«Atzerrian bizi diren euskaldunek sortua eta atzerrian bizi diren euskaldunentzat pentsatua». Esaldi horrekin laburbildu dute Ardaxka argitaletxearen nortasuna eta funtzioa. Euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako klasikoak ematen dituzte argitara, eta mundu osoko hamaika herrialdetara helarazten dituzte. Euren webgunean iragartzen dutenez, «Amazon eta munduko zenbait inprentarekin egindako akordioei esker», New Yorken edo Tokion bizita ere, bi egunean helarazi diezazkiekete euren lanak irakurleei. Liburuen prezioak «eskuragarriak» izan daitezen ere lortu nahi izan dute, gainera. 2024an eman zuten argitara euren lehen lana, eta aurtengo apirilaren 23an aurkeztu dute publikoki proiektua aurrenekoz. Hamabi liburuko bilduma bat dute eskuragarri, eta www.liburuak.eus orrialdea da lan horiek eskatzeko gunea.
Martin Besne da argitaletxearen sortzaileetako bat. Zizurkoa da sortzez (Nafarroa), baina zortzi urte daramatza kanpoan. Kopenhagen, Madrilen, Parisen eta Mexikon bizi izan da tarte horretan, baina Bartzelonan bizi da egun. «Liburu asko irakurtzen ditut, baina herrialde horietan arazoak izan ditut euskarazko liburuak lortzeko. Gaur egungo mundu globalizatuan bitxia iruditu zitzaidan hori. Kopenhagen agian, baina Parisen euskarazko liburuak lortzeko arazoak edukitzeak arreta piztu zidan, eta bisitan etortzen zitzaizkidan lagunen bidez edo ni itzultzen nintzenean topatzen nuen modua liburu horiek eskuratzeko. Atzerrian bizi diren beste lagun batzuekin hitz egin, ordea, eta orduan konturatu nintzen haiek ere arazo bera zutela». Eta, hutsunea ikusirik, orduan erabaki zuten Ardaxka sortzea.
«Liburu asko irakurtzen ditut, baina herrialde horietan arazoak izan ditut euskarazko liburuak lortzeko. Gaur egungo mundu globalizatuan bitxia iruditu zitzaidan hori»
MARTIN BESNE Ardaxka argitaletxeko kidea
Bidalketa gastu handiak eta itxaronaldi luzeak saihestea izan da argitaletxearen erronka. Biltegiratze kosturik ez edukitzeko, adibidez, eskatu ahala bakarrik inprimatzen dituzte liburuak, banan-banan. Eta, hain justu, horretarako aukera ematen dieten inprimategiak bilatu behar izan dituzte horretarako. Horregatik, esate baterako, Italian inprimatzen dituzte Europara zabalduko dituzten aleak, eta, gero, Amazon eta lekuan lekuko beste zenbait plataformaren bidez egiten dute banaketa.
Iazko urri amaieran eman zuten argitara Oscar Wilderen Urretxindorra eta arrosa liburua, eta, Besnek onartzen duenez, sistemak funtzionatzen zuela frogatzeko baliatu zuten lan hura.
Lehen edizioak
Gaur egun, jada hamabi izenburu dituzte kalean, eta bi ildo nagusi lantzen dituzte. Alde batetik, badute euskal idazleen lan klasikoak biltzen dituen bilduma bat. Eta, oraingoz, honako zazpi lan hauek eman dituzte argitara bertan: Lauaxetaren Bide-barrijak eta Arrats-bera, Txomin Agirreren Ni ta ni eta Auñamendiko lorea, Jean-Pierre Duvoisinen Baigorriko zazpi-liliak, Kirikiñoren Abarrak eta Bizenta Mogelen Ipui Onac. Eta, horiekin batera, nazioarteko literatur klasikoak ere ematen dituzte argitara beste bilduma batean. Hartan, bost liburu dituzte kalean: Edgar Allan Poeren Bihotz salataria / Katu beltza eta Berenice / Ligeia ipuin bikoteak, Emile Zolaren Olivier Becailleren heriotza, Giovanni Vergaren Otsemea / Mapelo gorria, eta, azkenik, guztiaren abiapuntu izan zena:Wilden Urretxindorra eta arrosa.
Lehen edizioak hartzen dituzte liburuak osatzeko erreferentziatzat. Horregatik, liburuak argitaratu ziren garaiko erabaki ortografiko eta tipografikoak errespetatuz eman dituzte argitara euskal klasikoak, esaterako. «Oso-oso fidel mantendu dugu jatorrizko argitalpenen formatua, uste dugulako horrek ere baduela nolabaiteko balioa».
Euskarari ekarritako liburuei dagokienez, euskara batuaren arauen arabera egin dituzte itzulpenak, baina lehen edizioak baliatu dituzte horiek itzultzeko oinarri modura ere. Horregatik, liburu horietako batzuk aurrez ere euskaratuta zeuden arren, itzulpen berriak egin dituzte Ardaxkarako. Haritz Legaz itzultzaileak euskaratu ditu Poeren testuak, esate baterako, Maider Manceronek Zolarenak, eta Itziar Brannik Vergarenak.
Sorpresak
Besnek iragarri duenez, asmoa dute haur eta gazteentzako liburu klasikoz osatutako lerro bat ere abiatzeko, hirugarrena, eta sorpresa bat emateko asmoa dutela ere esan du. «Atzerriko gaur egungo idazle famatu bat euskarara ekartzen saiatzen ari gara. Nire idazlerik gogokoena da agian, eta hasiak gara negoziatzen». Eta nor da idazle hori? Besnek ez du pistarik eman nahi izan.
Oraingoz salmentak «txikiak» izan direla onartu du Besnek, baina, dioenez, gora doa salmenten kopurua hilabetez hilabete. «Irakurleek ematen diguten feedbacka asko eskertzen dugu, eta indar handia ematen digu».
«Betiko euskal argitaletxeak bidelagunak dira guretzat, eta eredutzat hartzen ditugu egiten ditugun gauza askotan»
MARTIN BESNEArdaxka argitaletxeko kidea
Gaur egun euskarazko liburuak eskuragarri ez dauden tokietara iristea da Ardaxka argitaletxekoen helburu nagusia, baina, inork interesik izango balu, prest daude lanak Euskal Herriko liburu denda fisikoetara ere helarazteko. Edonola ere, Besnek argi du Ardaxkak ez duela asmorik jadanik Euskal Herrian martxan diren beste argitaletxeekin lehiatzeko. «Betiko euskal argitaletxeak bidelagunak dira guretzat, eta egiten ditugun gauza askotan eredutzat hartzen ditugu, gainera».
Oraingoz argitaletxeko kideen gustuko liburuak kaleratzen hasi direla azaldu dute argitaletxeko kideek, baina prest daude iradokizunak jasotzeko. Horregatik, literatur klasikoren bat euskaraz irakurri nahi izanez gero, eskaria euren posta elektronikora helarazteko gonbita egin dute: ardaxka@liburuak.eus helbidera, hain zuzen ere.
