Arazoak erronkak dira

Sami herriko kultur elkarte batek egonaldia egin du Euskal Herrian, «herri guxitu gisa desafioak partekatu ahal izateko»Aztarna eta Musikeneko kideekin bildu dira, adibidez, eta informazioa trukatu dute

Sami Komponisttat elkarteko kideak, herenegun, Hernaniko Andre Mari Mirarietako kaperan. Ezkerretik hasita hirugarrena Anders Somby da. JON URBE / ARP.
Igor Susaeta.
Hernani
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Akordeoia hauspotzen ari da Joxan Goikoetxea, eta ondoan dauka Alan Griffin, albokari putz egiten. Hernaniko Andre Maria Mirarietakoaren kaperak dezenteko akustika dauka. Eta han barruan, eserlekuen aurreneko lerroan, haiei adi-adi eta pozik begira, bost pertsona. Sami herri indigenako Sami Komponisttat kultur elkarteko kideak dira; joan den asteazkenetik gaur arte Euskal Herrian egonaldia egin dutenak. Musikariek, ekoizleek eta musikagileek osatzen dute, besteak beste. «Euskal Herria bezala» samiena ere «herri gutxitua» denez, egunotan «erronkak» partekatu dituzte eta elkarrekin informazioa trukatu dute Aztarna zigiluko, Herri Musikaren Txokoko, Musikeneko, Musikagileak elkarteko eta Eresbileko kideekin (Euskal Musikaren Artxiboa). «Arazoak baditugu, baina horiek erronka bihurtzen ditugu».

Anders Somby Sami Komponisttat elkarteko kidearen hitzak dira. Sami herria Eskandinaviako iparraldean barreiatuta dago, haien hizkuntzan Saapmi deituriko lurraldean, Norvegian, Suedian, Finlandian eta Kolako penintsulan (Errusia). Ez dago argi zenbat diren. Iturri batzuen arabera, 80 bat mila; beste batzuek diote 135.000ra iristen direla.

Zenbakiak gorabehera, sami bat izatea «harro sentitzeko moduko arrazoia» da, Sombyren ustez. Baina haien kezkak, motibazioak eta erronka bihurturiko arazoak partekatu nahi dituzte. Horregatik etorri dira, adibidez, Euskal Herrira. «Bagenuen Euskal Herriari buruzko ezagutza. Bagenekien, gurea bezala, Europako kultura gutxituetako bat zela. Hortaz, guretzat erraza da herrialde handi baten barruan herri indigena batek izan ditzakeen erronkak geure egitea». Internetek eman zien Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera. «Orduan, gehiago sakontzen hasi ginen. Blog bat zabaldu nuen, eta Euskal Herriari buruzko albisteak sartzen hasi nintzen. Elkarteko kideei esan nien guretzat inportantea izango zela Euskal Herrira etortzea». Jakin nahi dute hemen nola lan egiten den tradizioari eusteko, musikagintzan, sorkuntzan, diskogintzan, ekoizpenean, banaketan... «Ez dugu gure kultura museo batean mantendu nahi. Borrokan ari gara bizirik irauteko. Garatzen jarraitu nahi dugu, eta eskura dauzkagun erreminta guztiak erabiliko ditugu». Musika da horietako bat. «Esperientzia daukagu munduko musika izeneko fenomenoan, zeinak gora egin duen azkeneko hogei urteotan. Sami musikariek Turkiako, Pakistango edo Afrikako zenbait herrialdetako musikariekin kolaboratu dute», nabarmendu du Sombyk.

Irauten ari dira, garatzeko ahaleginean, baina samien egoera orain dela mende erdi baino hobea da. «1970etik aurrera samiez arduratzen hasi zen Norvegiako Gobernua. Lehen desagerrarazi egin nahi zuten». Hala, ezin zuten beren hizkuntzan hitz egin: «Aitak esaten zidan samieraz hitz eginez gero irakasleak jo egiten zuela». Aldi berean, 30 bat urtez debekatuta egon zen samien musika tradizionala, yoik deiturikoa. Belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititutako kantatzeko modua da. Naturako elementuei abesten diete, eta kantek ez dute ez hasierarik, ez bukaerarik. «Aztien musika da. Espirituala. Ahotsa eta perkusioa erabiltzen ditugu, trantzean sartzeko. Musika egiteko, oso modu berezia da, eta yoik-a entzunda argi asko daukazu sami bakoitza nondik datorren, nongoa den. Komunikatzeko bide bat da».

Baina garai batean, beren herrialdean ere ezin zuten yoik-a egin samiek. «Beldurtuta bezala bizi ginen. 1970eko hamarkadaren ondoren, ordea, erabat aldatu zen Norvegiako Gobernuaren jarrera. Ikusi zuten indigenek ezin zutela beldurtuta jarraitu beren herrialdean». Halere, Sombyk uste du nazioartean «irudia garbitzearren» erabaki zuela Norvegiako Gobernuak samiekiko politika iraultzea. Haren iritziz, jarrera aldaketa horretan garrantzi handia eduki zuen 1970eko hamarkadaren amaieran gertatutako kontu batek: «Gobernua urtegi handi bat egitekoa zen Alta eta Kautokeino herrien artean. Horrek arazo ekologiko handia sortuko zukeen, eta horregatik matxinatu zen herria». Arazo ekologikoa zena, ordea, samien eskubideen aldeko aldarrikapen bihurtu zen.

Eta matxinada hura gertatu eta 30 urtera «bizirik» jarraitzen dute. «Erronka bat da, baina, noski, diru publikoa ere behar dugu horri eusteko. Diskoak egiteko, zuzenean aritzeko... Baina kontua ez da soilik samien musika egitea, beste kultura batzuetako musikariekin nahastea baizik». Halere, samiak ez dira musika tradizionalera edo Sombyk world music deiturikora mugatzen. «Ez, ez, batetik tradizionala dago, baina badauzkagu rocka edo jazza jo eta samieraz abesten duten taldeak.». Mari Boine sami musikari ezagunenak, adibidez, jazza eta rocka nahasten ditu yoik-arekin. Betiere harrotasunez, betiere aurretik lan egin zutenei esker ona azalduz. «Haiek gabe ez ginateke hemen egongo». Eta, betiere, erronkei aurre egiteko prest. Hernanin, esaterako, txalapartarekin ere ausartu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.