«Sexua eta minbizia bi tabu badira, zer esanik ez minbizia duen emakume baten sexualitatea». Annie Ernaux idazlea eta Marc Marie kazetaria maitale izan ziren mende honen hastapenetan; zehazki, 2003ko martxotik 2004ko urtarrilera bitartean. Harreman intimoak izan ostean, argazkiak egin zizkieten logelari, sukaldeari, lurrean barreiatutako galtzerdiei, bularretakoei, zapatei. Argazki multzo horietatik hamalau aukeratu, eta iruzkinak egin zizkieten gero, bakoitzak bere aldetik. Bi maitale helduren arteko desiraz idatzi zuten, baina baita pasio haren hastapenean gertatzen ari zen beste zerbaiti buruz ere: Ernaux jasotzen ari zen bularreko minbiziaren kontrako tratamenduaz. L’usage de la photo (2005) liburuan bildu zuten irudi eta hitzez egindako ariketa hura, eta Leire Lakastak ekarri du orain euskarara. «Argazki eta hitz hauen atzean, maitasun istorioaz gain, Ernauxen bularreko minbiziaren tratamendua dago», nabarmendu du. «Haren kezkak eta beldurrak, eta hori nola sartzen den edo ez den haien arteko harremanean. Sarkina deituko diote, nolabaiteko hirukote bat osatuko balute bezala minbiziak eta haiek». Argazkiaren erabilera izenburupean, Katakrakek argitaratu du itzulpena.
Honen aurretik, Ernauxen Idazketa labana bat da liburua ere (Katakrak) itzuli zuen Lakastak duela bi urte, zeinetan bere idazle hautuez diharduen Ernauxek Frederic-Yves Jeannet idazlearekin posta elektronikoz izandako mezu truke luze batean. Itzultzaileak liburu horretan aipatzen diren elementu ugari antzeman ditu, bada, Argazkiaren erabilera-n ere, intimitateak eta memoriak duten pisua, besteak beste; eta lau eskutara idatzita egon arren irakurleak «Ernauxen liburu bat» topatuko duela argitu du. Lakasta: «Uste dut, beste behin ere, azpimarratzekoa dela Ernauxek bilatu duela kontatu nahi duen hori idazteko forma unikoa, horretara hobeen egokitzen den forma. ‘Nik soilik idatz ditzakedan testuak sortu nahi ditut’ esaten zuen Idazketa labana bat da liburuan, eta hemen ere argi eta garbi ikusten dugu hori».
Argazki bakoitzaren ostean, Ernauxek abiatzen du irudiaren kontaketa, eta haren ondotik dator Marierena. Ez dute sinatzen, baina une oro geratzen da argi nor ari den hitz egiten. Ahotsen joan-etorri horretan, tarteka hurbil eta tarteka urrun agertuko dira bi maitaleak, eta azpimarra egin dio horri itzultzaileak. «Kuriosoa da argazki beretik abiatuta bien gogoetek zein bide ezberdinak hartzen dituzten batzuetan, eta nola doazen bide beretik bestetan, bakoitzak bien arteko maitasun istorioaz duen irudipena erakutsiz».
«Ernauxek Mark Mariek baino botere sozial handiagoa zuen orduan, 22 urte zaharragoa ere bazen, baina, generoari dagokionez, harreman heterosexual normatibo bat ikusten da»
LEIRE LAKASTA Itzultzailea
Beste kontraste bat ere nabarmendu du Lakastak: kontaketan bistaratzen den botere harremanena. «Ernauxek Marc Mariek baino botere sozial handiagoa zuen orduan, 22 urte zaharragoa ere bazen, baina, generoari dagokionez, harreman heterosexual normatibo bat ikusten da; hor Marc Mariek du boterea, eta Ernauxek Marc Mariek ez dituen kezkak ditu».
Itzulpenaren inguruan, bestalde, erronka nagusia tonuarekin asmatzea izan dela aipatu du Lakastak: «Nola egin liburua irakurtzeko atsegina eta lurreratua euskal irakurlearentzat». Idazketa labana bat da liburuan, ideiekiko «leialtasuna» gehiago zaindu zuela esan du, eta, oraingoan, deskribapenak ahalik eta «naturalen» ekartzeak eskatu diola lana. «Erritmoak, hitzen aukeraketak… galtzerdi luzea ala media? Jeens ala bakeroa? Tonuan eta deskribapenetan aukeratu beharreko termino konkretuetan izan dut batez ere erronka».
Testigu bikoitz
«Oso soila eta irakurtzeko oso atsegina». Berba horiekin deskribatu du liburua, bestalde, Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak. «Garaiz egindako ariketa bat» kontatzen du haren ustez: «Pasio bat sortu eta garatzen den momentu horren testigu gara. Eta testigu gara zuzenean, ze argazkiak biharamun horietan eginak daude; eta, aldi berean, testigu gara zeharka, argazki horiek egin eta aldi batera baitaude idatzita testuak sarri». Argazkiak denera hamalau badira ere, irudietan ageri ez diren baina bi maitaleen arteko istorioa inguratu zuten egoeren eta lekuen testigantza ere biltzen du liburuak: Ernauxek ospitalera egindako bisitena eta elkarrekin Veneziara egindako bidaiarena, esaterako.
«Topaketa ezinbestekoa da mugimendu askatzaileetan eta baita intimitatearen eremuan ere. Eta liburu hau erabat da hori»
HEDOI ETXARTE Katakrak-eko editorea
Liburua bada beste zerbait ere, Etxarteren ustez, eta, horregatik, Katakrakeko liburu guztiek daramaten argitaletxearen oharra ildo horretatik idatzi dute oraingoan. Intimitatea idazten izenpetu dute, eta Ernauxek surrealismoarekiko eta mugimendu hark sexu askapenaren inguruan izan zuen interesaz dihardu. Etxarteren esanetan, Ernaux maiz aritu da idazketari berrikuntzak ekarri dizkioten egileez, bereziki XX. mendearen hasierakoez, eta Andre Breton kokatu du horien artean. Etxarte: «Surrealistek zentralitatea eman zioten mundua aldatzeari bere lurralde guztietan; tartean, intimitatearenean. Eta bada kontzeptu bat askapen tradizio ezberdinetan inportantea izan dena: topaketa. Topaketa ezinbestekoa da mugimendu askatzaileetan, baita intimitatearen eremuan ere. Eta liburu hau erabat da hori: argazkiak Ernauxen eta Marc Marieren topaketa horien autopsiarako frogak dira ia-ia, eta gero kontaketa dago, nola kontatzen dion norberak bere buruari gertatu den hori».