«Gaur egungo musika zinematografikoaren sortzaile nabarmenetakoa» izateagatik erabaki du Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoak aurtengo Ohorezko saria Aranzazu Callejari (Bilbo, 1977) ematea. Film entzutetsu ugaritarako musika idatzi du Callejak azken urtetan, eta ibilbide oparo hori aitortuko diote sariarekin orain.
Besteak beste, El hoyo, Cinco lobitos, Marco, Irati, Akelarre, Los aitas, Maspalomas eta Gaua filmetarako musika idatzi du Callejak. Eta lan horiengatik sariak eta sarietarako izendapenak ere eskuratu ditu. Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre (2020) filmarekin, esaterako, Goya eta Platino sariak jaso zituen —Maite Arroitajauregirekin batera—; eta, berriki, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas (2025) filmerako sortutako musikagatik, Goya eta Feroz sarietarako izendatuta egon da, jatorrizko musika onenaren atalean.
Egun, Norma Vila zuzendari bilbotarraren Salitre lehen filmaren soinu bandan ari da lanean.
Bilboko Udalak antolatzen du Fant jaialdia, eta maiatzaren 8tik 16ra egingo dute 32. aldia aurten. Antolatzaileek aurreratu dutenez, La casa en el árbol filmaren proiekzioarekin emango diote hasiera aurten zinemaldiari; Luis Calderonek zuzendu du, eta Sandra Escacena, Claudio Portalo, Kandido Uranga, Mala Rodriguez, Apolonia Lapiedra, Ai-xing Cobos, Asier Hernandez eta Inge Ugartek osatu dute aktore taldea.