Literaturia

'Armiarma' ataria: zubi bat literaturaren amaraunera

Aitortza egin diote 'Armiarma.eus' atariari gaur, Literaturian. Susa argitaletxeak sortu zuen webgunea; lehenik, euskal aldizkariak digitalizatzeko, eta, gerora, euskal literaturaren amarauna osatzeko. Asmo bat dute: informazioa denon eskura jartzea.

Patxo Gaztelumendi, Literaturia jaialdiak 'armiarma.eus' atariari egindako aitortza ekitaldian. JON URBE / FOKU
Patxo Gaztelumendi, Literaturia jaialdiak 'armiarma.eus' atariari egindako aitortza ekitaldian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko maiatzaren 30a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ordenagailua edo mugikorra hartu, eta bilatzailean hizkiz hizki idatzi: armiarma.eus. Horretan dabilen bakoitzari, webgunearen goialdean, euskal idazle desberdin baten aipu bat azalduko zaio, eta aipuaren azpian, ausaz egokitu zaion idazlearen izena, letra gorriz. Maria Dolores Agirre: «Ixil une bat arrapatu nionean, diot: Nik ere galderatxo bat egin nai nizuke bada». Hizki gorrietan klik eginez jakin daiteke, esaterako, Agirre Errezilen (Gipuzkoa) jaio zela, 1903an, eta Donostian hil, 1997an. Jakin daiteke idazleak Aukeraren maukera, azkenean okerra antzezlana idatzi zuela, eta jakin idazle hori, Interneteko sare mugagabean, zehazki, non topa daitekeen ere. Armiarma atariaren Literaturaren zubitegian hori eta gehiago jakiteko materiala bildu dute; orotara, 1.116 idazle, 5.328 idazlan, 7.856 esteka, 6.640 kritika, 1.828 aipamen eta 5.587 efemeride. Baina proiektu osoaren atal bat baino ez da hori, askoz ere adar gehiago baititu armiarma.eus atariak. Susa argitaletxeko kideak 2001az geroztik ari dira literaturaren sarea osatzen, «munduko txoko guztietatik» irakur daitezen euskarazko lanak. Egindakoa aitortzeko saria jaso dute gaur Literaturia jaialdian, eta «harrokeriarik gabe, naturaltasunez eta eskertuta» agertu dira. 

Mende honen hasieran, Susa argitaletxeak Ibinagabeitia proiektua sortu zuen: lehenik, Literatur Aldizkarien Gordailua izango zena, eta, gerora, armiarma.eus ataria bilakatuko zena. Baina atzera egin beharra dago gordailuaren sorrera azaltzeko. Patxi Gaztelumendi argitaletxeko kideak kontatu duenez, 1945. urtera atzera egin ere, zehazki: «Gerra askoren ostean, Gernika [aldizkaria] sortu zuten orduan erbestean». Sortzaileen artean zegoen Andima Ibinagabeitia idazlea, eta, hain zuzen ere, Susako kideek haren izena jarri zioten gerora euskal literatura digitalizatzeko abiapuntua izan zen proiektuari; Ibinagabeitia proiektuari, alegia. Baina Gernika-ren ondotik etorri ziren aldizkari gehiago ere: Olerti, Ustela, PottOh! Euzkadi eta Susa aldizkariak tartean, eta beste hainbat gehiago ere sortu dituzte literaturazaleek geroztik, harik eta gizartea Internet erabiltzen hasi zen arte. «Internetekin ia-ia desagertu egingo da aldizkariak sortzeko eferbeszentzia hori, baina Internetek beste aukera bat sortu zuen: egon bazegoena sarean biltzekoa», kontatu du Gaztelumendik.

«Ez genuen soilik argitaletxe bati lotutako bilketa lana egin, aldizkari desberdin asko digitalizatu genituen, eta, beraz, sortzaile askori egin genion lekua. (...) Atzera begirakoa eta oraingoa, guztia batzera jo dugu, eta horrek, urteen poderioz, sekulako oihartzuna izan du»

PATXI GAZTELUMENDI Susako kidea

Literatur aldizkariak digitalizatzen hasi, eta horrekin batera sarean «milaka eta milaka» artikulu, ipuin eta beste biltzen hasi ziren. Adibidez, Gaztelumendik Maiatz aldizkaria ekarri du gogora: «Oraindik bizi da, eta aldiro-aldiro paperean publikatzen jarraitzen du». Pixkanaka-pixkanaka, literaturari buruzko albisteak, agendako kontuak eta efemerideak gehitu zizkioten webguneari, eta 2004. urtean sortu zuten Literaturaren zubitegia izeneko atala: «Idazlearen araberako estekak gehitu genituen hor: loturak idazlearen obrara, osorik dauden liburuetara, literatur kritiketara... Eta, halaxe, lan entziklopediko bati eman genion hasiera». Ordutik, Literaturaren zubitegia-z gain, Euskarari ekarriak atala, Kritiken hemeroteka, Literatur emailuak, Ipuina.eus, euskal poesiaren ataria, euskal antzerkiaren ataria eta beste hainbat atal sortu dituzte, «ekosistema handi bat» garatu arte. «Amaraun bat sortu da, eta horrek egiten du Armiarma literaturaren sare izatea». 

Etengabeko lana

«Transbertsala» izan zen Susa argitaletxekoen iniziatiba, eta Gaztelumendik dio horregatik izan zuela, hasiera-hasieratik, horren harrera ona: «Ez genuen soilik argitaletxe bati lotutako bilketa lana egin, aldizkari desberdin asko digitalizatu genituen, eta, beraz, sortzaile askori egin genion lekua. Gaur egun ere, Kritiken hemeroteka-n astero euskal komunikabideetan argitaratutakoak biltzen ditugu. Atzera begirakoa eta oraingoa, guztia batzera jo dugu, eta horrek, urteen poderioz, sekulako oihartzuna izan du». Hala, Gaztelumendik uste du egindakoak funtzio akademikoa, dibulgatzailea eta soziala bete duela: «Guztion eskura jarri dugu informazio hori guztia». Eta jendeak ekarpenak ere egin ditu, egin dituenez: «Kontaezinak dira 25 urteotan egondako kolaboratzaileak».

Baina nola kudeatu informazio hori guztia eta webgune bakar batean batu? Bada, «24 orduz, astean zazpi egunez eta etengabe» lan eginez. Izan ere, Armiarma ataria kudeatzen dabiltzanek, gaur egun, ez dute inolako diru laguntzarik jasotzen: «Badaukagu horrekin jarraitzeko nahiko gogo eta ilusio, baina gurea bezalako proiektu handiak egiteko baliabideak behar dira». Horretaz ohartarazi nahi izan du Gaztelumendik, eta adierazi, hain zuzen, egindakoaren atzean esfortzu handia dagoela: «Eta esfortzua ez da doakoa». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE