‘Macbeth’ antzezlana

Arriaga antzokiak ‘Macbeth’ antzezlana taularatuko du otsailaren 7an

Alex Gerediagak zuzendu du Shakespeareren klasikoa, eta Jon Gerediagak moldatu du euskarara.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko urtarrilaren 30a
07:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aski ezaguna da William Shakespeareren Macbeth obra; gehien antzeztu diren klasikoen artean ere badago. 1606. urtearen inguruan idatzitakoa da, eta traizioa eta handinahikeria ardatz dituen istorio bat kontatzen du. Orain, Alex Gerediaga zuzendari bilbotarrak "bere egin" eta "modernizatu" du testua, antzezlana ondu baitu Bilboko Arriaga antzokiak hala eskatuta. Euskaraz eta gaztelaniaz taularatuko dute. “Sorpresaz hartu nuen proposamena, normalean ez baititugu taularatzen gureak ez diren testuak, are gutxiago Macbeth bezalako klasikoak. Nolanahi ere, lanean hasi ahala, ikusi nuen posible zela obra gure egiteko moduetara ekartzea; gure estetikara, alegia”. Macbeth “garaikidea” dela dio Gerediagak. “Ez dago toki eta denbora jakin batean kokatuta”. Aitortu duenez, hiltzaile familia batean kokatu du pieza. Gaur aurkeztu dute, Bilboko Arriaga antzokian.

Hamabi aktore bildu ditu obrak: Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri, Florentino Badiola, Arrate Etxebarria, Sandra Fernandez, Na Gomes, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha eta Maria Urzelai. Losadak egingo du Macbethena, eta Gaztañagak Lady Macbethena; Shakespeareren hizkerara egokitzeko prozesuan daudela aitortu dute biek ala biek. “Shakespeare antzeztea beti da desafioa. Hark duen poesia era natural batean interpretatzea erronka handia da”, aitortu du Losadak. Gaztañagak bat egin du. “Erronka handia da, bai, eta arduraz hartzen dugu. Baina, era berean, lanean jartzean, pertsonaia bat gehiago bihurtzen da: gureganatu egiten dugu, nolabait”.

Otsailaren 7an egingo dute lehen emanaldia, 11:30ean. Eta beste lau saio egingo dituzte euskaraz: hilaren 9an,19:30ean; 10ean, 19:00etan; eta hilaren 11n eta 12an, 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!