Nafarroako Gobernuak bederatzigarrenez sustatuko du kultura garaikidea landa eremuan, Landarte programaren bidez. Artista bana hartuko duten bost herriak aukeratuta daude, baita bost artistak ere: Ioana Hernandez Arriaga artista Arbontzen izanen da; Marta Elia Aldabe sortzailea, Bargotan; Asier Gogortza argazkilaria, Garden; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Melidan; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun.
Parte hartzeko prozesuak izanen dira denak. Uztailaren amaierara arte, prospekzioan arituko dira bost parte hartzaileak, eta loturak ere landuko dituzte egokitu zaien udalerrian. Horren ostean nork bere proiektua definituko du komunitatearekin batera, eta urrira arteko epea izanen du lana amaitzeko. Azkenik, ebaluatu egingo dituzte bost proiektuetan egindako lanak. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Kultura Saileko arduradunek zenbait bilera eginen dituzte artistekin eta herriekin.
Nafarroako Kultura zuzendari nagusi Iñaki Apeztegiak, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Lorenzo Garcia Etxegoienek eta proiektuaren koordinatzaile taldeko kide Anne Ibañezek aurkeztu dute aurtengo programa. Apeztegiak azaldu duenez, «Landartek hartzen dituen prozesuak irekiak dira, aldez aurretik sumaezinak, bai komunitatearentzat eta sortzaileentzat, bai koordinatzaileentzat». Garcia Etxegoien aukeratutako bost herriez mintzatu da: «Leku horiek ez dira agertoki soil gisa erabiltzen, komunitate batek bizi den lurrarekin dituen harremanen zehaztapen geografiko gisa baizik». Ibañezek, berriz, Nyamnyam kolektiboaren parte hartzea iragarri du: «Programarekin lotutako hainbat gairen inguruko hausnarketa elika dezaketen beste ikuspuntu batzuk gerturatzea izango du helburu aurtengo lankidetza horrek».
Hainbat diziplina
Aurtengo Landarteko sortzaileak hainbat diziplinatan ari dira lanean. Asier Gogortza, kasura, irudi analogikoan dago espezializatuta, eta hainbat euskarri baliatzen ditu bere sormen prozesuan, besteak beste, argazki kamera estenopeikoa eta kamera iluna. Argazkigintzaz gainera, land art korrontea eta eskultura ere landu ditu Gogortzak azken urteetan.
Carmen Parrado diseinatzaile eta artistak egunerokoa hautemateko modu berriak bilatzen ditu, eta, horretarako, objektu arruntak eta egoera ezagunak izaten ditu tresna nagusiak. Keinu txikien bidez, arlo funtzionala, sinbolikoa eta narratiboa pitzatzen saiatzen da.
Jara Calvok Hizkuntza eta Literaturaren irakaskuntza eta kazetari eta olerkari lanak uztartzen ditu.
Ioana Hernandez Arriagak zeramika du lan artistikorako medioa, eta tailer baten arduraduna da Iruñean. Marta Eliak, berriz, artea eta hezkuntza batzen ditu parte hartzeko modua ematen duten hainbat proiektutan.
Tokikoen parte hartzea
Tokiko biztanleen parte hartzea sustatzea ere bada Landarte programaren eginkizuna, eta hori proiektuaren garapen osoan modu kolektibo eta horizontalean gerta dadin, komunikazio talde bat ere aritzen da lanean. Programaren, herrien eta artisten informazio guztia jasotzen du taldeak, eta horiekin batera material grafikoa eta ikus-entzunezkoa jartzen ditu eskura.