Burdinazko barraz osatutako eta teknologia errudimentarioz apaindutako zutabe moduko bat dirudi geldi dagoenean, baina arnasentzako topagune bat da, berez. Bilbo Arte fundazioak 2023. eta 2025. urteen artean bere nazioarteko mugikortasun eta truke programetan parte hartutako zortzi artistaren lanak bildu ditu Bilboko Uribitarte kaleko aretoan, eta Matteo Vettorello artista veneziarrak sortutako gailu horrek abiatzen du bisita. Arnasketa kontzienterako dispositiboa edo laguntzentzako Gigia lorea deitu du pieza artistak, eta martxan dabilenean nola funtzionatzen duen erakusten duen bideo bat ere jarri diote ondoan. Praktika nomadak 2023-2025 izendatu dute erakusketa, eta azaroaren 9ra arte egongo da zabalik.
Vettorellok ez ezik, beste zazpi artistak ere hartu dute parte proiektuan: Juana Garcia-Pozuelok, Harald Gmeinerrek, Helena Guy Lhommerrek, Caterina Morigik, Victor Ortuñok, Javier R. Perez-Curielek eta Saray Perez Castillak.
Bere diziplina eta estiloa du haietako bakoitzak, baina guztiak dira Bilbo Arteren egoitza eta truke programan parte hartutakoak. Mugimenduan egon izanak batzen ditu, eta horregatik txertatu dute nomadismoari buruzko erreferentzia erakusketako tituluan. Hain justu, egonaldi horietan sortutako artelanak dira orain aretoan ikus daitezkeenak. Gune hauetan egin dituzte artistek artelanak: Veneziako (Italia) Vevilacqua La Masa fundazioan, Austriako Brenz Kunsthaus-en eta Parisko JAD Le Jardin des Metiers d’Art et du Design eskolan, bai eta Bilbo Arte fundazioaren tailerretan ere, egonaldia egitera Euskal Herrira etorritako artisten kasuan.
Austriako Dornbirn hirian jaio zen Harald Gmeiner, 1960an, eta 2023an izan zen Bilbon, Bilbo Arte fundazioko tailerretan lanean. Eta, hain zuzen ere, egonaldi hartan sortutako hainbat margolan jarri ditu ikusgai orain aretoan. Bilbo dute gaitzat guztiek. Energia handiko margolan eta marrazki abstraktu, bizi, koloretsu eta adierazkorrak sortu ditu artistak, eta hiriari eskainitako serie baten parte direla zehazten du aretoko fitxak.

Garcia-Pozuelok, berriz, Bilbo du bizitoki, eta, truke programari esker Parisen izan bada ere, AEBetako iruditeria du inspirazio iturri. Pintura figuratibo zehatza da harena. Urteak daramatza ikus-entzunezko industriaren hegemoniaren ondorioz estetizatutako eta imajinario kolektiboan erabat txertatutako pelikula iparramerikarretan agertzen diren etxebizitzen irudikapenak aztertzen, eta, hain zuzen ere, gisa horretako hainbat etxe ikus daitezke haren koadroetan.
Harriak harrobiari so
Saray Perez Castilla bilbotarrak Venezian egin zuen egonaldia, 2023an, eta bi obra multzo jarri ditu ikusgai erakusketan. Muranoko kristalez egindako zortzi kupulaz osatutako eskultura multzoa da haietako bat, eta bideo instalazio bat da bestea. Pigsoteca Petra deitu du azken lan hori. Lanbro artean bildutako harrobi baten irudiak erakusten ditu proiekzioak horman, eta haren aurrean, ikusle isilak balira bezala, hainbat harrobitan bildutako zortzi harri motaren erreprodukzioak topatuko ditu bisitariak. Sortzaileak urteak daramatza ustiaketa industria hori aztertzen eta halako harrobiek paisaia naturaletan duten eragina lantzen. Oraingoan, nolabait ere, harriak jarri ditu harrobiari begira.
Artistak ez ezik, erakusketa bera ere ibiltaria izango da. Bilbon egon ondoren, Veneziara eramango dute bilduma. Vevilacqua La Masan jarriko dute ikusgai, hain justu ere hirian Veneziako Nazioarteko 61. Arte Erakusketa entzutetsua jarriko duten egunekin bat egiteko moduan. 2026ko irailaren 17tik azaroaren 3ra arte egongo da ikusgai, zehazki.