«Jaialdiak urtero izaten du alibi intelektual eta tematiko bat, baina hortik abiatuta zirimola bat balitz bezala mugitzen da gero». Etorkizuneko idazkera da Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren lehen aitzakia hori aurtengoan, baina Ivan de la Nuez ikerlari, idazle eta festibaleko antolakuntza batzordeko kideak azaldu bezala, aldi berean hamaika norabidetan zabaltzen doan kiribil baten modukoa da jaialdia. Otsailaren 24tik 28ra bitartean egingo dute aurtengoa, eta, besteak beste, bertan izango dira Valerie Miles, Bernardo Atxaga, Alana S. Portero, Karmele Jaio, Alba Garmendia, Jule Goikoetxea, Hedoi Etxarte, Leire Bilbao, Ixiar Rozas, Harkaitz Cano, Miguel Angel Hernandez, Natalia Castro Picon, Danele Sarriugarte eta Didier Eribon. Solasaldiak ez ezik, profesionalentzako jardunaldiak, tailerrak eta umeentzako antzerki emanaldiak ere eskainiko dituzte. Baina, hasi, Gabriel Arestiri keinu eginda hasiko dute programa.
Online jarri dute ikusgai programa osoa, www.gutunzuria.azkunazentroa.eus webgunean, eta saioetarako sarrerak ere eskuragarri daude.
Inaugurazio ekitaldia
Otsailaren 24an egingo dute jaialdiaren inaugurazio ekitaldia, eta Gabriel Arestiri eskainitako Aresti eta abesti dokumentalaren lehen irudiak erakutsiko dituzte bertan. Juanfe Garces da lanaren zuzendaria, eta Digitalak etxeak ekoitzi du. Ordubete inguruko iraupena izango du, baina, oraingoz, lan horren aurrerapen labur bat erakutsiko dute Gutun Zuria jaialdian. Tituluak iradokitzen duen bezala, musika izango da lanaren ardatz nagusietako bat.
Iaz bete ziren 50 urte Aresti hil zenetik, eta urtebeteko ekitaldi programa eskaini zioten horregatik Euskaltzaindiak, EHUk, Gabriel Aresti Kultur elkarteak eta beste hainbat erakundek. Baina Gutun Zuriak egindakoa da idazleari buruzko dokumentalaren inguruko lehen iragarpena.
Filmaren lehen aurkezpen laburra egiteaz gain, Gerediaga elkartea eta Valerie Miles editorea sarituko dituzte jaialdiaren lehen egunean. Aurten haiek jasoko dute BBK Gutun Zuria Bilbao saria. Gari musikariak ere hartuko du parte aitortza ekitaldi horretan, eta, ondoren, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza eta Karmele Jaio idazleek hartuko dute hitza.
Auditoriuma
Hamaika adar ditu jaialdiak, baina Azkuna zentroaren auditoriumean arratsero izaten diren solasaldiak dira Gutun Zuriaren irudirik identifikagarrienetako bat. Valeria Miles, Mathias Enard eta Estrella de Diego arituko dira bertan, otsailaren 25ean. Mario Obrero eta Miren Agur Meabe ere izango dira elkarrekin (otsailaren 26an), bai eta Miguel Angel Hernandez eta Harkaitz Cano ere (27an). Azkenik, Didier Eribon eta Alana S. Portero batuko dituzte oholtzan jaialdiko azken saioan.
Euskal jaialdia
Antolatzaileen hitzetan, «jaialdiz osatutako jaialdi bat» da Gutun Zuria. Hala deskribatu du De La Nuezek, eta, zehaztu duenez, jaialdi global horren barruan festibalak badu euskal literaturari eskainitako jaialdi bat ere. Atal espezifikorik ez du euskal literaturak, eta programa osoa zipriztintzen dute euskal sortzaileek horregatik, baina Bastida aretoa izango da euskal literaturagile gehien hartuko dituen gunea.
Danele Sarriugarte eta Layla Martinez izango dira Bastida aretoko lehen solaskideak jaialdiaren lehen egunean, eta literaturak gizarte eraldaketan duen eraginaz arituko dira. Otsailaren 25ean, jaialdiko antolatzaile taldeko kideek hartuko dute hitza: De la Nuezek, Iñaki Estebanek, Maria Murrek eta Beñat Sarasolak parte hartuko dute saio horretan, eta literaturaren ostertzari buruz egindako gogoetak plazaratuko dituzte. Alba Garmendia eta Jule Goikoetxea arituko dira otsailaren 26an, utopiak ardatz hartuta, eta Hedoi Etxartek, Uxue Razkinek eta Lur Olaizolak doluaz eta sormenaz jardungo dute 27an, hiru autoreek gai horiek landu baitituzte beren azken lanetan.
Topaketa profesionalak
Jaialdia ez ezik, literaturaz eta ediziogintzaz aritzeko topagune profesionala ere bada Gutun Zuria. Duela hiru urte hasi zuten bide hori, eta bi eguneko topaketak antolatu dituzte aurten ere. Otsailaren 25ean eta 26an egingo dituzte saio horiek, Bastida aretoan. Literatura merkatu garaikidearen ekosistemak eta mutazioak titulupean osatu dute lehen eguneko programa, eta fikzio garaikideaz arituko dira bertan Layla Martinez, Irati Jimenez eta Valerie Miles idazleak. Romantasy izeneko generoa izango dute ardatz Paula Gallego idazleak eta Esperanza Luque eta Carla Plumed dibulgatzaileek. Eta, azkenik, Ximun Fuchs antzerkigilea eta Andrea Toribio eta Diana Rahmouni editoreak pentsamendu kritikoaz arituko dira.
Erdigunea lekualdatzen duten literaturak. Goiburu hori izango du bigarren eguneko programak. Lehen mahai inguruan, queer narratibez arituko dira Danele Sarriugarte idazlea, Ricardo Ruiz Garzon Bartzelonako Queer Literatur jaialdiko zuzendaria eta Fer Rivas antzerkigilea. Literaturan deskolonizazioa izango dute mintzagai gero Paloma Chen idazleak, Josune Muñoz ikerlariak eta Sara Guerrero idazleak. Eta, azkenik, hizkuntza gutxituetako literaturaz arituko dira Angel Erro idazlea, Eugenia Broggi editorea eta Mariña de Toro Cuns liburu saltzailea.
Saio batzuetan euskaraz arituko dira, eta beste batzuetan gazteleraz; itzulpen zerbitzua egongo da guztietan.
Bestelakoak
Tailer eta emanaldi ziklo zabalagoa ere eskainiko du programak, halere. Antolatzaileek nabarmendu bezala, Gutun Zuria jaialdiak letren adar guztiei erreparatzen baitie. «Hibridoa eta irekia» baita. Esate baterako, Tanttaka Teatroak Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez antzezlana eskainiko du eskolako ikasleentzat, bai otsailaren 25ean bai eta 26an ere, eta Leire Bilbao idazleak poesia saioa emango du ikastetxeetako umeentzat, 27an. Ixiar Rozas idazlearen Narrugorrik liburuari buruzko tertulia izango da mediatekan egun berean. Festibalera doazenek, bestetik, aukera izango dute parte hartzaileei sinadurak eskatzeko eta haiekin hitz egiteko, horretarako tarte eta guneetan.