Ezin oraindik esan nori, baina jadanik iragarri dute nork. Abenduaren 20an jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilboko La Casilla aretoan, eta orduan jakingo da irabazlearen izena, baina gaur jakinarazi dute nork jantziko dion txapela irabazleari: Arantza Plaza Zamorak (Gizaburuaga, Bizkaia 1958). Haren ibilbide pertsonala ez ezik, bertsolaritzaren transmisioak duen garrantzia ere aitortu nahi izan du elkarteak erabaki horrekin.
Izan ere, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea izan da Plaza. Hezkuntza arautuan bertsolaritza gazteei helarazten dien Mundu Bat bertso programan aritu da beharrean. 2004an hasi zen horretan, eta 2022 arte aritu da lanbide horretan, jubilatu arte, baina hezkuntza araututik kanpo ere bertsolaritzarekin lotutako beste hamaika lanetan aritu da. Elkarteak hedabideei helarazitako oharrean adierazi duenez, esaterako, bertsolaritzari lotutako hainbat dokumentazio lan ere egin ditu, eta boluntario ere aritu izan da hamaika bertso saiotan.
Egiten den euskararen alde
Plazaren ustez, bertsolaritzak gazteei euskarara gerturatzeko egiten duen ekarpena ere nabarmendu du elkarteak. «Euskara guztiak onak direla azpimarratzen zien ikasleei, euskalkiak, batua, aberatsak eta ez hain aberatsak: egiten dena da balio duena».
Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroetan hasi zen bertsolaritzara hurbiltzen, artean 20 urte inguru zituela, eta, bertsolaritzari lotuta joan da haren bizitza geroztik. Bai profesionalki eta bai pertsonalki. Xabier Amurizaren bikotekidea eta Miren Amuriza Plazaren ama da.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko langile izan da Plaza, eta, hedabideei helarazitako oharrean zehaztutakoaren arabera, erretiroa hartu duen elkarteko lehen langilea izan da. Oraindik ere bertsogintzari lotutako hamaika egitasmotan jarraitzen duela gehitu dute. Aitortza bat egiteko ere baliatu dute oharra elkartekoek: «Esan beharra dago lankideek, ikasleek eta elkarteko kideek asko maite dutela».