Hariz Harri izeneko emanaldia egingo du Alos Quartet taldeak ostegunean, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Emanaldiari jarri dioten izena entzuleek bertan aurkituko dutenaren aurrerapen bat da: Hariz hitza erabiliko dituzten instrumentuei dagokio, eta harri, Arantzazuko santutegiaren elementu nagusiari. Bertaratuko direnek kolaborazio asko aurkituko dituzte «su baxuan» prestatutako ekitaldian.
Donostiako Musika Hamabostaldiak 11 ziklo ditu, eta horietako bat da Musika Aitzakia zikloa. Ziklo horrek Donostiatik haratago darama jaialdia, bere arrastoa zabaldu eta zuzeneko musika Euskal Herriko zenbait herritara eramateko. Aurten, besteak beste, Gaubea (Araba), Senpere (Lapurdi) eta Zumaia (Gipuzkoa) bisitatu ditu zikloak jada. Hurrengo geltokiak herri hauetan egingo ditu: gaur Getarian (Gipuzkoa), ostegunean Oñatin (Gipuzkoa), ostiralean Zalduondon (Araba), larunbatean Leiren (Nafarroa) eta igandean Bastidan (Araba).
Oñatikoa Arantzazuko santutegian izango da, eta 24. urtea izango da jaialdia bertara iristen dela. Dagoeneko santutegiko emanaldia zikloaren ikur bilakatu da, beti antolatzen baitute zerbait berezia hara eramateko. Iazkoan, adibidez, Abraham Cupeiro (Sarria, Galizia, 1980) musikaria eta bere instrumentuak izan ziren protagonistak, eta haien inguruan aritu ziren Eñaut Elorrieta, Oreka TX eta Agus Barandiaran, besteak beste. Aste honetan bertan egingo duten emanaldiak ere «gogoangarria» izateko tankera du Xabier Zeberioren (Tolosa, 1978) arabera. Izan ere, haren taldearekin ariko dira Natxo de Felipe, Olaia Inziarte, Gorka Urbizu eta Amorante abeslariak, Iñar Sastre piano jolea eta Amaia Elizaran dantzaria. «Errepikaezina» izango da, Alos Quarteteko buruaren arabera.
Ideiaren jatorria
Jaialdiak berak egin zion taldeari ikuskizuna sortzeko proposamena. Urtero Arantzazun egiten den kontzertua berezia izan ohi da; eta aurtengoan, Hamabostaldiak hari laukoteari egin zion zerbait berezia eraikitzeko proposamena. Askatasun osoa izan dute emanaldia sortzeko, eta faserik zailena horixe izan dela azaldu du nyckelharpa joleak: «Emanaldi honen aurreprodukzioa hilabete askotako lana izan da». Emanaldiaren iraupena ere aipatu du zailtasunei buruz mintzatzean. Adierazi du ostegunean parte hartuko duten artistak elkartuta idealena «lau orduko emanaldia» egitea izango litzatekeela; eta, ondorioz, zaila izan dela errepertorioa aukeratzea. Joko dituzten abestiak nagusiki Alos Quartetenak izango direla aurreratu du, baina oholtzara igoko diren beste kantariek euren abestiak abestuko dituztela ere esan du.
Arantzazu toki berezia izanda, argi zuten beraiek sortu behar zutenak ere halakoa izan behar zuela. Hori dela eta, inguruan dituzten musikari batzuekin harremanetan ipini, eta denek baiezkoa eman zietela azaldu du: «Oso eskertuta gaude denek ilusioz erantzun diotelako guk sortutako asmoari». Oholtzakide izango dituzten guztiek norbere lekua egina dute euskal eszena musikalean, baina bada kolaborazio bat besteak baino bereziagoa izango dena Zeberiorentzat: Natxo de Feliperena. «Hainbeste urte elkarrekin igaro eta gero, ilusio handia egiten dit berriro Natxorekin oholtzan egoteak», adierazi du. Aurten hamar urte bete dira Oskorrik azken kontzertua eman zuenetik. Eta urteurren hori gogoan, Zeberiok taldekide izan zuen abeslariarengana jo zuen, emanaldian parte hartzeko, eta hark ere baiezkoa eman zion.
«Hainbeste urte elkarrekin igaro eta gero, ilusio handia egiten dit berriro Natxorekin oholtzan egoteak»
XABIER ZEBERIOMusikaria
Emanaldiko kolaborazioen uztarketa ere asko landu dute: «Ez genuen nahi collage bat izan zedin. Su baxuan lan egitea da gure sistema». Euren partetik egin dezaketen dena neurtua dute kontzerturako, baina, adierazi duenez, «azken finean publikoa da emanaldia egiten duena».
Hamaika proiektu
Alos Quartetek 2020an kaleratu zuen azken diskoa: 20 urte zuzenean (Autoekoizpena). Ordutik, kolaborazio asko, film batzuen soinu bandak —Marco (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2024) eta Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, 2025), esate baterako—, Kolonbia eta Kubatik bira bat eta abar egin dituzte. Iaz Latinoamerikatik egin zuten bira hartatik sortutako singlea kaleratu zuten apirilean: Bogota - La Habana. Urrian Alemaniara joango dira bira bat egitera. Horrez gain, datorren urteko urtarrilaren 3an estreinatuko dute Leidor antzokian (Tolosa, Gipuzkoa) Eñaut Elorrietarekin prestatzen ari diren emanaldia.
Aste honetako kontzerturako sarrera guztiak agortuta daude, eta horrek «bi emozio» sortu dizkiela azaldu du: «Alde batetik, izugarrizko poztasuna sortzen digu sarrera guztiak agortu izanak; baina bestetik, pena ematen digu joan nahi zuen jende asko sarrerarik gabe geratu izanak». Oraingoz emanaldi bakarra izango dela adierazi du, ez baitu uste halako ikuskizunik berriro egiteko aukerarik egongo denik.
Emanaldia «errepikaezina» izango dela azpimarratu dute. Alos Quartet taldeko nyckelharpa, biola, biolina, biolontxeloa, perkusioa eta baxu elektrikoaz gain, «emanaldi horretarako espresuki» elkartu dituzten hainbat belaunalditako artistez gozatzeko aukera izango dute jada sarrera lortua dutenek.
Musika Aitzakia zikloa
- Abuztuaren 19an. Eñaut Zubizarreta (biolontxeloa) eta Iñigo Xalbador (saxofoia), Getarian (Gipuzkoa), Cristobal Balentziaga museoan.
- Abuztuaren 21ean. Alos Quartet eta Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte, Amorante (ahotsak), Iñar Sastre (pianoa), Amaia Elizaran (dantza), Oñatin (Gipuzkoa), Arantzazuko santutegian.
- Abuztuaren 22an. Garikoitz Mendizabal (txistua) eta Gorka Hermosa (akordeoia), Zalduondon (Araba), San Saturnino elizan.
- Abuztuaren 23an. Luken Munguira (tenorra) eta Jose Luis Etxetxipia (organoa), Leiren (Nafarroa), monasterioan.
- Abuztuaren 24an. Cuarteto Gerhard, Bastidan (Araba), Jasokundeko Andre Maria elizan.