Arabako Bertsolari Txapelketako finala Europa biltzar jauregian izango da, martxoaren 28an

Lehen saioa Oionen egingo dute, otsailaren 7an. Lehen faseko beste bi saioak Laudion eta Izarran izango dira, eta finalaurrekoak, Dulantzin eta Aramaion.

Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten hemezortzi bertsolarietatik hamalau, gaur, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten hemezortzi bertsolarietatik hamalau, gaur, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urtarrilaren 18a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badator Arabako Bertsolari Txapelketa. Gaur aurkeztu dute, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta han eman dute nobedadeen berri: azken txapelketako finala, 2024koa, Gasteizko Principal antzokian egin zuten, baina oraingoan, 2022an bezala, Europa biltzar jauregiko Almudena Cid aretoan abestuko dute Arabako bertsolaririk onenek, martxoaren 28an. 

Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte txapelketan: 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu eta izena eman duten lau finalistek —Manex Agirrek eta Paula Amilburuk ez dute parte hartuko aurten—, 2025eko udazkeneko sailkapen faseko saio bakoitzeko irabazleek, eta puntuazioaren arabera lehenengo hamalauen artean sailkatu zirenek.

Lehen Faseko saioetan ariko diren bertsolariak

  • Oionen, otsailaren 7an. Aroa Arrizubieta, Felipe Zelaieta, Iñaki Viñaspre, Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Unai Anda.
  • Laudion, otsailaren 15ean. Aitor Ugarte, Andere Arriolabengoa, Ekaitz Samaniego, Hegoi Amabizka, Manu Bendala eta Peru Abarrategi.
  • Izarran, otsailaren 21ean. Asier Otamendi, Danel Herrarte, Eli Zaldua, Maddi Agirre, Rikardo Gonzalez de Durana eta Xabi Igoa.

Finalaurrekoetara hamabi pasatuko dira, eta finalera, sei. Lau dira 2024ko txapelketan parte hartu ez zuten baina aurten arituko diren bertsolariak: Andere Arriolabengoa, Hegoi Amabizka, Manu Bendala Garcia-Donas eta Sabin Abarrategi.

Guztira sei saio izango dira. Lehen fasean, hiru: Oionen otsailaren 7an, Laudion otsailaren 15ean eta Izarran otsailaren 21ean. Lehen finalaurrekoa, berriz, Dulantzin izango da, martxoaren 7an, eta bigarrena, Aramaion, martxoaren 14an. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, finala izan ezik. 17:30ean ekingo diote finalari. Sarrerak urtarrilaren 22an jarriko dituzte salgai, www.bertsosarrerak.eus webgunean.

(ID_15690500) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2026-01-18, Gasteiz. Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena
Uxue Diaz de Zerio eta Egoitz Iradier, gaur, txapelketa aurkezten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gaurko aurkezpen ekitaldian izan dira txapelketan parte hartuko duten bertsolari gehienak, baita Arabako Bertsozale Elkarteko kideak ere.

Egoitz Iradier elkarteko sustapen arduradunak eta Uxue Diaz de Zerio sustapen eragileak hartu dute hitza, eta hizpide izan dute, besteak beste, Arabako Bertsolari Txapelketak zer bide egin duen 1982. urtetik, lehenengo aldiz jokatu zenetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.