Kristo ondorengo III. mendearen hondarretik VIII. menderainoko epea da Antzinate Berantiarra; Erromatar Inperioaren gainbeherarekin hasi, eta gutxi gorabehera, Erdi Aroa hasi berritan amaitzen dena. Orain artean Euskal Herrian «garai iluntzat» hartu izan dela kontatu du Josu Narbarte arkeologo, ikerlari eta irakasleak, baina berarentzat garai horrek badu beste kutsurik. Mende ilunak? Antzinate Berantiarreko baskoiak arkeologiaren argitan saiakera kaleratu berri du Pamiela argitaletxearekin, iluntasun horri nolabait argia emateko asmoz.
Antzinate Berantiarraren inguruko informazio asko zegoela sumatu zuen Narbartek proiektuarekin hasi baino lehen, baina datu eta ikerketa horien inolako sintesi lanik ez zegoela. Bada, datu horien guztien sintesi moduko bat da arkeologoak kaleratu berri duena. «Datuek banaka ez dute esanahirik, baina batera puzzlea osatzen joaten dira. Hala ere, hutsune asko daude». Makina bat ikerlari eta arkeologoren lanak aztertu ditu egileak liburua ontzeko, eta, hain zuzen, horien lana balioetsi nahi izan du egileak: «Ezagutzaren eraikuntza kolektiboa da».
«Arkeologiak errealitate batzuei beste leku batetik begiratzeko aukera ematen du»
JOSU NARBARTEArkeologoa
Erromatar Inperioa amaitu zenean, ordura arteko estatu eredua desagertu zen, eta herritarren bizimodua guztiz aldatu zen: hiribilduetan herri berriak sortu ziren, biztanleak sakabanatu ziren, eta hori dela eta, botere harreman berriak sortu ziren, besteren artean. Gainera, lerro komertzial berriak eta komunikatzeko modu berriak ere garatu ziren. Narbartek aldaketa horiek atal ezberdinetan bildu ditu liburuan.
Hiriak, aristokrazia eta beste
Orotara, lau atal ditu lanak. Lehenengoan garaiaren testuingurua azaltzen da; bai Baskoien lurraldean baita Europa mendebaldean ere bizi zen egoera aipatuz. Arkeologiaren funtzioa ere azaltzen da bertan. Egileak kontatu duenez, historiaren alorrean tradizionalki idatziz jasotako informazioari —izan liburuetatik edo beste iturri batzuetatik— ematen zaio garrantzi gehien, baina arkeologiak beste mota bateko informazioa izateko modua ematen du: «Errealitate batzuei beste leku batetik begiratzeko aukera ematen du».
Bigarren atalean hiriak aztertu ditu egileak. Lau hiri dira landu dituenak: Iruñea, Baskoien lurraldeko hiri «garrantzitsua» da; Oloroe; Iruña-Veleia eta bertako aztarnategi arkeologikoa; eta Baiona, «bereziena» dela adierazi du Narbartek. Hiri horietan garaiko joera orokor batzuk nabarmentzen dira haren ustez, eta horiek azaldu ditu atalean. Aristokrazien ingurukoa da hurrengo atala. Egilearen hitzetan, Antzinate Berantiarrean bitan banatu zen aristokrazia. Batetik, lur jabeak zeuden, eta, bestetik agintari berriak. Bigarren hori sortu berria zen.
Azken atalean laborarien inguruko informazioa topatuko du irakurleak. Garai hartako biztanleriaren zati ahaztua dira, Narbarte: «Biztanleriaren gehiengoa ziren, eta ez dira ohiko diskurtsoetan agertzen. Erregeak, apezpikuak eta beste handiki batzuk gailentzen dira». Antzinate Berantiarreko herrien sorrera, eta bertako bizimodua ere azaldu ditu egileak.