Artea

Artiumek eta Zas Kultur-ek Ane Berganza eta Jorge Moneo hautatu dituzte egonaldietarako

Bi artistek udan egingo dituzte egonaldiak, Artiumen. Geografiarekin lotutako proiektua garatuko du Berganzak; Moneok «para-zinematografiatik» edango du.

 Iñaki Larrimbe Zas Kultur-eko arduraduna, Jorge Moneo eta Ane Berganza artistak, Ana del Val Arabako Kultura diputatua eta Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria, agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñaki Larrimbe Zas Kultur-eko arduraduna (ezkerrean), Jorge Moneo eta Ane Berganza artistak, Ana del Val Arabako Kultura diputatua eta Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria, agerraldian. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko maiatzaren 26a
12:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Artium museoak eta Zas Kultur Espazioak Ane Berganzaren Salt Lake City Road proiektua eta Jorge Moneo Quintanaren izenik gabeko proposamena aukeratu dituzte bi artistek udan egingo dituzten egonaldietarako. Hautatutako proiektu bakoitzak 1.500 euroko laguntza jasoko du ekoizpenerako, eta bi sortzaileek abuztuan eta irailean egingo dituzte egonaldiak, Artiumen bertan. Horretarako, museoko eta Zas Kultur Espazioko lantaldeen laguntza izango dute. Egindako lanen emaitzak urrian aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Arabako lurraldearekin lotura duten artista berriei zuzendutako ekinaldiak bigarren aldia izango du aurten, eta, guztira, hogei proposamen jaso dituzte, iazko halako bi. Antolatzaileen arabera, datu horrek agerian uzten du Arabako sorkuntza garaikidea «dinamikoa» dela, eta sortzaile gazteek halako proiektuen beharra dutela. «Artista berrien bidea mendiko eskalada bat da, eta sortzaileek euskarriak behar dituzte gora egiten jarraitzeko. Deialdi hau horixe da, sostengu puntu bat», azpimarratu du Iñaki Larrinbe Zas Kultur-eko arduradunak.

Lurraldea eta zinema

Ana Berganzaren (Bilbo, 1999) praktika artistikoa performancearen eta bideoaren inguruan kokatzen da, ikus-entzunezkoa hizkuntza, objektu eta espazio-gailu gisa ulertuta. Bere lanetan, sarri, irudiaren eta erakusketa espazioaren arteko harremana aztertzen du, eta proiekzioa bera obraren parte bihurtzen. Egonaldian garatuko duen proiektuaren ardatza Garoñako Larrialdi Nuklearreko Planarekin lotutako errepide sarea eta Arabako lur-bideetan zehar egindako desplazamenduak izango dira. 

«Asmoa da bideo lan bat sortzea jendeak egunero erabiltzen dituen errepideak beste modu batean irakurtzeko»

ANE BERGANZAArtista

Berganzak urtebete inguru zeraman lurraldearekin eta geografiarekin lanean, harik eta AEBetan egindako egonaldi artistiko batek bere lan egiteko modua birpentsatzeko aukera eman zion arte. Gerora, Arabako Añanako kuadrillan lanean jarraitzea erabaki zuen, bere haurtzaroko parajeetan oinarritutako ikerketak garatzeko. Salt Lake City Road proiektuaren abiapuntua abandonuaren eta erabilera ezaren artean dauden larrialdi nuklearreko errepideak dira; bide horiek, haren ustez, «memoria, paisaia eta erabilera instituzionalaren arteko tentsioa» erakusten dute. 

Egonaldian, errepide sare horretan barrena grabazioak egingo ditu, eta ondoren ikus-entzunezko pieza batean berrinterpretatuko: «Asmoa da bideo lan bat sortzea, eta jendeak egunero erabiltzen dituen errepide horiek beste modu batean irakurtzea».

«Filmak pantailatik harago eramatea interesatzen zait: paperera, hormara edota instalazioetara»

JORGE MONEOArtista

Jorge Moneo (Gasteiz, 1988) artistak, berriz, zinemaren eta praktika artistiko garaikideen arteko mugan kokatzen du bere lana. Egonaldirako aurkeztutako proposamena ez da obra itxi bat, artistak esplikatu duenez: «Egia esan, ez da proiektu zehatz bat, baizik eta azken urteotan ireki diren hainbat lan ildoren elkargune bat». Haren esanetan, egonaldiak aukera emango dio orain arte etenda geratu zaizkion prozesu horiei denbora eta arreta eskaintzeko.

Artista gasteiztarraren egitasmoak «para-zinematografiatik» edango du, hau da, zinema tradizionaletik at geratzen diren forma eta dispositiboetatik. «Filma pantailatik harago eramatea interesatzen zait: paperera, hormara edo instalazioetara». Objektuak, irudia, soinua eta testua bere ikerketaren parte izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA