerketak jasotzen duen diagnostikoa dago topaketen oinarrian. Ehazeko kideak esplikatu duenez, emakume sortzaile euskaldunek hainbat zapalkuntza bizi dituzte aldi berean: emakume izate hutsa, kultur arloan aritzearen prekaritatea eta hizkuntza gutxitu batean sortzeko zailtasuna, besteren artean. Ikuspegi horretatik, topaketak badu dimentsio praktikoa ere: antzerkiaren barruko dinamikak berrikustea eta emakume eta genero disidenteentzat bestelako harremanak sortzeko tokia eskaintzea.

Aurtengo topaketa, gainera, «mugarri» gisa ikusten dute, etorkizunaz gogoeta egin nahi baitute. «Jakin nahi dugu jendeak zer nahiko lukeen egin topaketa feministarekin». Galdera askori erantzun nahi diete hala: «Nola bizi izan dituzte orain arteko topaketak? Zer beharrizan ikusten dituzte gaur egun? Beharrezkoak al dira halakoak? Jarraitzea komeni bada, nola? Eta, batez ere, zer nolako topagunea nahi dute aurrerantzean?».

Afaritik goizeko gogoetara

Topaketak gaur hasiko dira, 20:30ean, afari feminista batekin. Ondoren, gaubeila berezia egingo dute Ane Gebara ipuin kontalariaren eskutik. Bihar, berriz, gosaria izango dute 9:00etan, eta 10:00etatik 12:30era arteko saioarekin itxiko dute egitaraua. Goizeko jarduerak Garaioneko ingurunean egingo dituzte: paseoan eta solasaldian, arte eszenikoen inguruko topagune feministetan izandako esperientziak partekatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horrez gain, etorkizunean nolako elkarguneak nahi dituzten irudikatzeko eta horiek nola egin pentsatzeko tartea izango dute.

«Lan esparrutik kanpo ez dago abagune askorik beste modu batean hausnartzeko, egoteko eta sektorean indar egiteko. Eta are gutxiago euskaraz»

ENERITZ ARTETXEEhaze-ko kidea

Topaketa hasi aurretik, baina harekin estuki lotua, arte eszenikoetan gertatzen diren indarkeriak identifikatzeko formakuntza saioa egingo dute Gasteizko Baratza aretoan. Gaur arratsaldean izango da, 17:00etatik 20:00etara. Norma Vazquezen laguntzarekin egingo dute saioa, eta emakumeentzat eta genero disidenteentzat izango da hori ere. Hauxe da saioaren helburua: eszenaren inguruko indarkeriak identifikatzeko tresnak eskaintzea eta ingurune seguruak sortzea parte hartzaileek beren bizipenen eta gogoeten berri eman dezaten. Jarduera doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da info@salabaratza.com helbidean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA