Artea

Artiumek bere bildumari begiratuko dio 25. urteurrenean, eta artelanak trukatuko ditu Arabako Arte Ederren Museoarekin

Aurelio Artetaren 'Gerraren triptikoa' Artium museoan jarri dute ikusgai, eta Pablo Picassoren 'Mosketeroa pipa eta guzti' Arabako Arte Ederren Museora eramango dute. Bildumaren historia eta bilakaera ardatz izango ditu Artiumen urtemuga ospakizunak.

Gaurtik aurrera Artium museoaren A0 aretoan Arabako Arte Ederren Museoak utzitako hainbat obra ikus daitezke. RAUL BOGAJO / FOKU
Gaurtik aurrera Artium museoaren A0 aretoan Arabako Arte Ederren Museoak utzitako hainbat obra ikus daitezke. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko urriaren 26a
14:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzera begiratzea, sortu zeneko memoria berreskuratzeko; orainari erreparatzea, artelanen esanahiak berriz aztertzeko; eta etorkizunari so egitea, bilduma publikoak gizartearekin duen harremana indartzeko. Hiru oinarri horietan ardaztuta egongo da Gasteizko Artium museoak bere 25. urtemuga ospatzeko ondutako egitarau zabala. Museoaren funtsa izango da ospakizunen protagonista nagusia: 3.000 artelan baino gehiago biltzen dituen bilduma publikoaren jatorria, bilakaera eta etorkizuneko norabidea aztertuko dituzte, eta museoko areto guztietara zabalduko dute programa datorren urteko lehen seihilekoan. Urteurrenaren atariko ekintza gisa, gainera, Artiumek eta Arabako Arte Ederren Museoak elkarren arteko lankidetza abiatu dute, bi bildumen arteko loturak estutzeko eta Arabako ondare artistikoa beste ikuspegi batzuetatik erakusteko.

Elkarlan horren lehen urratsa dagoeneko ikus daiteke: Arte Ederren Museoak utzitako Aurelio Artetaren Gerraren triptikoa lana ikusgai jarri dute Artiumen, eta Pablo Picassoren Mosketaria pipa eta guzti koadroa Artiumetik Arte Ederren Museora eramango dute. Bi obren arteko joan-etorriaren bidez, bi bilduma publikoen arteko elkarrizketa sustatzea dute xede.

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu du Artetaren lana hautatzeko arrazoietako bat haren gaurkotasuna izan dela: «Artetaren obraren indarrak gaur egun bizi dugun egoera politikoarekin hitz egiten du; zoritxarrez, gaur gertatzen ari denari erantzuteko gai den lana da». Gerraren triptikoak gerraren hondamendiari begiratzen dio, eta Gernikako bonbardaketarekin lotura zuzena du. 1937ko apirilaren 26an gertatu zen erasoa, eta 2027an 90 urte beteko dira sarraski hartatik. Artetaren lanak orainaldia ulertzeko «galderak» ere pizten dituela azpimarratu du Herraezek: «Arte garaikideak hainbat garai elkarren ondoan jartzeko gaitasuna du, eta, askotan, oraina berraktibatzeko».

«Arte garaikideak hainbat garai elkarren ondoan jartzeko gaitasuna du, eta, askotan, oraina berraktibatzeko»

BEATRIZ HERRAEZArtiumeko zuzendaria

Picassoren koadroak ere badu bere historia, eta Artetarenarekin elkarrizketan jartzeko aukera ematen du. Mosketaria pipa eta guzti 1968koa da, artistak azken urteetan landutako mosketarien sailekoa. Herraezek azaldu duenez, irudi horiek artistaren beraren irudi heroikoaren aurkako jarrera erakusten dute: jenialtasunaren eta heroismoaren ideiak zalantzan jartzen dituen «antiheroi» baten gisakoak dira. Horrela, Artetaren triptikoaren gerraren dramaren aldean, Picassoren lanak gizakiaren izaerari eta bizitzaren amaierari buruzko beste ikuspegi bat eskaintzen duela esplikatu du. Orain, bi artelanen arteko joan-etorriak balioko du lotura horiek berriz azaleratzeko eta bisitariei bi museoetako bildumak ezagutzeko gonbita egiteko.

Bildumaren jatorriaz hausnarketa

Artiumek 2002ko apirilaren 26an ireki zituen ateak, Arabako Foru Aldundiaren Arte Moderno eta Garaikideko Bilduma zaharreko funtsak oinarri hartuta. Hasierako bilduma hura handitu egin da urteotan, eta gaur egun 3.000 artelan baino gehiago biltzen ditu. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, bilduma bat osatzea ez da soilik artelanak eskuratzea; gizartearen eta garaian garaiko adierazpen artistikoen bilakaeraren berri emango duen ondarea eraikitzea ere bada. Urteurrenak, horrenbestez, galdera batzuk jarriko ditu mahai gainean: zer museo eraiki den 25 urteotan, zer ezagutza sortu eta zabaldu den, eta zer-nolako erakundea izan nahi duen Artiumek datozen urteetan.

Horrekin lotua dago dagoeneko Artiumeko A0 aretoan bisitatu daitekeen obren bilduma. 1966an Orain taldeak Arabako Arte Ederren Museoan antolatutako erakusketaren inguruko artelanak eta dokumentuak jarri dituzte ikusgai. Besteak beste, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elgearen lanak, eta Joaquin Fraile eta Jose Ignacio Vegas Aranbururen artxiboetako materialak bildu dituzte. Frailek Orain taldea sortu zuen Mieg, Ortiz de Elgea, Jesus Etxebarria eta Alberto Schommerrekin batera, eta euskal artearen hizkuntza artistikoen berrikuntzan funtsezko eginkizuna izan zuen XX. mendearen bigarren erdian. Artxiboetako materiala ikertu, katalogatu eta digitalizatu ondoren, museoaren webgunean kontsultatzeko moduan dago.

ARTIUM-25 urte
Artelanekin batera, haien inguruko dokumentazioa bildu dituzte Artiumen, bildumaren testuingurua ulertzeko. RAUL BOGAJO / FOKU

Erakusketan, bildumaren jatorria ez ezik, haren inguruan sortutako memoria ere berreskuratu nahi dute. Artiumek artelanak eta haien dokumentazioa elkarren ondoan jarri ditu, bilduma nola osatu zen eta zer testuinguru artistiko eta instituzionaletan sortu zen erakusteko. 

Bestalde, 2027ko martxoan, bildumaren funtsen berrantolaketa aurkeztuko dute. Erakusketak bildumaren hastapenak eta haren antolaketaren bilakaera aztertuko ditu, 1960ko hamarkadaren amaieratik 1990eko hamarkadara arte. Apiriletik aurrera, berriz, arte garaikidearen erakusgarri diren bildumako lanak jarriko dituzte ikusgai, Artiumeko funtsetan egindako ikerketa berriak abiapuntu hartuta. Besteak beste, museoko erakusketetan parte hartu duten nazioarteko artisten lanak bilduko dituzte, hala nola Maria Garrasalu, Patricia Dauder eta Patricia Esquivias artistenak.

Aurtengo azaroan, I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketa aurkeztuko dute, zeina aurreko udaberrian Veneziako Palazzo Contarinin ikusgai egon zenaren bertsio zabalago bat den. Artiumeko A3 aretoan bisitatu ahal izango da, 2027ko maiatzera arte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA