Arte Modernoko Bilboko Museoaren mendeurrena izango da protagonista Arte Ederren Museoaren programazioan

Museoa handitzeko lanak urte amaierarako bukatuta egotea espero dute.

Nestor Basterretxea / "Lehen oroimenaren pisua"
2024an 100 urte beteko dira Nestor Basterretxea jaio zela, eta Bilboko Arte Ederren Museoak atzera begirako bat eskainiko dio. JON URBE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko abenduaren 22a
05:10
Entzun

Urte oparoa izango da aurten Bilboko Arte Ederren Museoan. Miguel Zugaza museoko zuzendariak zehaztu duenez, museoa handitzeko lanak 2024. urtea amaitzerako bukatuta izatea espero dute.

Horrez gainera, baina, hainbat erakusketa egingo dituztela iragarri du museoak. Urtarrilaren 23an jarriko dute ikusgai urteko lehendabiziko erakusketa: Out of control. Reports on the Atomic Bomb. Beatriz Caravaggio bideoartistak ondu du, eta ikus-entzunezko bat izango da emaitza.

Hala ere, Ekitaldiartea 1924-1945 izango da urteko erakusketa garrantzitsuena aurten. 2024an beteko dira ehun urte Arte Modernoko Bilboko Museoa zabaldu zela —Bilboko Arte Ederren Museoa egun—, eta, urteurrenaren harira, 1924tik 1945era arteko errepaso zabal bat egingo dute: museoko hamasei areto hartuko ditu erakusketak.

Nestor Basterretxea artista ere duela ehun urte jaio zen. Eta mendeurrena ospatzeko, Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketa zabalduko dute. Otsailean izango da hori, eta artistak 1950etik aurrera egindako lanak erakutsiko dituzte. Pedro Feduchi, Pedro Reula eta Peio Agirre arituko dira komisario lanetan.

Sota familia. Artea eta mezenasgoa izango da museoko beste erakusketetako bat. Ramon de la Sota y Llano enpresak jasotako 50 artelan jarriko dituzte ikusgai.

Aurreko urteetan egin legez, Obra Gonbidatua programa jarriko dute martxan aurten ere. Urtea amaitzeko, berriz, Eduardo Txillidaren eta Godofredo Ortega Muñozen arteko analogia formalei buruzko erakusketak itxiko du BBKateak zikloa: Txillida-Ortega Muñoz. Horiez gainera, bi erakusketa ibiltari ere egingo dituzte: Ukitzeko artea eta Artearen ibilbidea BBK.

190.000 bisitari 2023an

Bilboko Arte Ederren Museoak 190.000 bisitari baino gehiagorekin amaitu du 2023. urtea. Iaz baino %26 bisitari gehiago, alegia.

BBKateak izan da museoaren aurtengo proiektu nagusia: binakako elkarrizketan jarri ditu bere bildumako artisten lanak, eraikin zaharreko aretoetan. Proiektu horren parte da Multiverso beka ere. Aurten, bost artistak aurkeztu dituzte euren lanak: Antoni Abadek, Belarri gorrak; Toni Serrak, Asemanastan. Zeruetako lurra; Mabel Palacinek, Ibilbidea eta The Track; Nadia Hotaitek, Unseasonal Autumn; eta Manu Arregirek, Zahartzaro-harmoniak.

Denera, 4.500 bazkide ditu egun Bilboko Arte Ederren Museoak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.